Nafarroako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak eta Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak Lesakako (Nafarroa) Mairu antzerki tailerrari emango diote Arnasguneak antzerki beka. Taldeak 23.000 euro jasoko ditu Intxaurrak antzezlana sortzeko eta ekoizteko. Manex Fuchsek zuzenduko du obra, euskararen arnasguneen garrantzia jorratuko du, eta azaroan estreinatuko dute, Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketetan (Gipuzkoa).
Mairu antzerki tailerreko Gaizka Sarasolak gogora ekarri duenez, taldeak hogei urte baino gehiagoko ibilbidea egin du, eta, hain zuzen ere, euskarari lotutako egitasmo batetik abiatuta sortu zuten, Bortzirietako Euskara Mankomunitateak antolatutako ikastaro baten inguruan. Antzerki «herrikoia» egiten dute, komunitateari eragiten dioten gaiei begiratuz eta tradiziotik elikatuz. Hala, arnasguneen gaiak ere izaten du tokia haien lanetan: «Kontziente gara gure inguruan euskara osasuntsu dagoela, baina sintomak edo kezkak ikusten ditugu».
Bada, sintoma horiei begiratuz onduko dute Intxaurrak lana. Sarasolak kontatu duenez, laneko protagonista gaixorik egongo da, baina ez du bere osasun egoerak arduratuko, etxeko intxaurrondoarenak baizik: arbolak ere gaitza izango du, eta kezka, gaixotasunarekin batera, protagonista itoz joango da. Antzezlanaren oinarria «biziberritzearen beharra» izango da, baina beste batzuk ere izango dira. «Herri txikien ezaugarriak, kezkak eta premiak; mugaren kontzeptua; iragana, etorkizuna, oraina; zauriak, minak; umorea...».
Formari dagokionez, errealismo magikoan oinarrituko dira, eta «irudi poetikoa» landuko dute: «Testuaren musikaltasunari eta poetikotasunari garrantzia emango diegu, baita soinuari eta argiari ere». Egin beharreko bideari dagokionez, «ardura» dute, «baina batez ere ilusioa».
Arnasguneen garrantzia
Arnasguneak beka Nafarroako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak eta Uemak 2019an sortutako Arnasa Gara programaren barruan dago, eta egitasmo horren helburu nagusien artean daude udalerri euskaldunek eta arnasguneek euskarari egiten dioten ekarpena nabarmentzea eta herritarrak kontzientziatzea.
Ana Ollo Kultura kontseilariak halako proiektuek Nafarroan duten garrantzia azpimarratu du, eta esan du Nafarroako Gobernuaren Euskararen Plan Estrategikoaren helburu nagusietako bat dela, hain zuzen ere, euskararen arnasgunetzat hartzen diren udalerrietan hizkuntzaren egoera hobetzea.
Bestalde, Bingen Zupiria Jaurlaritzako Kultura sailburuak gogora ekarri ditu Arnasa Gara kanpainak 2019tik egindako urratsak: «Hainbat kanpaina egin ditugu arnasguneek euskara biziberritzeko prozesuan duten garrantzia azpimarratzeko. Eremu horietan bizi diren herritarrak kontzientziatzea eta ahalduntzea izan dugu xede». Udalerri horiek txikiak izan ohi direnez, garrantzizkotzat jo du egitasmoekin, hirietara ez ezik, herri txikietara ere iristea.
Azkenik, Uemaren izenean, Aitor Elexpuru Berako alkateak esan du arnasguneak sendotzeko beharra izan dela beti Uemaren aldarrikapen nagusietako bat, eta poza adierazi du erakundeek horrekin bat egin izanagatik.
Arnasguneak beka, Mairu taldearentzat
Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Uemak sortu dute beka. Lesakako konpainiak 'Intxaurrak' lana onduko du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu