Estu joan da Arabako Bertsolari Txapelketako finalerdietarako bigarren aukera lortzeko lehia. Aroa Arrizubieta Barredo nagusitu zen atzo Oionen jokatutako final-laurdenetako saioan. 262 puntu lortu zituen, eta zuzenean pasatuko da finalerdien fasera haiei esker. Bi puntu eta erdi gutxiagorekin, bigarren eta hirugarren sailkatu ziren Xabi Igoa Eriz eta Manex Agirre Arriolabengoa (259,5). Maddi Agirre izan zen laugarren (241,5), Rikardo Gonzalez de Durana bosgarren (234,5) eta Orlando Arreitunandia seigarren (226).
Hurrengo igandean jokatuko da hirugarren eta azken final-laurdeneko saioa, Laudioko Kasinoan. Sei bertsolari arituko dira bertan kantuan: Asier Otamendi Alkorta, Felipe Zelaieta Txurruka, Izar Mendiguren Cosgaya, Iñaki Viñaspre Simon, Matin Abarrategi Sarrionandia eta Unai Anda Delika. Eta saio horretan ebatziko da zein hamabi bertsolari pasatuko diren finalerdietara.
Finalerdietako saioak
Oraingoz, Peru Abarretegik eta Aroa Arrizubietak lortu dute zuzenean sailkatzea, eta finalerdietara pasatuko da Laudion punturik gehien lortzen dituen bertsolaria ere. Puntuazio taula orokorraren arabera erabakiko da zein beste bederatzi bertsolari sailkatuko diren. Aramaion izango da lehen finalerdia, otsailaren 24an, eta Dulantzin bigarrena, martxoaren 2an. Eta bi horien arabera erabakiko da finaleko seikotea. Gasteizen izango da kantaldi hori, martxoaren 16an.
Hurrengo final-laurdena falta delarik, beraz, hau da final-laurdenetako puntuazio taula orokorra, oraingoz:
Sailkapena