Maiatzaren 18an esanen du agur Arizkun Rockek. Azken aldiz eginen dute jaialdia Arizkunen (Nafarroa), eta iragarri dute egun horretarako kartela. Hiru kontzertu izanen dira, 19:00etan hasita: Olatz Salvadorrena, Olaia Inziarterena eta Esne Beltzako Xabi Solano eta Zigor DZrena.
Berez, 2023ko ekainaren 23an zuten egitekoa Arizkun Rocken azken aldia –bederatzigarren aldia zuen hori–, baina antolatzaileek erabaki zuten bertan behera uztea. Izan ere, bezperan auto istripu larri bat izan zen herrian, eta bizilagun bat hil egin zen ondorioz. Ezbeharrak herrian sorturiko ezinegonaren ondorioz, festibala ez egitea erabaki zuten. Horiek horrela, azkenerako ezin izan zuten data hori baliatu jaialdiaren bideari aitortza egin eta agur esateko. Arduradunek iradoki dutenez, baina, festibalak oraindik ere merezi du «mimoz» antolatutako azken aldi bat, eta batik bat horregatik prestatu dute maiatzaren 18koa. «Hilabete luzez atseden hartzen eta hausnartzen ibili eta gero, geure burua gogoz ikusi dugu ziklo hau hesteko eta Arizkun Rocki amaiera emateko», adierazi dute berriki plazaratutako oharrean.
Dena dela, ohartarazpena egin dute antolatzaileek: «Edizio hau ez da aitzinekoak bezalakoa izango». Zehaztu dute aurrekoak baino txikiagoa izanen dela, eta «hurbilagoa», ondorioz. Kontzertuak herriko plazan izanen dira, aparteko agertokirik gabekoak, eta musika ekipo txiki batekin eginak. Ez da izanen kanpalekurik, baina, aurreko aldietan bezalaxe, edatekoak eta jatekoak erosten ahalko dira inguruan.
Bide emankor bati agurra
Arizkun Rock sortzeko ekinbidea 2014an abiatu zuten, eta 2015ean egin zuten festibala lehenbizikoz. Ordutik, 2023koa salbu, huts egin gabe antolatu dute, baita pandemian ere. 2020an, bideo batzuk sortu zituzten, eta 2021ean herriko frontoian egin zituzten kontzertuak, segurtasun neurriak betetzeko. Hain zuzen ere, soilik 2021ekoan pagatu behar izan da kontzertuetarako. Gainerakoan, festibala beti izan da doakoa; halaxe izanen da aurten ere.