Arkitekturaren mugak, erronka

Urriaren 25ean hasiko da Mugak Arkitektura Biurtekoa. Bilbon, Donostian eta Gasteizen izango dira ekitaldiak

Donostiako San Telmo museoko klaustroan 2021eko Mugak bienalean eraikitako egurrezko kupula. JUAN HERRERO / EFE.
Nagore Garmendia Artano
2023ko irailaren 13a
00:00
Entzun
Berreraiki, berpiztu, berrasmatu. Lelo hori izango du aurten Mugak Euskadiko Arkitektura Bienalak. Erakusketa nagusia Donostian kokatuko dute beste behin ere, Euskadiko Arkitektura Institutuan, Aldaketa bizi izenburupean. Arkitekturaren eta artearen munduko hamar lagunen lanak bilduko ditu, eta urriaren 25ean inauguratuko dute. Egun berean, Wang Shu arkitekto txinatarrak hitzaldia emango du Donostiako Antzoki Zaharrean. Bi ekitaldi horiekin emango diote hasiera biurtekoaren laugarren aldiari. Dena den, urriaren 10ean hasita, hainbat jarduera programatu dituzte Donostian, Bilbon eta Gasteizen.

Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak antolatzen du biurtekoa, eta, Iñaki Arriola sailburuaren esanetan, «indarra hartu du edizioz edizio, nazioarteko erreferentziazko foro bihurtu arte». 50 jarduera baino gehiago bildu dituzte aurtengo egitarauan, Aldaketa bizi erakusketako goiburuaren ideian sakondu nahi dutenak.

Maria Arana arkitektoa da aurtengo biurtekoaren komisarioa, eta, haren hitzetan, «harremanak sortuko dira Donostian egingo den erakusketa nagusiaren eta Gasteizko Artiumen eta Bilboko Azkuna zentroan egingo diren ekitaldien artean». Hain zuzen, komisarioak azaldu duenez, erakusketa nagusia izango da «bienalaren pentsamenduaren oinarria», eta egitarauko eztabaida eta hitzaldietan landuko diren ideien oinarri gisa ere funtzionatuko du.

Erakusketan parte hartuko duten sortzaileen artean, Wang Shu arkitektoa nabarmendu dute antolatzaileek. Pritzker saria irabazi zuen 2012an, eta bere herrialdeko hirien «suntsipen azkarraren eta hazkunde geldiezinaren aldean, tradizioaren zaintzaren defendatzailea» izateagatik nabarmendu da. Haren obrak erakusketa banatuko den hiru aretoetan presente izango dira. Lan horietatik nabarmenena lehen aretoan ikusi ahalko da: Ningboko Museo Historikoa, Lu Wenyu bazkide eta emaztearekin zuzentzen duen Amateur Architecture Studioren proiektua dena. Eraikinaren fatxadak Txinan giza kokaleku berriak eraikitzeko eraispen prozesuen hondakinak ditu abiapuntu; fatxadaren beraren zatien eta eskala handiko argazkien bidez erakutsiko dute egitasmo hori erakusketan.

Halaber, antolatzaileek azaldu dute erakusketa nagusiak Berreraiki, berpiztu, berrasmatu leloaren hiru kontzeptuetan oinarritutako piezak bilduko dituela Euskadiko Arkitektura Institutuaren hiru aretoetan. «Erakusketa koral eta intergenerazional baten aldeko apustua egin du jaialdiak», gaineratu du Aranak.

Bederatzi proiektu hautatu

Bederatzi dira bienalak aurtengo programaziorako aukeratutako proposamenak. Arkitektura garaikidea eta hirigintza diseinua sustatzeko diru laguntza deialdia egin zuen Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak urte hasieran, eta bertara aurkeztutako proiektuen artean aukeratu dituzte bederatzi proposamenak.

Hainbat jarduerak osatzen du proiektu bakoitza, eta, kalitateagatik ez ezik, Berreraiki, berpiztu, berrasmatu leloarekin duten loturagatik hautatu dituzte. Aranak azaldu duenez, «aukeratutako proiektuek esparru teorikoa oso eremu desberdinetatik lantzen dute, hala nola landa tipologiak, birgaitzearen industrializazioa, aisiaren arkitektura, industria eta portu paisaiari buruzko hausnarketa...». Komisarioak gaineratu du diziplina askotako proiektuak daudela, eta hainbatek ibilbideak eta bisitak proposatzen dituztela, «eztabaida eta hausnarketa hainbat lekutara zabaltzeko».

Hautatutako proiektuen artean daude Bilboko behark estudioaren Mugak HABIT[atu]Z, hainbat eragilek osatutako Bilbao Metropoli-30 elkartearen proposamena, eta Donostiako Iñigo Axpe estudioaren Etxebizitza maximoa. Halaber, hirigintza diseinuari eta arkitektura garaikideari buruzko jardunaldi, mintegi, hitzaldi, mahai inguru eta tailerrak oinarri dituzten proiektuen artean daude Rizoma (Victoria Collar, Jon Garbizu, Gonzalo Peña eta Diego Sologuren arkitektoen proposamena, Egoin Wood Group enpresaren eskutik eta Txillida Lekurekin lankidetzan); Maushaus elkartearen Remake; Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren Gipuzkoako ordezkaritzaren Periferiak: periferikoak eta iragankorrak; eta aurtengo proposamen «freskoenetako bat» dena, antolatzaileen ustez, BeAr Architects estudioaren disco-TEKAK. Gipuzkoako kostaldeko bumping-aren tenpluak izenekoa.

Azkenik, argitalpenak, dokumentalak eta tresna informatiboak sustatzeko lerroan, bi proiektu hautatu dituzte: Jaime Gutierrez, Andrea Aguilera eta Itziar Molinero arkitektoen Trazas de ronda, eta HALO arkitekturaren Birpentsatzea, etxekoa birbizitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.