Arkeologoa eta Aranzadi zientzia elkarteko idazkari nagusia

Juantxo Agirre Mauleon: «Arkeologo euskaldun gazterik gabe, ez dugu gure iragana behar bezala ezagutuko»

Indusketa arkeologikoak dira Aranzadi zientzia elkartearen udako jardun nagusietako bat. Aurten, lehen aldiz, zazpi euskal lurraldeetako aztarnategietan ariko dira lanean. Auzolanaren beharra nabarmendu du Agirre Mauleonek.

Juantxo Agirre Mauleon, Aranzadiren egoitzan, Donostian. JON URBE / FOKU
Juantxo Agirre Mauleon, Aranzadiren egoitzan, Donostian. JON URBE / FOKU
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2024ko ekainaren 11
05:45
Entzun

Agenda betea du egunotan Juantxo Agirre Mauleonek (Tolosa, Gipuzkoa, 1965). Lan handiko sasoia izaten baita uda Aranzadi zientzia elkartean. Aztarnategietan indusketa arkeologikoak egiteko baliatzen dituzte urtero udako hilabeteak, eta aurten, lehen aldiz, Euskal Herriaren lurralde osoan ariko dira ikertzaileak lanean. Iragana hobeto ezagutzen lagunduko duten aurkikuntzak egiteko esperantza badu elkarteko idazkari nagusiak.

Lehen aldiz, Euskal Herriko zazpi lurraldeetan aldi berean egingo dituzue indusketak. Zer-nolako garrantzia du horrek Aranzadirentzat?

Aranzadi erakunde zientifiko bat da, mundu osoan lan egiten duen nazioarteko erakunde bat, eta zientziak ez dauka mugarik, are gutxiago Euskal Herriaren barruan. Lehen aldia da Euskal Herri osoan lan egingo duguna, baina hau Europako edozein herrialdetan gauza naturala da, eta kostatu da, baina etorri da momentu hori. Gazte belaunaldi berri bat etorri da, unibertsitate publikoan trebatua, karrera osoa euskaraz egin duena eta Erasmus programetan ibili dena, eta belaunaldi gazte honentzat jada ez dago mugarik, ez Europan, ez Euskal Herriaren barruan ere.

Horrek ez du esan nahi oztopoak ez daudenik. Bi oztopo handi daude ikuspegi zabal batekin arkeologia garatzeko. Alde batetik, administrazioak sortzen dituen araudi desberdinak; lurralde bakoitzean funtzionario, politikari eta lege ezberdinak daude, eta horrek zailtasunak sortzen ditu. Eta bigarren arazo handia da lurralde bakoitzak badituela bere kultur eta giza ohiturak, eta hizkuntza. Ipar Euskal Herrian frantsesa nagusi da; beraz, gure arkeologo gazteek frantsesa ere jakin beharko lukete. Gainera, han hierarkiak oso-oso markatuta daude; hango arkeologo zuzendari eta ikasleak harritu egiten dira beste leku batzuetan zein modu zuzenean bideratzen garen administrazioarengana, han ez baita ohikoa. Aipatu behar da Euskal Elkargoak oraindik ez dituela hartu arkeologiaren arloko ikerketa eta aztarnategi arkeologikoak babesteko eskumenak: hori guztia Bordelen dago. Ipar Euskal Herrian ez dago politika publiko bat bertako arkeologiarentzat edo ikerketarentzat. Beraz, arkeologo gazteek lan egin behar dute lege eta funtzionario biodibertsitate honen barruan, eta hori kudeatzea, ekosistema bakoitzean lan egitea, zaila da.

Garaiari, tipologiari eta ibilbideari dagokienez, denetariko aztarnategietan ariko zarete lanean.

Arkeologo zuzendari ezberdinak daude aztarnategi bakoitzean, eta guztiak espezializatzen dira kronologia batean. Esaterako, batzuek Burdin Aroko herrixkak aztertzen dituzte, erromatarrak etorri aurrekoak eta gaur egun hain pil-pilean daudenak, Irulegiko Eskuaren aurkikuntzaren ondoren. Beste batzuk gehiago zentratzen dira historiaurrean, eta hor, aztarnategi gehienak kobazuloetan daude; horren ondorioz, metro koadro gutxiagotan lan egin behar da, lanabes txikiekin... Eta, adibidez, Erdi Aroan lan egiten dutenak, Andosilla-Resan, kasurako, aitzur handiekin aritzen dira, eta lur pila bat mugitu behar dute eskuekin. Gauza bera Garraitz irlan, non XVI. mendeko frantziskotarren komentuaren pareten bila jarraitzen duten, eta ondoko kanposantuko hildakoen aztarnak azaleratzeko lanean.

Kronologia bakoitzak tipologia bat dauka, eta zenbat eta gertuagokoa izan, eraikinen aztarnak handiagoak izaten dira: gaztelu baten harresia, eliza baten absidea... Atzera bagoaz, erromatarren garaian, zeramika oso garrantzitsua da kronologiak sortzeko, oso epe luzea baita, eta inportantea da txanponak aurkitzea, edo opus signinum-ak. Trikuharrietan ibiltzen direnek, berriz, tumuluan dauden harritxoen artean garai bateko eskaintzak, lepokoen ale txiki-txikiak eta beste bilatzen dituzte, edo ea agertzen den zeramika zatitxo bat, ikatz txiki bat, erretako hezurren bat. Beraz, aztarnategi bakoitzeko zuzendariak, bere kronologiari eta tipologiari begira, metodologia desberdina aplikatzen du.

Bestalde, azaldu behar da nork bideratzen duen arkeologia estrategia hau, zergatik goazen Altzürüküra, Andosillara, edo Babiora. Eta erantzuna bikoitza da. Alde batetik, ikerlari gazteek beren jakintza arloari buruz jakin nahi dute, eta badago ikerketa lerro bat. Eta, bestetik, herrietako komunitateek eskaerak egiten dituzte, interesa dutelako, eta gurekin harremanetan jartzen dira.

Indusketak udaran
 
Hain zuzen, askotariko elkarlanen bidez garatzen dituzue proiektu asko. Hala da aurtengo indusketetan ere?

Hala da, bai. Azkenean, Aranzadiren identitatean dagoen elementu zentrala, identitatearen ardatz bat da herri komunitatetik oso gertu gaudela; guk herriarekin eta herriarentzat egiten dugu zientzia, beti akademizismoak jartzen dituen metodologiekin, eta horregatik estimatzen gaituzte, umiltasunez herri txikiekin lan egiten dugulako: esaterako, Amaiurko gazteluan, Altzürükün eta Andosillan. Herri dinamika inportante bat sortzen da, kultura sortzen da, eta laguntasunak sortzen dira. Beti aipatzen da auzolana egin behar dela, gizartearen aldeko lan bat, erakunde publikoei lagundu behar diegula, haiek bakarrik ezin dutelako... Eta arkeologia da oraindik hori bizirik dagoen arloetako bat, eta nire ustez askoz ere gehiago babestu beharko litzatekeena; azken batean, horrela gure iragana hobeto ezagutzen dugu, baina herria egiten ere ari gara, elkarbizitza egiten ari gara, eta hirigune handietatik kanpo dauden herri txiki hauei guztiei bizitza kulturala eta soziala ematen diegu.

«Aranzadiren identitatean ardatz bat da herri komunitatetik oso gertu gaudela; guk herriarekin eta herriarentzat egiten dugu zientzia, eta horregatik estimatzen gaituzte, umiltasunez herri txikiekin lan egiten dugulako»

Auzolan arkeologikoak deitu dituzuen beste bi ere badira aurtengo kanpainako zerrendan. Zertan dira horiek desberdin?

Normalean, indusketa hauek udan egiten dira, bertan parte hartzen duten gehienak ikasleak direlako. Oso inportantea da industea, lurra mugitzea, azpian zer dagoen ikustea, baina azaltzen bada harresi bat, gaztelu bat edo erromatar garaiko terma bat, gero hori kontserbatu egin behar da, eta arkitektura proiektu txiki bat egin, aztarnak kontsolidatzeko. Oso inportantea da urtean zehar aztarnategi horiek bizirik jarraitzea. Horregatik, indusketa hauekin batera, auzolan hauen bidez ikertzen ari garen gaztelu edo eliza zahar horiek garbitzen ditugu, baita panelak konpontzen, hobekuntzak egiten, hitzaldiak antolatzen eta beste aztarnategi arkeologikoetarako bisitak egiten ere. Kultur aisialdi ezin hobea da. Aurten Amaiurren eta Agoitzen egingo ditugu.

Boluntarioekin eramaten dituzue aurrera indusketak, gazteekin bereziki. Zein izaten da haien lana aztarnategi horietan?

Etortzen diren boluntarioak 09:00etatik 15:00ak edo 16:00ak arte aztarnategian egoten dira, aire zabalean. Bakoitzak bere toki zehatza izaten du lurra mugitzeko edo ateratako lurra galbahearekin lantzeko. Lur azpitik ateratako materialak garbitu eta lehortu ere egiten dira, eta bere zenbakia jartzen zaie, non, noiz eta nola azaldu diren jakiteko. Lan horiek guztiak egiten dira. Eta gero, talde dinamikaren arabera, arratsaldeko azken orduetan bisitak, hitzaldiak eta beste izaten dira.

Hizkuntzari dagokionez, 2006an Amaiurren hasi ginen indusketa arkeologiko batzuk bakarrik euskaraz eskaintzen. Pentsatu behar dugu gure indusketa arkeologikoetara nazioarteko jendea etortzen dela. Hala ere, Zuberoakoa edo Amaiurko auzolandegia euskara hutsez eginen dira; beste batzuetan euskara nagusi da, baina posible da kanpoko ikasleak ere etortzea.

Gazteak aipatu dituzu, baina haientzat dira soilik, ala beste edonork ere eman dezake izena?

Jende guztiari daude zabalik, baina gehienak, %85, gazteak izaten dira. Indusketaren ereduaren araberakoa ere izaten da. Adibidez, Andosillan bertako herritar pila batek parte hartzen dute, baita Garraitz irlan ere; hor herri dinamika oso potenteak daude.

Nola doa aurten izen ematea?

Esango nuke gehiena beteta dagoela. Toki batzuek arreta handiagoa pizten dute: adibidez, Irulegik eta Altzürükük; horiek beteta dute.

Zer aurreikuspen dituzue aurtengo indusketetarako? Aztarnategiren batean bereziki espero duzue zerbait ezohikoa edo garrantzi berezikoa?

Beti ditugu ametsak. Garraitz irlan, nahiko genuke han dauden bi emakumeen gorpuen inguruan zerbait agertzea. Donazaharren, beti amesten dugu zoru bat edo mosaiko bat agertuko ote den, eta Irulegin, ea zerbait gehiago agertzen den idatzita. Lizarrate-San Adrianen, berriz, ea agertzen diren neandertalen garaiko animalia edo giza hezurrak, eta Basagain eta Babioko herrixketan, ea garai hartako eguneroko tresnak, zeramika zatiak agertzen ote diren. Eta Gixunen, Atturriko itsasadar horretan, ea lortzen dugun lur azpiko sedimentu lagin oso emankor bat, ehunka urtez klimaren bilakaera nolakoa izan den jakiteko.

Aztarnategi guztietara amets batzuekin, gogo batzuekin joaten gara, baina lurrak geure tokian jartzen gaitu; askotan, lan bikaina egin arren, gero aztarnategiak ez dizu erantzuten. Igual toki bat induskatzen ari zara, eta zuk aurkitu nahi zenuena handik bi metrora dago. Hori sekula ez dugu jakiten.

«Aztarnategi guztietara amets batzuekin, gogo batzuekin joaten gara, baina lurrak geure tokian jartzen gaitu; askotan, lan bikaina egin arren, gero aztarnategiak ez dizu erantzuten»

Irulegiko Eskuaren aurkikuntzaren harira, sumatu duzue zuen lanak aitortza handiagoa jaso duela azkenaldian?

Egia da Aranzadi, bere 77 urteekin, oso ezaguna dela Euskal Herrian, eta Munibe aldizkariari esker nazioarte osoan ezagutzen dela. Baina bai, Irulegiko Eskuak Euskal Herriko leku askotan piztu du gogoa garai horri buruz gehiago jakiteko, eta euskararen sorreraren inguruko galderek eta enigmek izugarrizko gogoa pizten dute. Gogoratzen dut lehen, Nafarroako herri askotan, Erdi Aroko gaztelu bat aurkitzea zela haien nahia; bada, orain, garai horrekin piztu da gogoa. Baina bueno, zientziak bere erritmoa dauka, eta, horretarako, arkeologo onak eta estrategia onak behar dira, ez bakarrik gogoa. Zorionez, Aranzadin badugu arkeologo belaunaldi gazte bat; hori da azken hamabost urteotan lortu duguna.

Horri ematen diozu zuk garrantzia.

Bai, zeren, nahiz eta Euskal Herrian ondare arkeologiko oso aberatsa izan, ez badugu arkeologo euskaldun gazterik, ez dugu gure iragana behar den bezala ezagutuko; oso inportantea da hori. Gazte hauek zientzia daukate buruan, Euskal Herri osoaren ikuspegia ere bai, eta euskara da haien eguneroko hizkuntza. Eta horrek ezberdintzen du emaitza; oso sinplea da, baina horrela da.

Udako kanpainak motzak izaten dira. Baliabide falta sumatzen duzue?

Arkeologian baliabide gutxi izan dira beti; horregatik izan da beti auzolana oinarrizkoa. Adibidez, Irulegin bi hilabetez lanean arituko dira, baina normalean bi edo hiru aste izaten dira.

Horrek motelduko du emaitzak lortzea...

Bai, eta, batez ere, ez dugu baliabiderik udan ateratako aztarna arkeologikoak gero urte osoan behar den bezala ikertzeko. Zeren, adibidez, kobazulo batetik ateratako lur guztia Aranzadiko laborategira ekartzen da, eta hemen, galbaheetan eta urarekin, bereizi behar dira ikatz txikiak, landare hazien aztarnak, suharrien printza txikiak, mikromamiferoen hezurtxoak... Noski, hori izugarrizko lana da, baina emaitza handia da. Horretarako ez dago dirurik.

Zer-nolako bultzada beharko luke zuen lanak?

Guk beti esaten dugu, orain ikerlari gazteak izanik, horiek denboran eta soldata duin batekin nola mantendu dela daukagun zailtasun edo erronka handiena. Eta horretarako ere bada Aranzadi, bide horretan laguntzeko, eta behar diren baliabide ekonomikoak edo azpiegiturak lortzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.