Azkenekoz 2019an zapaldu zuen Printzipal antzokia Arabako Bertsolari Txapelketak. 2022an Europa Biltzar Etxean egin eta gero bueltatu dira bertsolariak bertara txapelketaren 40. urteurrenean. Sei bertsolariak dira aurretik finalean aritutakoak, eta seitik lau txapeldun izanak. Saioan askotariko apustuak entzun dira bertaratutako 700etik gora bertsozaleen artean. Azkenean Aroa Arrizubietak irabazi du txapela, buruz burukoa Manex Agirrerekin jokatu ondoren, puntu bakarreko aldeaz gailendu da gasteiztarra. Atzetik sailkatu dira Paula Amilburu, Peru Abarrategi, Asier Otamendi eta Iñaki Viñaspre, hurrenez hurren. Puntu gutxiren artean sailkatu dira aurreneko bost bertsolariak, eta buruz burukorako lehia ere estua izan da.
Aretoa beteta eta pankartaz apainduta zegoen saioa hasterako, eta 17:30 pasatxoan agertu da Nieves del Alamo aurkezlea oholtzara. Ondoren, Oier Suarez gai emailearen atzetik sartu dira sei bertsolariak.
Hasierako agurretan, ohi bezala, bakoitzak bere gorputzaldiaren berri eman du, eta zortziko handiko ofizioekin ekin diote saio puntuagarriari. Arrizubieta eta Abarrategiren artekoa eta Agirre eta Amilbururen artekoa izan dira borobilenak. Aurreneko biak AHTaren obrei begira dauden bi adineko izan dira, trena pasatzen sekula ikusiko ez dutela elkarrekin komentatzen, hala ekin dio ofizioari txapeldunak: «abiadura handiko trena/ deituko dute agian/ baina ez doa dirudienez/ hain abiada handian». Zorrotz erantzun dio Abarrategik trena ez baina dena nola izorratu duten ikusi dutela esanaz honako hau ere esan du gero: «eta jakizu urte askotan/ antzeratsu du segiko/ susmoa daukat ilobek ere/ ez dutela ikusiko».
26 urtez elkarrekin egon ostean banandu egin diren bikotea izan dira Agirre eta Amilburu. Dibortzioaren papera sinatu eta elkar besarkatu dute. Halaxe hasi zuen ofizioa Agirrek: «ez nuen uste zu sentitzea/ gaur ahalik eta gertuen/ besarkada hau gogorra izan da/ baina Paula behar nuen». Eta elkarrizketa sakona eta gero hala amaitu du Amilburuk: «bizitzan gauzak noizbehinka horrela/ direlako beharbada/ gonbidapena jasoko duzu/ nire hurrengo ezkontzara».
Hamarreko txikiak dirdira askorik gabe igaro dira, baina seiko motzean jo du goia saioak. Umorezko ofizioak egin dituzte hiru bikoteek, gai emaileak jarritako gai fantastikoetatik abiatuta. Asterix eta Obelix izan dira Arrizubieta eta Agirre; Mari Errauskin eta Edurne Zuri Abarrategi eta Viñaspre; eta Barbie eta Ken Amilburu eta Otamendi. Azken hori izan da bereziki txalotua, Amilbururen ariketa onena izan dela ere esan daiteke.
Barbie eta Ken
Azkenaldiko gehiegizko ospearekin nazkatuta, elkarrekin Barbieren karabanan joan dira egun batzuetarako, eta, antza denez, intimitatean ez dute horren bizitza perfektua. Kamiseta ezin badu Ken komeriak izango dituztela esan du Amilburuk saioa hasteko, eta erantzun hau eman dio Otamendik: «Barbie usaina ardi usaina/ bihurtu da hemen». Honako bertsoa bota du Amilburuk, gero: «Usainezko nire pussy/ ardi usaina nagusi/ ta zurea zer? enbalautako/ ai txitxi burduntzi/ ni ibiltzeari utzi/ hau ez indar ez luizi/ egin zintuzten bizkar gehiegi/ eta gerri gutxi». «Lasai Barbie ni beti izango naiz/ zure bizkarroia» erantzun dio Otamendik eta horrela biribildu du ariketa aramaikoak: «gizona egin dituzte eta/ behar zara landu/ orain behar zaitut saldu/ Barbieak Barbie berhar du/ bollerismoa probatzekotan/ ez da inoiz berandu».
Ofizio bien artean bina puntu erantzun kantatu behar izan dituzte bertsolariek. Aktualitateko gaiak izan dira nagusi erronda horretan: Hauteskundeak, Osakidetzaren egoera, Martxoaren 3a… Ale politak entzun dira.
Bakarkakoen txanda izan da gero: abiapuntu bana eman diete bertsolariei, eta bi bertsotan bakoitzak berea sortu du. Ariketa politak egin dituzte oro har. «Bizitza antzerki bat da. Egoera batzuetan daramazun maskara aldatu nahi duzu» izan da Arrizubietari jarri diote gaia eta honako bukaera biak kantatu ditu: «besteentzako ez dudalako/ sekula aurpegi txarrik/ eta ondoren negar egiten/ dut nere gelan bakarrik» eta «ispilu aurrean jarri/ nire beste ni delako hori/ nire aurrera ekarri/ sentitzen dugun guztia esan/ diezaiogun elkarri».
Viñaspreri gai hau jarri diote, eta berau izan da bere ariketarik biribilena: «Gaur aspaldiko partez pilularik hartu gabe lo ein ahal izan duzu» apaiz eskolan abusuak sufritutako pertsona baten lekuan kokatu du bere burua eta hala bukatu du lehen bertsoa: «bart bere eskela aurkitu nuen/ egunkarian barrena/ lo egiteko segurtasuna/ da botikarik onena». Eta hala amaitu du bere azken bertso puntuagarria: «Pena bakarra daukat barruan/ ez sufritzea gehiago/ ta infernuan aurkituko da/ zerurik baldin badago».
Puntu bakarrean txapela
Lehenengo zatia amaituta hasi da buruz burukoa. Aroa Arrizubieta eta Manex Agirre sailkatu dira, eta Iparragirre abila dela doinuan egin dute ofizioa haur eskola bateko bi panpinaren lekutik. Ganbarakoaren txanda izan da gero, «Bizitzak bigarren aukera eman dizu» izan da jarri zieten gaia. Bere buruaz beste egiten ahalegindu da pertsonaren lekutik kantatu du Arrizubietak, eta Korrikarekin batera Santiago zubia igaro duen migrantearen paperetik Agirrek.
Ariketa puntuagarriak amaituta, agurren txanda izan da emozioz betetakoa. Agirrek bere azken txapelketa izan dela iragarri du puntu hauen bidez: «nik txapelketa hemen uzten dut/ badu zati bat tristetik/ baina zuek lasai enaiz egongo/ isilik ta ahapetik/ gauza ederrenak beti irteten/ dira itzalen artetik».
Bertso eskolen sortzailea izan den eta 1984ko lehen txapelketa hartan bertsotan aritu da Xabier Ricok jantzi dio txapela Arrizubietari. Hau izan da txapeldunaren agurra: «Promesa haundiz ahoak betez/ ari dira bonbak lehertzen/ eskubideak murrizten eta/ jendea etxegabetzen/ nola nahi dute honen aurrean/ geldi geratu gaitezen/ nahiz ta betatzen ari zaizkigun/ berdin Bilbon zein Gasteizen/ sinisten dugun honetan irmo/ dihardugu GKSn/ politiko ta enpresen/ aurrean altxatuz ezen/ egungo gazte belaunaldien/ zeregina ez ote zen/ borrokatzea bihar gaur baino/ hobeto bizi gaitezen».
Puntuazioa
- Aroa Arrizubieta Barredo. 614,5 puntu.
- Manex Agirre Arriolabengoa.613,5 puntu
- Paula Amilburu Izargarai. 415 puntu.
- Peru Abarrategi Sarrionandia. 412,5 puntu.
- Asier Otamendi Artaza
. 410,5 puntu.
Iñaki Viñaspre Simon. 381,5 puntu.