Arkitektura Institutua sortuko dute Donostian

Santa Teresa komentuan izango du egoitza, eta udazkenean irekiko dute. Mugak biurtekoaren egoitza eta bulegoa ere hantxe egongo da

Euskadiko Arkitektura Institutuaren proiektuaren aurkezpena, atzo. IÑIGO IBANEZ.
Peru Azpillaga Diez.
Bilbo
2018ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Donostiako Santa Teresa komentuan EAI Euskadiko Arkitektura Institutua sortzeko akordioa sinatu zuten Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuak eta Denis Itxaso Gipuzkoako Kultura, Turismo, Gazteria eta Kirol diputatuak, atzo. Udazkenean irekiko dute, eta komentuaren lehen hiru solairuak hartuko ditu (1.386 m2). Eraikina, Mugak Euskadiko Arkitekturaren Nazioarteko Biurtekoaren bulego iraunkorra izateaz gain, haren egoitza ere izango da hurrengo edizioetan. Biurtekoen artean, zabalkundera bideratuko du bere jarduna EAIk.

Institutua bi helbururekin sortuko dute, agintariek azaldu zutenez: batetik, euskal arkitektura garaikidea hedatzea izango du xede, eta, bestetik, erreferentziazko espazio bihurtzea. Bere ekoizpenaeta beste erakundeen ekarpenak eta nazioarteko eduki ibiltariak ere jasoko ditu. Gainera, leku egingo diete arkitektura ikertzea eta sustatzea helburu duten irabazi asmorik gabeko elkarteei ere.

Arriolak adierazi zuenez, «arkitektura egokia izateak zerikusi handia du herritarren eta ingurumenaren bizi kalitatea hobetzearekin». Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak hartuko ditu bere gain egokitzapen eta hornikuntza gastuak. Gipuzkoako Foru Aldundia, berriz, funtzionamenduaz eta mantentze eta kontsumo gastuez arduratuko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.