Puntu, marratxo, puntu, puntu, puntu, gezi, lerro luze, puntu, marratxo, gezi. Ez, ez da morse kodea; Moriarti ekoiztetxeko partaideen arbeleko oharrak dira: P1, P2, P3, P4, zoom… Horrela irudikatu dute Maspalomas filmeko 31. sekuentzia, kolore eta tamaina ezberdinetan. Irakurtzen jakinez gero, horra hor lehen spoilerra.
Ondo bidean, aurten estreinatuko dute pelikula, Aitor Arregik (Oñati, Gipuzkoa, 1977) eta Jose Mari Goenagak (Ordizia, Gipuzkoa, 1976) zuzendua. Zortzi astetan filmatutakoa fintzen ari dira orain, Maialen Sarasua editorearekin batera. Jakina da talde lanean jarduten dutela, eta, oraingoan ere, lanak banatu dituzte: Goenaga editatzen ari den bitartean, Arregik eta Jon Garañok (Astigarraga, Gipuzkoa, 1974) azalpenak eman dituzte.
Sinopsitik hasi da bikotea. Filmeko protagonista Vicente da, 75 urteko gizonezko bat, eta Kanaria uharteko Maspalomas hirian bizi da. Halako batean, gizonak bikotekidea utziko du. Horren ostean, Vicente Donostiako zahar etxe batera eramango du haren alabak, eta, bertan, zenbait arrazoi tarteko, ez du bere identitatea osorik erakutsiko.
Euskal aktoreen harrobia
Jose Ramon Soroiz aktoreak jokatuko du protagonistaren rola. Arregiren arabera, «bete-betean» asmatu dute harekin. «Lan itzela egin du, pertsonaiaren barnean sartu da, eta duena baino gehiago eman du lanaren alde. Hark izan behar zuen, ez dut zalantzarik». Era berean, ikuslearen erantzunari dagokionez, jakin-minez dagoela aitortu du: «Euskal Herrian oso ezaguna da, baina beti sailkatzen dugu espektro jakin batean, eta iruditzen zait, kasu honetan, euskal ikuslea harrituko duela. Ea jendeak zer dioen eta nola ikusten duen hemendik denbora batera».
Edonola ere, Soroiz ez da aurpegi ezagun bakarra izango. Ondoan izango ditu, besteak beste, Nagore Aranburu, Kandido Uranga, Zorion Egileor eta Kepa Errasti. Garañok azaldu duenez, batzuetan nahiko argi izaten dute norengana jo; hala eta guztiz ere, hautaprobak egiten dituzte, «sorpresak» izaten baitira halakoetan. «Guretzat oso garrantzitsua da casting prozesua, hor hasten zarelako pelikula irudikatzen, pertsonaiak osatzen eta egiten duzunari zentzua ematen. Gainera, espero ez duzun pizgarri bat eman diezazuke aktore batek sarritan, eta horrek ere istorioa aldatu dezake».
Goenagaren hitzak gidari
Moriartiarren historian lehen aldiz sinatuko du gidoia pertsona bakar batek; kasu honetan, Goenagak. Harena da jatorrizko gidoia, euskaraz sortua, eta hark doitu ditu Garañok eta Arregik proposatutako aldaketa guztiak.
Istorioa eta pertsonaiak fikziozkoak dira; «Baina, fikzioak ere badu oinarri erreal bat, ez?» bota du Garañok. Goenagak bilbea «bizitakotik, entzundakotik, kontatutakotik eta ikusitakotik» sortu duela esan du: «Zineman horrenbeste ikusten ez den hori kontatu nahi zuen, eta hortik abiatuta fikzio bat kontatu. Gainera, zentzu batean, gure lehen filmetara itzultzea bezalakoa izan da». Bide beretik, Arregik 80 egunean, Balentziaga eta La trinchera infinita ekarri ditu gogora. «Homosexualitatearen gaia lantzeaz gain, ezkutuan mantendu nahi den edota onartzen ez den egoera horrek sortzen duen tentsioa edo barne pultsioa aztertzea ere interesatzen zaigu».
«Homosexualitatearen gaia lantzeaz gain, ezkutuan mantendu nahi den edota onartzen ez den egoera horrek sortzen duen tentsioa edo barne pultsioa aztertzea ere interesatzen zaigu»
AITOR ARREGIZinemagilea
Idazketa klasikoa egiten ote duen galdetuta, ez dute askorik sakondu nahi izan, espektatibak eta aurreiritziak saiheste aldera. «Gu ez gara David Lynch. Ez gara apurtzaileak, eta ez gara bat-batean ustekabeko edo ametsetako mundu horretara joaten. Gure neurrira egokitzen gara, eta esango nuke oraingoan ere badaudela arriskuak eta apustuak», adierazi du Arregik. Hari beretik tiraka segitu du Garañok, eta esan du gidoiak badituela «klasikotasunarekin bat ez datozen berezitasunak».
35 milimetrotik harago
Gidoiarekin ez ezik, filmatzeko hautatutako formatuarekin ere arriskatu dira, eta apustu handia egin dute. Izan ere, 35 milimetroko zabalera duen zinta erabili dute. Formatu digitalarekin alderatuz, kalitate optiko handiagoa du: kolore sakonagoak, kontraste naturalagoak eta distira handiagoa ematen ditu.
Zinema klasikoarekin lotu ohi da, XX. mendeko zinema gehienetan erabiltzen baitzen. Nolanahi ere, gaur egun zenbait zinemagilek 35 milimetroko formatua baliatzen dute efektu berezia lortzeko. Arregik ez du aldaketa handirik sumatu lan egitean: «Egia da kamera apurtu zaigula, edo zarata arraroren bat egin duela, eta bai, hori gogaikarria izan da, baina bestela, egunerokoan, ez dut horrenbeste igarri. Ziurrenik, edizio prozesuan gehiago nabarituko dut».
Ez da kasualitatea Arregik postprodukzioari erreferentzia egitea. Filmatutako 35 milimetroko bobinak editatu ahal izateko, lehenik, laborategira bidali behar dira. Bertan, prozesu kimiko baten bidez eskaneatzen dute irudia, eta postprodukzioan erabiltzeko digitalizatzen. Hortaz, bideak zailtasun ekonomikoak eta logistikoak ditu. Bestela, galdetu pelikularen ekoizleei.
«[35 milimetroko formatua] Beti da beste irudi bat; agian ikusleak ez du antzemango lehen begiratuan, baina subkontzientean beste modu batera prozesatzen dira irudi horiek»
JON GARAÑOZinemagilea
Eta zuzendariak ez ditu haiek ahaztu: «Produktoreentzat prozesu garestiagoa da, konplexuagoa, luzeagoa, eta lan teknikoagoa eskatzen du. Gainera, zenbait susto izan dira grabaketan. Bestalde, 35 milimetroko pelikularekin filmatzeak planifikazio handia eskatzen du, baina, orokorrean, ez zait iruditu motz geratu garenik». «Aurrekontua zegoelako», gaineratu du Garañok.
Proiektuari «beste zerbait» ematen diola azpimarratu du hark: «Beti da beste irudi bat; agian ikusleak ez du antzemango lehen begiratuan, baina subkontzientean beste modu batera prozesatzen dira irudi horiek». Horrez gain, tentu handiz erabili beharreko materiala dela ere aipatu du, eta ongi gainbegiratu behar dela nabarmendu. «Prozesua mekanikoagoa da, eta gainean egon behar duzu beti. Tentsio handia dago, asko baitago jokoan».
3, 2, 1... filmatzen!
Pertsonaiak nola, kokalekuak ere izan daitezke protagonistak: Kanariar Uharteak eta Euskal Herria, hain zuzen. Bilbearen zati handi bat zahar etxe batean gertatzen bada ere, Moriartiko lan taldeak bazterrak nahasi ditu batean zein bestean. Maspalomasen festa handi bat filmatu dutela aurreratu du Arregik: «Festa erreala da, eta hango gay errealitateak jaso nahi izan ditugu. Era berean, komunitatearen cruising-a, hondartzak eta bizimoduak islatzen saiatu gara. Hango errealitatea grabatu dugu, baina, aldi berean, estra asko behar izan ditugu, egiazkotasuna bermatzeko». Filmaketa bakoitzean asko ikasten dela adierazi du, eta film honena ere erronka gisa definitu du.
Bestalde, Donostiako zahar etxe gisa agertuko dena Urduñako (Bizkaia) kristau eskola bat da. Euskal Herriko beste txoko batzuetan ere ibili dira; Bilbon, Gasteizen eta Donostian, esaterako.