Iruña-Veleiak hamar urte. Auzibidea

Arkeologoen odisea judiziala

Eliseo Gilek eta haren lantaldeko bi kidek zazpi urte daramatzate jakin gabe epaiketa bat ekarriko dien Arabako Foru Aldundiak haien aurka jarritako salaketak

Eliseo Gil, 2008ko azaroan, aurkikuntzen egiazkotasuna zalantzan jarri ondoren egindako agerraldian. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
2016ko ekainaren 5a
00:00
Entzun
Orain dela zazpi urte heldu zen epaitegietaraino Iruña-Veleia aztarnategiko lokatza, baina linboan galduta dago gaia ordutik. 2009ko martxoaren 24an jarri zuen Arabako Foru Aldundiak Eliseo Gil Lurmen enpresako kide eta aztarnategiko buru izandakoaren aurkako salaketa Gasteizko Lehen Instrukzio epaitegian, eta instrukzio fasean dago oraindik auzia. Zazpi urte, beraz, eta ezin jakin epaiketa egingo den ala ez. Iruzurra eta ondarearen aurkako kalteak egotzi zizkion aldundiak arkeologoari salaketa hartan, eta haren taldeko Oscar Escribano geologoa eta Ruben Cerdan fisikari nuklearra ere sartu zituzten auzian. Eta, gaur egun, hori da talde haren aurka zabalik jarraitzen duen auzi bakarra. Izan dira galdeketak, egin dituzte laborategi probak, eta Ertzaintzak aurkeztu du bere txostena ere, baina ezin esan epaiketarik egongo denik ere. Eta berehala jakin beharko lukete. Legez ekaina ezarri baitu mugatzat Prozedura Kriminaleko Lege berrituak tramitean dauden auziak ebazteko. Erraz dute epaileek traba horri izkin egitea, ordea, eta, beraz, luzatu egingo da oraindik Iruña-Veleiaren odisea judiziala.

Aurrerapen gutxi, zazpi urtez. Izan ere, berehalakoa izan da erantzuna datuak aurkeztu diren bakoitzean. Epaitegiak eskatuta Espainiako Kultura Ministerioak egindako ikerketaren kasua da sonatuena. 2014ko urtarrilaren 30ean eman zuten Madrilgo Kultur Ondarearen Institutuak idazkiak gaur egungoak direla zioen txostenaren berri, esaterako, eta hurrengo egunean ukatu zuen hori SOS Iruña-Veleia elkarteak. Institutuak ikertutako 39 ostraketariko 35ek gainazalean altzairu herdoilgaitza zutela zioten probek. Kontuan hartu zituzten zaharberritze taldeen esku hartzeak, baina, hala ere, argia zen ondorioa: «Gaur egungoak dira». Baina ezetz Gilek eta SOS Iruña-Veleiakoek, ikerketa hura ez zela balekoa. Materialaren zaintza katea etenda zegoela azaldu zuten, eta sei urtez piezetan aldaketak egon izana posible zela. Kritikatu egin zuten institutuak piezen gainazala soilik ikertu izana, eta analisi gehiago eta arkeologo entzutetsuek indusketa kontrolatuak egitea defendatu. Eta antzekoa da kontakizuna orain arte egon diren beste probekin ere.

Alde bikoa da bide judiziala ere. Aldundiak Lurmen enpresaren kontra egin bezala, egun aztarnategia zuzentzen duen taldearen kontra egin baitute SOS Iruña-Veleiakoek ere. Martxoaren 10ean jarri zuten kereila egun aztarnategia zuzentzen duen arkeologoaren aurka, Julio Nuñezen aurka. Akusazioa? Aztarnategian hondeamakina batekin egindako lanetan ondareari kalte larriak eragin eta justizia oztopatu izana. Onartu du epaitegiak kereila, eta tramite fasean dago orain, Patxi Zabaleta SOS Veleiako abokatuaren hitzetan. «Gero egon daiteke epaiketa edo ez».

Nuñezek gidatutako aztarnategian bere begiz ikusitakoa deskribatu du Zabaletak. Kontatu duenez, aurrez ostrakak agertutako gunean erabili du Nuñezek induskatzeko makina, eta abokatuak hor ikusten du justiziari traba egiteko asmoa. Zergatik? Bada ostraka idatzidun gehiago topatzeak indartu egingo lukeelako Gilen kideen posizioa zabalik dagoen beste auzian, eta egungo aztarnategiko taldeak itxi egin du bila jarraitzeko bidea, gune horietan hondeamakinak sartuz. «Ostrakak atera ziren toki batean eta akaso gehiago ere atera daitezkeen toki batean sartu zuen makina, eta hor dago justizia oztopatzeko saiakera». Galdeketak egingo ditu epaileak, eta orduan ikusiko du auziarekin aurrera egin edo ez. Baina, oraingoz, tramite fasean baino ez dago auzi hori ere. Linboan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.