Aritz Gorrotxategik irabazi du Donostia Hiria literatur saria kontakizunetan

Luis Elizetxearentzat izan da antzerkiaren saria, 'Argiaren hautsa' lanagatik. Lau urteko geldialdiaren ostean banatu dituzte sariak

Erredakzioa
Donostia
2016ko irailaren 11
00:00
Entzun
Bi urtez behin banatzen zituzten lehen Donostia Hiriko Kutxa Literatur Sariak; ipuin eta antzerkiaren alorreko lanak saritzen zituzten. Azkenengo aldiz 2012an banatu zituzten sariok, duela bi urte, 2014an, sariketa egin gabe geratu baitziren aurrekontua osatzeko arazoak zirela-eta. Aurten berriro antolatu dute, baina aldaketa txiki bat eginez: ipuin bat saritu beharrean, kontakizunen proiektu bat bidali behar zuten parte hartzaileek. Gutxienez lau testu izan behar zituen proiektu horrek.

Aritz Gorrotxategiren Zer egingo dugu orain opariekin lana hautatu dute garailetzat euskarazko kontakizunen arloan. Jon Kortazar, Itxaro Borda, Joxe Mari Iturralde eta Pako Aristi izan dira epaimahaia osatu dutenak eta 11 obretan onena aukeratu dutenak. 10.000 euro eta trofeoa jasoko ditu Gorrotxategik. Literatur ibilbide oparoa duen idazlea da Aritz Gorrotxategi (Donostia, 1975). Iaz kaleratu zuen bere orain arteko azken lana: Koldar hutsa zara nobela (Erein). Kafkaren labankada lehen nobelarekin, Kutxa Irun Hiria saria irabazi zuen 2000. urtean. Hainbat poesia lan —Zaldi hustuak (Erein, 2007), Hariaz beste (Erein, 2011)...— eta Egurra pinotxori (Alberdania, 2002) narrazio liburua ere idatzi ditu.

Antzerkiaren alorreko Donostia Hiriko Kutxa saria Luis Elizetxeak eskuratu du, Argiaren hautsa lanari esker. Hamahiru lan aurkeztu zituzten, eta Elizetxearena nabarmendu du Patri Urkizuk, Arantzazu Fernandezek, Mireia Gabilondok, Eneko Olasagastik eta Dorleta Urretabizkaiak osaturiko epaimahaiak. 15.000 euro eta garaikurra jasoko ditu garaileak. Irakaslea da Elizetxea, eta gaztelaniaz argitaratu ditu literatur lanak orain artean.

Gaztelaniazko antzerki saria Raquel Pulido Gomezen Memoria de prácticas lanak eskuratu du; eta kontakizunarena, Francisco Lopez Serranoren Un momento, señor Verdugo-k.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.