MUSIKA

Arima hobetzen lagunduko dizu

2010eko abenduaren 9a
00:00
Entzun
Asko izan dira aurten ezagutu ditugun soul abeslari berriak. Amy Winehouse eta Duffy-k salmenta handiak lortu eta gero, eszena berritu egin da, eta Sharon Jones, Eli Paperboy Reed, Alice Russell, Mayer Hawthorne edo Janelle Monae bezalakoek arrakasten zerrendak bete dituzte; edo aspaldi merezitako onarpena lortu dute.

Otis Redding, James Brown edota Stevie Wonder bezalakoen eragina ezinbestekoa izan da horietan guztietan. Baina jazzak eta hip hopak ere izan dute beren erantzukizuna soularen gorakada horretan, musika beltzaren estilo ezberdinek inguratzen baitute gaur egun dugun eszena berri hau.

Sly Johnson paristarra da, eta Saian Supa Crew rap taldeko kide izan zen, Erik Truffaz jazz tronpetistarekin kolaboratzen hasi zen arte. Horrek emandako sakonerak lagunduta, urteko disko onenetakoa argitaratu du. Bere jaiotze datari kasu egiten dion titulua dakarren lan honetan, The Korgis taldea omendu du Everybody's Got to Learn Sometime abestiaren bertsioarekin. Gauza bera egin du Otis Reddingekin, Fa-fa-fa-fa (sad song) moldaketaren bidez. Eta Marvin Gaye bezalakoen sendotasuna lortzen du diskoko gainontzeko abestietan.

Hey mama azkenaldian entzun dudan abestirik indartsuenetako bat da, barruraino sartu eta oinak mugiarazten dizkizuten horietakoa. Diskoa inguratzen duten tonu grabeek barrenak kolpatzen dizkizute. Bizi dugun kale kulturaren erakusle berri bat da Sly Johnsonen disko hau, lotsagabea, baina, aldi berean, dotorea. Memphisen egin zitezkeen doinu urbanoak dira, baina Europatik, Paristik datoz. Orain arte inoiz ez ziren horren ondo lotu jazz, soul eta hip hop doinuak.



SLY JOHNSON

Diskoa: '74'.

Diskoetxea: Universal.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.