Hamar ken bat, bederatzi; bai. Beraz, bederatzi gehi bat hamar da, baina ez, halakorik ezinen da irudikatu Baztango (Nafarroa) Arizkun Rocken. Festibalaren antolatzaileek martxoan iragarri zutenez, Arizkun Rocken 2023ko aldia azkena izanen da, eta, hortaz, bederatzigarrenean emanen diote amaiera 2014an hasitako ibilbideari. Bihar dute eguna, Hamar ken bat lelopean, hain zuzen. Lau taldek joko dute guztira, 19:00etan hasita: Andoni Ollokiegi, Ibil Bedi, Olaia Inziarte eta Bines Katiko ariko dira.
Ezinbestean, biharko aldiak agur esateko balioko du. Hala eta guztiz ere, ezin konta ahala manera daude agur esateko, eta, festibalaren antolatzaile Eider Bidegainen esanetan, Arizkun Rocken agurrean ez da izanen pena arrastorik. Jaialdia «pozik» agurtuko dute, urteetan eginiko lanarekin «arras kontent» direlako. «Erabakia oso modu naturalean hartu dugu. Ikusi genuen bukatu beharra zuela, eta, behar baino gehiago ez luzatzearren, aurtengoak azkena behar zuen». Zirraraz dira biharkoaren zain: «Antolatzaileek kristoren gogoa dugu».
Bidegain Arizkun Rocken bigarren alditik da jaialdiaren antolatzaile, Alvaro Soule lagun. Beste askoren laguntza ere jasotzen badute ere, soilik biek osatzen dute antolaketa taldea, eta, beraz, ardura handia dute beren gain. Nekea ezin disimulatuzkoa zaie jada. Iaz, hori sumaturik, Bidegainek eta Soulek premia sentitu zuten proiektua alde batera uzteko, eta, beste inor ez zenez azaldu lekukoa hartzeko prest, nahiago izan dute zikloa itxi.
Bidegainek aurreikuspen «oso onak» ditu biharko, eta egokitu den egunak zerikusi handia du horretan, San Joan bezperako gauarekin bat eginen baitu. Ollokiegiren kontzertua 19:00etan hasiko da; ondotik, suak piztuko dira Arizkunen. 23:00etan, Ibil Bedikoak oholtzaratuko dira, eta, gero, Olaia Inziarte. Bines Katiko DJ bikoteak itxiko du gaua, emanaldia 02:00 aldera hasita.
Antolatzaileek zehaztu dutenez, edatekoak eta jatekoak erosten ahalko dira festagunean, eta, ohi bezala, kanpaleku bat prestatu dute han gelditu nahi dutenenentzat. Lamiarritako futbol zelaian dago, kontzertuen gunetik bost minutu eskasera oinez.
Aurtengo egitaraua zabaldu zutenez geroztik jasotako iruzkin onak nabarmendu ditu Bidegainek. «Ematen du jendeari gustatu zaiola. Beti saiatu gara gustu guztiak asetzeko moduko kartelak osatzen, ahal den neurrian, baina aitortuko dugu aurten geure gustuei ere kasu egin diegula nabarmen», onartu du.
Bidegainek gogora ekarri duenez, urteak dira musika taldeak ekartzeko garaian bi irizpide kontuan hartzen dituztela: batetik, saiatzen dira jaialdian tokiko artistak aritu daitezen, eta, bestetik, taldeetan emakumeak izatea lehenesten dute. Horiek horrela, Bidegain «oso harro» dago aurten. «Beti ez da posible izan, baina aurten lortu dugu gehienak emakumezkoak izatea, eta taldeen erdiak Baztangoak dira». Olaia Inziarte Oronozkoa da, baita Bines Katiko DJ taldeko bi kideak ere.
Arizkun Rock sortzeko ekinbidea 2014an abiatu bazen ere, jaialdia 2015ean egin zen lehenbizikoz. Ordutik, hutsik egin gabe antolatu dute, baita pandemian ere. 2020an, bideo batzuk sortu zituzten, eta 2021ean herriko frontoian egin zituzten kontzertuak, segurtasun neurriak betetzeko. Hain zuzen ere, soilik 2021ekoan pagatu behar izan da kontzertuetarako. Gainerakoan, festibala beti izan da doakoa. «Guztientzako moduko festibal bat izatea nahi izan dugu beti».
Hutsune bat utziko du
Eskerrak emateko ere baliatu nahi dute biharko jaia. «Eskerrak boluntarioei, ekarpenak egin dituzten guztiei, aritu diren taldeei...». 2015etik, askotariko bakarlariak eta musika taldeak izan dira festibalean, hala nola Skakeitan, The Lio, Drunken Barrels, Skabidean, ETS, Jon Maia, Nafarroa 1512, Esne Beltza, Juantxo Skalari & La Rude Band, Skandalo Publiko, Sofokaos, Garazi Goienetxe, Zea Mays, Gozategi, Ze Esatek, Tirri & Tery, Leire Onsalo, Legez Kanpo eta Sarkor.
Guztia prest izanik, azkenaz gozatzea baizik ez da falta. Edonola ere, antolatzaileek ez dute guztia aurrez iragarri, nahita. «Agur esateko zerbait prestatu dugu, baina antolatzaileok oso lotsatiak gara, ez dugu jendaurrera azaldu nahi. Zerbait berezia antolatu dugu; sorpresatxo bat izango da», esan du Bidegainek, irria ahoan.
Arizkundik, eskerrak bideari
Arizkun Rock musika jaialdiak azken aldia izanen du bihar. Lau talde ariko dira, 19:00etan hasita
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu