ETAren amaiera abiapuntu gisa hartuta, hainbat kulturgileri obra bat sortzeko eskatu die BERRIAk. Jule Goikoetxearen poema da hau:
Big-banga, Homo Sapiensa, Homero,
[esklabotza, Gentileschi, inkisizioa, iraultza
[frantsesa eta sobietarra, deserria, bi mundu
[gerrak, kartzela, Franko, Burgoseko
[prozesua, tortura, Ducadosaren kea
egunen zahartze klandestinoa
erritmo armatua
horiek nire aurrekariak
iragan heze eta ilunetik zetorren etorkizuna,
[Urederraren jarioa, nafartarren begirada
[odolustua, lur errearen garrasia
halakoa da euriz, burdinaz eta zomorroz
[egindako industrializazio berantiarra
iraultza ailegatu bitartean, emantzipazioa
[azkenekoz agurtu genueneko erresakak
[eman zigun identitatea
baina zer litzateke gure bizitza pertsonala,
[miliekin eta polimiliekin hezi izan ez bagina
amarra politikorik gabeko lurralde batean
[jaio izan bagina
galdera deserosoak exiliatzen direnean,
[ergeltasuna konstitutibo bilaka daiteke
eta paradigma zaharren izerdia malko
aro berri gerra zahar
tautologia baita esatea garaileek idazten
[dutela historia, historia garaileen ideologia
[da, horregatik doaz zintzoak paradisura eta
[gaiztoak edonora,
edo Espainiara, airerik gabeko zulo
[beltzetara, menderakuntzaren hesteetara
jada ez gara hain gazteak, zioen birramonak,
bost milurteko ditugu, ezin dugu ezer
[baztertu
armak ezkutatu
ez urtu
herri egoskor honetan hazitako gorputz orok,
guda hotz betierekoan sortuagatik, sorginen
[jakituria du odol
nahiz eta jakin badakigun ez dela berdina
[jakitea
eta ezagutzea
ezagutuz aldatzea baldin bada gure patua,
[utopien konfrontazioa da zergatia
haien sustraiak gure diskurtsoan lotuz,
[nahiaren gudaz errealitatea sortuz
konponezina den gerraren fase gorena bilaka
[ez dadin euskalduna
gatazkaren ardatz berriak asmatzea izan
[behar da gure premia
hiztegi berririk gabeko utopiekin amaitzen da
[gerra
baina gerrarik eza ez da bakea
gure herri kultura babarrunek, trikitixak,
[metalurgiak, wasapak
eta erresistentziak osatzen dute
kabroiez inguratuta bada ere, duintasunez
[bizirauteko artea baita erresistentzia
politikotasuna haragitua dugu baina neke
[historikoa pasio kolektibo bihurtu beharko
[dugu
herri bilakatu zen
izarren hautsa egun batean
atzerriko orbita militarren pean
eta horrela borrokatzen gara, atsedenik hartu
[gabe baina poteak ahaztu gabe
nahiz eta jakintza unibertsala bezain
[deserosoa den mozkor borrokatzea
jakin badakigu bizia bizitzen jokatu behar
[dela
saia gaitezen, gauden tokitik, enpatia
[humanoa eta mesfidantza historikoa
[uztartzen
saia gaitezen sinpatia politikoa malgutasunez
[egituratzen
eragindako eta pairatutako mina era
[anitzetan sendatzen
beldur existentziala argudio moralekin ez
[disimulatzen
iragana orainalditik egin beharko dugu
memoria politikoak arogintza berri bat
[eskatzen du
ezin dugu purutasuna erroekin nahastu
pragmatismoa sinplifikazio ideologikoarekin
gure gorputz kolektiboa txikitatik zizelkatzen
[duten kolpe berberek
ahalbidetzen dute gerora gure askatasun
[politikoa
herri honen utopiek iragana dute iturri
etorkizuna abiaburu
oraina helburu
ez kezkatu beraz, jakin badakigu
bizikidetza ez dela maitasuna
maitasunak herri hau merezi duela
herri honek xede zaharrak desio berriekin
[argitu ditzakeela
gure esku dago
begirada galdua estrategia bilakatzea
burujabetza fraktala mamitzen hastea