Giza Eskubideen 18. Zinemaldia

Armendariz eta Oria, «galderak» egiten dituen zinema baten alde

Montxo Armendariz zuzendaria eta Puy Oria ekoizlea, atzo goizean Donostian egindako agerraldian. GORKA RUBIO / FOKU.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2021eko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
Montxo Armendariz zuzendariaren eta Puy Oria ekoizlearen ibilbideari aitortza egin dio aurtengo jaialdiak, eta biek elkarrekin jaso zuten atzo festibalaren ohorezko saria. Esker oneko agertu zen Armendariz goizean egindako agerraldian, bai saria Donostian jasotzeagatik —«bigarren etxetzat» jo zuen hiria—, bai Oriarekin batera jasotzeagatik. Izan ere, nabarmendu zuen biek modu berean ulertzen dutela zinema: «Zinemak, entretenitzeko ez ezik, gure historia eta bizi dugun errealitatea jasota uzteko ere balio behar du, eta gizarte hobeago, justuago eta apur bat humanitarioago bat lortzen laguntzeko ere bai». Oriak ere eskertu zuen sariarekin ekoizleen lanari ikusgarritasuna eman izana, eta Armendarizek eta biek elkarrekin egin duten ibilbidean zinema «ahalik eta pertsonal eta gizatiarrena» egiten ahalegindu direla adierazi zuen.

Tasio (1984), 27 horas (1986), Las cartas de Alou (1990), Historias del Kronen (1995) eta Secretos del corazón (1997) zuzenduak zituen Armendarizek, eta ¡Dispara! (1993), La pasión turca (1994), La ley de la frontera (1996) eta Profundo carmesí (1996) filmetan ekoizle lanetan aritua zen Oria, 1999an elkarrekin Oria Films sortu aurretik. Bertan, zuzendariaren beste hainbat film ekoitzi zituzten ondorengo urteetan, hala nola Silencio roto (2001), Escenario móvil (2004), Obaba (2005) eta No tengas miedo (2011). Beren filmetan «erakutsitako konpromiso soziala» aitortu nahi izan die jaialdiak sariarekin.

Hain zuzen, bi sarituek aitortu zuten ez dela erraza izan halako istorioak kontatzen dituzten filmak aurrera ateratzea, ezta gaur egunean ere. Armendariz: «Uste dut, ez zineman bakarrik, oro har gizartean, gero eta gehiago nagusitzen ari dela kontsumismoa; azkar saltzen duen hori, galderak egiten dituen eta ikusleari parte hartzeko eskatzen dion horren parean. Ildo horretan, edukiagatik gero eta gutxiago eta etekin ekonomikoagatik gero eta gehiago kezkatzen den gizarte baterantz goazela uste dut, eta hori zinemaren kalterako ere badela».

Horregatik, komertzialaz bestelakoa den zinema bat egin nahi duten gazteek bultzada bat merezi dutela aldarrikatu zuten biek. Ikus-entzunezkoetako bere ikasleei eskaini zien Oriak saria, eta «askotarikoa eta gizatiarra» den zinema egiten jarraitzera animatu zituen. «Hori da egin nahi dutena, baina hasteko oso zaila dute. Inportantea da haiek ispiluak izatea; oxala Armendarizen eta beste askoren lanak bidea abiatzeko lagungarriak izatea haientzat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.