Dinamita eta metrailetak» hartuta, «finalaurrekoen azken bataila lehertzeko» asmoa zuela kantatu zuen Eneko Fernandezek Agoizko (Nafarroa) saioaren hasieran. Nafarroako Txapelketako azken finalaurrekoa irabazita, Iruñeko finalean kantatuko du Fernandezek. Finalaren aurreko azken saioa zela igarri-igarrian, giro berezia sortu zuten Agoizko Kultur Etxea bete zuten zaleek. Haren atzetik sailkatu ziren Aimar Karrika, Julen Zelaieta, Oier Lakuntza, Joanes Illarregi eta Patxi Castillo.
Zortziko handian kantuan jarri zuen seikotea Fernando Anbustegi gai jartzaileak. Aurreko saioetan baino «lasaiago eta kontzentratuago» aritu zen Fernandez, eta «beteta» zegoen puntuazioak entzun aurretik ere. 50 urte inguruko bi emakume ziren Fernandez eta Lakuntza. Herriko festetan emakumeak etxera laguntzeko talde batean izena eman zuten. Zorrotz ekin zion Fernandezek: «Bertan izena emana dugu/ jendea lasaitzearren,/ gaur egunean hau egitea/ tamalgarria den arren». Hari horri tiraka jarraitu zuen Lakuntzak: «Kontua ez da izena eman beharra/ era hontako talde baten.../ Baina beste ze aukera dau gaur/ gazteek goza dezaten?». Eraso bat salatzeko elkarretaratzera joan behar zutela kantatu zuen Lakuntzak, eta Fernandezek itxi zuen saioa: «Etxeratzean libre behar da,/ ez dugu ausart izan nahi». «Nahiko gustora» aritu zen Lakuntza ofiziotako lanetan, eta «pozik» zegoen igandeko finalaurrekoan egindako lanarekin.
Astea «tentsioan» eman zuen Zelaietak, eta tentsio horrekin egon zen saioan ere. Txukun aritu zen, hala ere, eta finalerako sailkatu zen. «Pozik» zegoen Castillo ere, txapelketako beste saio batzuetan ez bezala nahi zuen hori kantatzea lortu zuelako. Zortziko handian, adinean gora doazen bi lagunen azalean jarri zituen gaiak Zelaieta eta Castillo. Bizi osoan lanean aritzeagatik nekatuta egon arren, urte dezente falta zitzaizkien erretiratzeko; haien seme-alabak langabezian zeuden oraindik. Bizi hasi zen Castillo: «Pena bat badut nik lanpostutzat/ ez dut estibadorea./ Horrela behintzat semeentzako/ nun lanpostu on bat gordea». Horri segitu zion Zelaietak: «Nik entxuferik ez dut nahi Patxi,/ gauza horiek alde, alde./ Postua eurek lor dezatela/ nire laguntzarik gabe». Horrela amaitu zuen Castillok: «Benga isildu gaitezen eta/ lanera itzuli Julen,/ ea ez gaituzten gu kaleratzen/ gu jubilatu baino lehen».
Bere burua «lotuta» sumatu zuen Karrikak, «ideiarik ezin ekarrita». Finalerako sailkatuta, igandeko saioaren «alde onari» begiratu, eta «plaza gozatzera» joan nahi du Iruñera. Zortziko txikia umorerako baliatu zuen seikoteak. Herriko festetan goiz esnatu zen Karrika, aizkolariak aritu zitezen kaleak garbitzeko. Kalera irtendakoan, parrandan ari zen Zelaieta aizkolariarekin topo egin zuen. Bizi hasi zen Karrika: «Nola ibiliko zara/ atarramenduan?/ Zerrautsa besterik ez/ baduzu buruan?». Zorrotz segitu zion Zelaietak: «Baina ni izanik hain/ aizkolari handi,/ bentaja utzi behar zaio/ arerioari». Agoizko festetara «lanera» joan zela kantatu zion Karrikak, eta horrela erantzunda amaitu zuen ariketa Zelaietak: «Hain gizona bazera/ irain horien truk.../ Hamabitan frontoian/ ikusi nahi zaitut». «Nahiko ongi» aritu zen Illarregi; «bereziki gustora» jardun zen bakarkako lanaren aurreko ariketetan. Zortziko txikian Fernandezekin kantatu zuen Illarregik. Bikotea aurkitzeko telebistako programa batetik deitu zuten Fernandez, berak izena eman ez zuen arren. Haren ama Illarregi urduri zegoen, semeak zerbait sumatuko ziolakoan: «Nik ezin dut gehiago/ egoera honekin.../ Soltero ta nire etxen/ berrogei urtekin». Bizi erantzun zion Fernandezek, amak «etxetik bota» nahi zuela kantatuta. Horrela biribildu zuen bertsoaldia Fernandezek: «Ba goazen elkarrekin/ eskutik hartuta,/ zuk ere ama norbaiten/ premia duzu ta».
Seiko motzean eztabaida eta hausnarketarako gaiei kantatu zieten bertsolariek. Haur bat harreran hartu zuten Zelaietak eta Fernandezek, ustez bi hilabeterako. Epea pasata, familia biologikoak uko egin zion haurrari, eta adoptatu egin nahi zuen Zelaietak. Zalantzak zeuzkan Fernandezek. Zelaietak txukun ekin zion: «Guraso gisa gaitu gu,/ hain sentitzen da seguru.../ Ta orain nola emango dugu?/ Zailena egin dugu». Fin erantzun zion Fernandezek: «Zalantza badut tenorez,/ Julen gabiltza adorez.../ Laguntzaileak izan nahi gendun/ baina guraso ez». Adoptatu ezean, umeak beste hark sufrituko zuela kantatu zuen Zelaietak, eta horrela biribildu zuen Fernandezek: «Kariñoa baino gehio behar da/ guraso izateko».
«Sorpresa ona eman dizu». Hitz gutxitan zehaztu zieten bertsolariei bakarkako gaia igandean. Laurogei urteko amonak emandako sorpresari kantatu zion Karrikak: «Irri batek hartu dio/ aurpegia ta pentsa:/ 'Gaur ez daukagu marmarka,/ ez oihu, ta ez kexa'./ Zinez baliosa da/ emandako sorpresa,/ adin horretan ez dena/ izaten hain errexa». Horrela itxi zuen bertsoaldia: «Ohean dago beti/ gure amatxi zaharra,/ indarrik gabe hankak ta/ hartua du bizkarra,/ hori da adinak sarri/ dakarren ezbeharra,/ baina neretzako jantzi/ du bere irriparra.../ Errexo marraztuko/ genuke guk biharra,/ denok baldin bageneuka/ amatxiren indarra».
Apirilaren 8an jokatuko da Nafarroako Txapelketako finala, Iruñeko Anaitasuna kiroldegian. Julio Soto, Eneko Lazkoz, Eneko Fernandez, Xabier Maia, Aimar Karrika, Ander Fuentes Itturri, Xabier Terreros Terre eta Julen Zelaieta arituko dira kantuan.
Armak hartuta doaz Iruñera
Eneko Fernandez gailendu da Nafarroako Txapelketako azken finalaurrekoan; haren ondotik sailkatu dira Aimar Karrika eta Julen Zelaieta. Erabaki da finalerako zortzikotea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu