Iñaki Olazabal eskultoreak (Andoain, Gipuzkoa, 1959) Arrakalak lana eraman du Iruñeko Ziudadelako Labea aretora. Zinkezko kono batez eta bost poliedroz osatutako eskultura multzoa da, eta arazo sozialen inguruan gizarteak duen jarrera irudikatzen du. Izan ere, «gizakiok beste aldera begiratzen dugu ikusten duguna gustuko ez dugunean», Olazabalen hitzetan. Eskultoreak bisitariengan gogoeta piztea du helburu obra horrekin: eskulturei begiratzearekin batera, beren buruari eta inguruari begiratu diezaiotela: munduan gertatzen ari diren pitzadurei.
Sei eskulturak osatzen dute instalazioa. Pieza nagusia aretoaren erdigunean dagoen pendulu handi bat da: sabaitik zintzilik dago, eta azpian duen oinarri zirkularra sei zatitan apurtu duela dirudi. Pieza horrek «arrakalen sustraia» sinbolizatzen du, artistak azaldu duenez. Sustrai horrek gauza asko irudika ditzakeela esan du: «Badu izatea bonba bat, edo etxe baten erortzea... Irakurleak bukatu behar du irakurketa».
Penduluaren inguruan, zinkezko bost pieza poliedriko daude, horman zintzilik; soldatuak daude, eta grafismoak dituzte. Bost maskara irudikatzen dituzte, eta begiak egur zati batekin estaliak dituzte. Guztiak erdigunera begira daude; pitzadurak dauden tokira, hain zuzen.
Gizakiek egun arazoen aurrean duten portaera irudikatu nahi izan du Olazabalek pieza horiekin: «Gu denok ingurura begira gaude: periodikoa irakurtzen dugu, telebistan eta Interneten notiziak ikusten ditugu egunero; badakigu zer gertatzen ari den. Baina, ez zaigunez gustatzen ikusten duguna, begiak estaltzen ditugu». Batik bat nazioarteko arazoei egin nahi izan die erreferentzia, eta, asko dauden arren, batzuk aipatu ditu: «Siriako gerra, Israel eta Palestinaren arteko gatazka, immigrazioa... Arazo handiak».
Alemanian eskultore gisa igaro zuen garaian —1991tik 1993ra— hasi zen Olazabal gizartearekin lotutako gaiak eta aldarrikapenak eskulturetan sartzen. «Joseph Beuysek gai sozialekin lan egiten zuen, eta nik harengandik edan nuen», azaldu du. Hala ere, obra bat sortuz joaten den heinean pizten zaio zerbait esateko grina, eta hori lanean islatzen saiatzen da. «Maketa batetik hasi beharrean, zuzenean obrarekin hasten naiz, eta obrak berak erakusten dit bidea».
Gogoeta pizteko
Olazabalek Ziudadelako Labean kokatu dituen piezek osotasunean baino ez dute hartzen zentzua, hark azaldu duenez: «Denak talde moduan funtzionatzen du». Horrez gain, instalazioa osatzeko, EHUko Estetika eta Artearen Teoriako irakasle Fernando Golvanoren testu bat dago irakurgai. Honela laburtu du Golvanok Olazabalen obraren funtsa: «Horixe litzateke ekintza eskultorikoaren xedea: gure esperientzia konplexuagoa bihurtzen duten harridura eta paradoxa bisualak sorraraztea».
Izan ere, ikusleengan gogoeta eragitea da Olazabalen helburu nagusia; haiek obraren interpretazio pertsonala egin eta ondorioak atera ditzatela. Olazabal: «Arteak mahai gainean jartzen ditu gauzak, eta denok ezberdinak garenez, irakurketa guztiak ezberdinak dira». Horrek ematen dio, haren hitzetan, zentzua arteari.
Preseski, eskultoreak kontatu du zenbaitetan ikusleek aurkitu dituztela obretan berak aurretik ikusten ez zituen xehetasunak edota interpretazio berriak, eta «oso positibotzat» jo du hori. «Norbaitek obraren inguruko iruzkin bat egiteak asko aberasten nau ni, gauzak ez direlako modu zehatz batekoak; artea ez da hori».
Zinka du lanabes
Hasieran, burdina zen Olazabalek gehien erabiltzen zuen materiala; baina, ondoren, Alemanian pasatu zuen garaian, zinkarekin lan egiten hasi zen, material hori arinagoa delako. Ordutik, hori du lanabes nagusia. Soldadurak egiteko, berriz, eztainua erabiltzen du. «Oso nabarmenak egiten ditut soldadurak, erraz ikus dadin non jartzen dudan eztainua», azaldu du. «Horrek aukera ematen dit grafismoak egiteko eskulturaren azalean, eta horrela lortzen dut pieza guztiak ezberdinak izatea». Ondoren, patina bat ematen die piezei, eta gris tonu ezberdinak hartzen dituzte. Azaldu duenez, askok pentsatu ohi dute bere eskulturak harrizkoak direla, oso sendoak eta pisutsuak diruditelako. «Baina ez dira harrizkoak; nire trikimailua da».
Material horiei eta Ziudadelako Labea aretoaren ezaugarriei esker Arrakalak obrak indar handia hartu duela uste du. «Nik nahi dudana da nire lanek kolpe bat sortzea lehenengo begiradan, hori baita ikuslearen buruan geratzen dena. Horretarako, obrak potentzia izan behar du», adierazi du. Oraingoan lortu egin duela uste du.
Instalazioa espresuki areto horretarako sortu du, eta gelaren forma borobilak aukera eman dio eskultura multzoari forma bera emateko. Hortaz, kokapenarekin «pozik» dagoela dio. Iaz egin zuen obra hori sortzeko proposamena, eta Iruñeko Udalak baiezkoa eman zion. Pieza nagusia aldez aurretik egina zuen, eta beste toki batzuetan erakutsia; maskarak, berriz, aurrerago egin zituen. Orotara, urtebete eman du instalazioa sortzen. Irailaren 9ra arte egongo da ikusgai Ziudadelako Labea aretoan.
Arrakaletan jarri du begirada
Iñaki Olazabalen 'Arrakalak' instalazioa ikusgai dago Iruñeko Ziudadelan. Egungo gizarteak arazoen inguruan duen jarreraren kritika da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu