'ATERBALLETTOKO EGITARAU HIRUKOITZA'
Italiako Aterballetto konpainiak egitarau hirukoitz batekin bisitatu du Bilboko Arriaga antzokia, eta lehendabiziko pieza –Rhapsody in Blue– Iratxe Ansa donostiarrak eta Igor Bacovich italiarrak sortu dute. Ansa eta Bacovich Arriaga antzokian egon ziren 2021ean Al desnudo gogoangarri harekin, eta orain askoz proiektu handiago batean ikusi dute beren burua.
Dena hasi da kraterrik gabeko ilargi erraldoi baten pean, hamasei dantzariak haren babesean aurkitzen zirela. Piezaren lehen herenean Bessie Jonesek Beggin’ the Blues baketsu eta sarkorra a cappella abestu duen bitartean taldea aktibo egon da bere gorputz-ondulazioekin, eta handik joan da lehen bikote bat lehen erauzten, probokazio txikien aurrean eboluzionatuz. Une jakin batean, George Gershwinen Rhapsody in Blue famatua hasi gara entzuten, eta harekin etorri da dantzaren eztanda AEBetako hegoaldeko bluesetik iparraldeko megapolisak ezin hobeto irudikatu zituen rapsodiaren bidez. Kirol-itxurako jantzi koloretsuek ere gogoratu digute herri hartako izaera kirolaria, eta dantzari guztien gorputzek malgutasuna eta prestakuntza fisikoa adierazi dute.
Horren pieza koloretsuaren ostean bi dantza-lan ilun eta kolore bako etorri dira, egitarauaren diseinu artistiko ulertezin batean. Baina, hala ere, biak izan dira aurreratuak eta kalitate handikoak.
Johannes Brahmsen piano eta biolontxelorako bi sonatatako atal ilunak izan dira Crystal Pite kanadarraren Solo Echo-ren laguntzaileak, baina hautu musikala egokitzat jo dezakegu Pitek neguari egindako oda honetan. Aroari dagokion argi hitsean bilduta agertu diren dantzari guztiek lan uniformeak ziruditen praka eta maukarik gabeko alkandora grisak jantzi dituzte, atzean irudimenezko elurra etengabe ari zuela. Abstrakzio lehorraren giro horretan hiru aurkikuntza nabarituko nituzke: azkar sartu eta abiaduran izoztuta geratu diren dantzarien irudiak, jauzi birakari ikusgarrietan erakutsi den energia maskulinoa eta talde konposizio kateatu dinamikoak.
Horren ostean etorri den atalak –Diego Tortelliren Glory Hall– ez digu kolore aldaketa handirik ekarri, grisetik beltzera igaro baikara argiztapen tenebrista batean. Tortellik keinu esanguratsu asko txertatu ditu bere koreografian –eskuak eta aurpegiak erregutze eran, ukabilak altxatuta, esku bat ahoan eta bestea hankartean, besoak gurutze posizioan, eskuak atzetik lotuta...– eta denboraren erdialdean rock musika astunak eta itsutzen gintuen argiak zeharo esperimental eta narritagarria bihurtu dute proposamena: sortzaile batzuek uste dute aurreratuagoak direla jendea antzokitik itsu eta gor irteten bada. Ustezko aurrerakuntzaren klimaxean gimnastika erritmiko eskola baten itxura hartu du piezak, hain zen agerikoa Tortelliren betelana, baina azkenean Nick Caveren estiloko kanta iradokitzaile batekin gorputzik gabeko izpirituak iruditu zaizkigu xafla distiratsu askorekin jantzitako dantzariak, eta horri esker nolabaiteko adiskidetzea lortu dugu Glory Hall honekin.