Literatura

Armairu eta ispiluei kontu

Aitarekin zeukan harremana ardatz hartuz ondu zuen Alison Bechdel komikigileak 'Fun Home' bere lanik ezagunena. Sexualitateari eta hura erreprimitzeari buruzkoak landu zituen, aitaren eta bien arteko ispilu joko batez. Euskaratu egin dute orain lan hori.

Alison Bechdel komikigilea 2022an, artxiboko irudi batean. TERESA SUAREZ / EFE
Alison Bechdel komikigilea 2022an, artxiboko irudi batean. TERESA SUAREZ / EFE
Uxue Rey Gorraiz.
2024ko abenduaren 15a
04:30
Entzun

Zorrotz leituz gero, ohartarazpen airea ere suma dakioke Alison Bechdel komikigile estatubatuarrak (Lock Haven, Pennsylvania, 1960) 1983tik 2008ra bitarte astean behin kaleratutako zintaren izenburuari: Dykes to Watch Out for. Honela euskaratu dute zenbaitek: Kontuan izateko moduko bollerak. Dena dela, bineta horien barrenetako lesbianak —eta beren bizipen eta ikuspegi politikoak— nork hartuko ote zituen kontuan, arrastorik ez zuen Bechdelek, ez behinik behin zinta abiarazi berritan. «Pozik nintzen horrela, jakinda gehienez ere zenbait feministak, gayk eta lesbianak irakurriko nindutela, sentituta bazterrean nintzela, mainstream-etik aparte». Harrezkero ere, ertzak sekula utzi gabe egin du aurrera Bechdelek. Hori bai, bereganatzen duen arretari so, aspaldi da erreferentziazko komikilaria nazioartean. 2006an plazaratutako Fun Home komiki autobiografikoari esker erdietsi zituen sona eta aitortza batik bat. Berrehundik gora orritan bere familiari buruzko oroitzapenak bistaratu ondoan.

Berez, Bechdelek eta haren senideek aitak herentzian jasotako ehorztetxeari deitzeko moduak ematen dio izena komikiari; horrela deitzen baitzioten, «fun home» —poz etxea, euskaraz—. Autoreak aitarekin daukan harremanak ardazten du lana batez ere, eta haurtzarora egiten du atzera hura kontatzeko —inoiz, baita gurasoen gaztarora ere—.

Atzera-aurrera, askotariko eszenak irudikatuaz esplikatzen du aitak seme-alabekin adierazi ohi zuen hoztasuna, bai eta zenbait gertaera edo jokabidek —desordenak edo estetikarekiko utzikeriak, kasurako— pizten zioten bortizkeria. Alison Bechdelek, ordea, ez ditu sumindurik kontatzen horiek guztiak. Binetetako baten gainean idatzia duenez, zaila zaio aitarenganako «amorrurik» gordetzea. «Partez, hilda dagoelako; partez, amei gehiago eskatzen diegulako aitei baino». Are, lanean kontatzen duenez, gurasoei lesbiana zela esatearekin batera jakin zuen aita homosexuala zela, eta horrek ezinbestean eragin zion dardara. Bechdelek ispilu joko baten tankeran ematen ditu bere istorioak eta aitarenak, eta, funtsean, horrek heteroarautik kanpo bizitzeari eta sexualitatea erreprimitzeari buruzko komiki egiten du Fun Home. Familia-istorio tragikomiko bat —hori du izenburu osoa—.  Txalaparta argitaletxeak euskaraz eman du obra hori orain, Danele Sarriugartek itzulita.

(ID_17340763495965) Alison Bechdel komikigilearen Fun Home laneko orrialde bateko ir
Fun Home. Familia-istorio tragikomiko bat komikiaren orrialdeetako bat. TXALAPARTA

Sarriugartek «izugarri» gozatu du Bechdelen hitzak euskarara ekartzeko ariketa —aurrez ez zegoen komikigilearen lan bakar bat ere euskaraturik—. «Queer komunitatean eta zehazki bolleren komunitatean oso autore inportantea da», nabarmendu du itzultzaileak. Haren esanetan, «armairutik ateratzeak eta heteroarautik kanpo bizi nahi izateak pizten duen emozio sorta —ausardia, beldurra, lotsa, poz sekulakoa—» erakusten dituelako bakarrik ez, familiarteko tentsioak txertatzen dituelako ere bada ekarpen bereziki interesgarria Bechdelena. Bestalde, heriotzaren gaia ere jorratzen da lanean.

Egilearen estilo «literarioa» nabarmendu du Sarriugartek, besteak beste. «Zintetan, askoz gehiago sartzen da iritzi politikoetan, baina komikiak —bai Fun Home, eta baita gainerakoak ere— oso nobelistikoak iruditzen zaizkit, eta uste dut nabaritzen zaiola oso irakurzalea dela ere». Itzultzaileak gehitu du umorea ere baduela Bechdelek, «azidoa». «Liburuak barregura ere eragin dit batzuetan».

«'Queer' komunitatean eta zehazki bolleren komunitatean oso autore inportantea da Alison Bechdel»

DANELE SARRIUGARTE Itzultzailea 

Urteotan emandako hainbat elkarrizketatan, komikigileak kontatu du 3 urte zituelarik hasi zela marrazten. Bide horretan sakondu zuen gerora, eta Massachusettseko Unibertsitatean (AEB) egin zituen goi mailako arte ikasketak. Hain zuzen ere, unibertsitateko lehenbiziko ikasturtean zela, gutun bidez kontatu zien gurasoei lesbiana zela; Fun Home-n Alison izeneko pertsonaiak egiten duen bezalaxe.

Hain zuzen, bere «joera autobiografiko konpultsiboa» aipatzen du autoreak binetetako batean, eta, bizitzak eta obra artistikoak sakon-sakonean bat egiten dutelako dudarik bazen, kolpez uxatzen ditu hala. Are gehiago, sarri aldarrikatu du berea ez dela autofikzioa ere. «Nik ez dut deus asmatzen».

BERRIAko literatur kritikari Irati Majueloren esanetan, «atenporala ez, baina generazio ugariren minak ukitzen dituen komiki bat» da Fun Home, argitaratu zenetik kasik hogei urte joan diren honetan ere. Sarriugarte ere ados da horretan: «Istorioa koordenatu geografiko eta historiko jakin batzuetan kokatzen da, baina uste dut izan daitekeela gai unibertsal asko ukitzen dituen komiki bat. Iruditzen zait muga batzuk zeharkatzen dituela. Kasu partikular bat da, baina oihartzunak ekar ditzakeena, eta haiek nork berean senti ditzake. Horregatik aldarrikatzen dut gure bollologian sar litekeela».

Amari ere bai

Fun Home argitaratu eta sei urtera eman zuen bere bigarren liburua Bechdelek, 2012an: Are You My Mother?. Izenburuak aurreratzen duen gisan, autorearen amari buruzkoek ardazten dute lana. Horrek ere harrera aski ona izan zuen, nahiz eta, estreinakoak adinako arrakastarik erdietsi ez aitortza kopuruei so. Lantzen duen gaiagatik ez ote den, susmo hori baduela adierazi du inoiz Bechdelek, batez ere iradokita amen eta alaben arteko harremanak auzitan jartzea «asaldagarria» gertatzen dela oraindik ere.

The Secret to Superhuman Strength du azken lana, 2021ean argitaratua, eta, autoreak dioenez, lan hori egiteko prozesuan propio ahalegindu zen «guztiaren hasierara» bueltatzen, «komikigintza batez ere atsegina, dibertigarria eta erraza zen garaira». Izan ere, dioenez, kasik ibilbideari ekin zionetik sentitzen du bere barreneko bi grinek eragindako tentsio bat: nola edo hala sortu nahiaren eta sortzen ari den horrekin eroso sentitzeko premiaren arteko talkarena. Zehazki, Bechdelek bere bizitzaren gaineko errepaso bat egiten du azken lanean, baina, honetan bai, amarekikoak eta aitarekikoak aparteago utzita, eta bere kirol jarduerari egiten dio so bereziki. Gainera, beste nobedade bat ere badakar komiki horrek: zuri-beltzera mugatu ez, eta kolorea erabili du.

Bi emakume elkarri hizketan

Sarriugarte pozik da Bechdel euskal irakurleei heldu zaielako. Are, onartu du litekeena dela euskarazko itzulpena argitaratu izanari esker izatea hainbatek Bechdelen berri estreinakoz, eta, haren iritziz, horrek balio dezake «elkarrizketa batzuk» abian jartzeko. Gainera, kontatu duenez, azken hilabeteotan bati baino gehiagori aditu die, harriduraz, galdera hau: «Zinemako Bechdel testa proposatu zuen Bechdel bera da?». Eta bai, bera da. Horregatik ere bada ezagun komikigilea.

Alison Bechdel
Alison Bechdel komikigilea, albo batera begira. TERESA SUAREZ / EFE

Bechdelek 1985ean bistararazi zuen lehenbiziko aldiz aipatu test horrek biltzen duen ideia, Dykes to Watch Out for zintan. 1985eko zenbaki hartan —The Rule deitu zuen—,  bi emakume ageri dira hizketan. Eta, zehazki, batak besteari esplikatzen dio «arau bat» jarria diola bere buruari, eta, hari men eginda, ez duela ikusten hiru baldintza jakin betetzen ez dituen filmik. Segidan, banan-banan esplikatzen ditu baldintzok. Bat: filmean gutxienez bi emakume azaltzea. Bi: bi emakume horiek elkarrekin hitz egitea. Hiru: bi emakume horien arteko elkarrizketa gizonekin ikustekorik ez duen zerbaiti buruzkoa izatea. Zintaren bukaeran, zera eransten du protagonistak: «Ez naiz txantxetan ari, ikusi ahal izan nuen azken filma Alien da».

Bechdelen arabera,  Liz Wallace adiskidearen ideia bati tiraka eta Virginia Woolfi buruz hartutako zenbait oharrek lagunduta sortu zuen zinta, txiste moduko bat egitea beste asmorik gabe. Gaur egun, eta batik bat 2000ko hamarkadatik aitzinera, baliabide aski ezaguna da aztertzeko filmetan, antzezlanetan eta bestelako kultur produkzioetan genero parekidetasunik baden.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.