Arkatzak urari zabaldutako bidea

Usue Egiak 'Ura leporaino' komikia kaleratu du: itxialdiko bizipenetatik abiatutako kontakizun irudimentsua

Usue Egiaren Ura leporaino komikiko pasarte bat. USUE EGIA.
Andoni Imaz
2023ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
«1. eguna. 2020ko martxoaren 15a, igandea». Garai horrek berekin dakartza oroitzapen batzuk, irudi batzuk, Usue Egiaren Ura leporaino komikiko lehen orrialdeek ondo islatzen dituztenak: etxea garbitzea, neurriz gain kozinatzea, balkoian denbora pasatzea, zeure buruari errutina bat jartzea... Itxialdiko kontuak. Izan ere, egun hartan hasi zuen ariketa: egunero bost orrialde marraztea. Eta itxialdiko eguneroko gisa hasi zena egilearen kezkek eta imajinazioak gidatutako eleberri grafiko bihurtu da, 230 orrialde baino gehiagokoa. Denonartean argitaletxeak kaleratu du.

Orain arte, Egia diseinu lanetan aritu da nagusiki, eta Ura leporaino du bakarkako lehen lan luzea. Iaz, Ana Arribillagak idatzitako Nik esaten dudalako liburua ilustratu zuen.

2020 urrun hartan, erabaki zuen bakarrik pasatuko zuela konfinamendua, eta pentsatu, gainera, introspekziorako baliatu zezakeela garai hori, gero eta gehiago luzatu ziren bi aste horiek. Lehen egunetik hasi zen marrazten, eta egindakoa ingurukoei bidaltzen. «Konturatu nintzen istorioak bere bidea hartzen zuela, eta ez zuela balio bakarrik nire bizitza kontatzeko: fantasiarekin lotuta, sormena lantzeko modu bat zen», azaldu du Egiak.

A4 batean marrazten zuen, arkatzarekin, aurrez zer egin pentsatu gabe: «Hor topatu nuen komunikazio modu bat: pentsatu, idatzi eta marraztu, hirurak aldi berean egiten nituen». Gainera, edizioan erabaki zuen dena bere horretan uztea —zuzenketa eta moldaketa txikiren bat salbu—, garai hartan bizi izandakoarekin «fidela» izan nahian. Liburuak zirriborro itxura hori jasotzen du, eta tinta bakarrean inprimatuta dago, urdina zuriaren gainean.

Egia bera da istorioko protagonista —«kontakizun grafiko-autobiografiko» gisa aurkeztu dute—, eta formekin egindako jolasek estilo propio bat eman diete haren bizipenei, egileak nahieran moldatu baititu elementuen itxurak eta orrien konposizioak. «Binetek irakurketa markatzen dute, eta ni mugatu egiten naute. Ez nuen askorik pentsatu hasieran, baina erabaki nuen ez erabiltzea, pentsamendua libre uzteko, orri zuriak ematen zidan libertatea aprobetxatzeko».

Kontakizun horretan, agertzen dira eguneroko ekintzak, lana eta aisia, baina protagonista etengabe ari da bere buruaz hausnartzen, eta modu argian islatzen ditu irudietan egun horietako gorabeherak, benetako gertakarien eta fantasiaren bidez. «Azkenean, egunero begiratzen diozu zeure buruari, animoari, emozioei... Eta hor daude umorea, estresa, haserrea eta beste sentimendu asko. Mundua gelditu egin zen, eta plazera izan zen egunean bost ordu hartzea hausnartzeko». Horregatik dio marraztea «autoezagutza prozesu bat» ere izan zela.

Sormen prozesuetan, musika «oinarrizkoa» da Egiarentzat: «Beti ari naiz entzuten». Liburuan, prozesuan laguntzeaz gain, musikariak sartu zaizkio imajinatutako mundu horren barrura: Chavela Vargas, Nacho Vegas, Henry Purcell... Harekin ageri dira, hainbat pasarte dibertigarritan. «Lagunak izan ziren, modu batean».

Pandemiatik gerrara

Komikiak hiru atal ditu: lehena, itxialdiko egunerokoa; bigarrena, hilabetez marrazteari utzi eta gero osatutakoa, 2020ko maiatzean, itxialdia arintze bideko zalantzak jasotzen dituena; eta hirugarrena, 2021eko azaroan hasi eta datarik gabeko zati libreagoetan kontatzen dena. «Editoreak animatu ninduen idazten jarraitzera, eta beste formatu bat hartu zuen. Uste dut garrantzitsua zela zikloa amaitzea: ez izatea bakarrik konfinamenduko egunerokoa, baizik eta pandemia osoaren kontakizuna, itxialdiaren ostean ere gauza asko gertatu baitziren; neurrien garai hura oraindik eta luzeagoa eta ilunagoa izan zen».

Hain justu, pandemiak eguneroko bizitzan protagonismoa galdu zuen garaian erabaki zuen kontakizuna amaitzea, orain dela urtebete, gutxi gorabehera; Ukrainako gerraren mehatxu beltza ageri da azken orrietan.

Komikiaren azalean, hanka batzuk ageri dira, trabatutako dutxa batean, ura orkatiletaraino dutela. «Ondo batzen du liburuaren mamia: askotan, arazo txikiak metatuta, ura leporaino dugula sentitzen dugu, baina benetan ez da hainbeste», azaldu du Egiak. «Liburuak buxadura kentzen lagundu dit, dena botatzen. Bestela, ez dakit ur hori nola egongo zen orain... Putzu bihurtuta, igual. Eta bere bidea egin zuen».

Liburua argitaratzean, sentsazio «arraroa» izan du, orain arte soilik gertukoei erakutsitako bizipenak denen bistara baitaude, baina pozik dago harrerarekin. «Uste dut gauzak kontatu egin behar direla batzuetan. Nik eskertzen dut beste batzuen bizipenak ezagutzea; espero dut jendea identifikatuta sentituko dela».

Marrazteko errutinari ez dio eutsi ordutik; konturatzerako, eguneroko zurrunbiloaren errutinak hartu du bera ere. «Ez ditut eskatzen egunean bost ordu, baina nahi nuke denbora gehiago irudimena lantzeko, fantasia horretara itzultzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.