Musika

Arian-arian, lau musikariren lau hariak

Alos Quartet taldeak 25 urte bete ditu, eta lau kontzertu emango ditu Kolonbian eta Kuban. Bogotan hasi zuten bira, atzo bertan, Teatro Mayor Julio Mario Santo Domingo antzokian. Bihar berriz, Habanan izango dira.

Alos Quartet taldeak 25 urte bete ditu. RENATA ETANOWSKI
Alos Quartet taldeak 25 urte bete ditu. RENATA ETANOWSKI
Garazi Karrera
Donostia
2024ko abuztuaren 9a
05:10
Entzun

Lau dira taldean, eta zortzia da euren zorteko zenbakia; edo hori dirudi behintzat. «Zortzigarren hilabeteko zortzigarren egunean, zortzietan», bota du Xabier Zeberio taldeko biolin eta nyckelharpa joleak. «Eta 2024ak ere egiten du zortzi», gehitu du Francisco Herrero biolinistak. Hain zuzen, atzo, zortzigarren hilabeteko zortzigarren egunean, kolonbiarrak laukotearen harien erritmoan mugitzen hasi ziren. Kasualitatea? Ezin jakin, baina badirudi taldeak gogoko dituela kasualitateak. Hala sortu baitzen Alos Quartet, «ia-ia kasualitatez». Eta 25 urte bete dituela ospatzeko, biran dabil Kolonbian eta Kuban. Bogotan hasi zuten itzulia, atzo bertan, eta bihar, Habanan jarraituko dute, Kuban eskainiko dituzten beste hiru kontzertuei hasiera emanez.

25 urte atzera, 1999an, Niko Etxart abeslariaren dei batek lau musikari elkartu zituen grabaketa saio batean. «Hari sekzio baten beharra zuen bere diskoan sartzeko, eta hantxe elkartu ginen gu», azaldu du Herrerok. Zeberiok ere ez du hala moduz ahaztuko eguna: «Kalderero egun batez izan zen, ezin hobeto gogoratzen dut». Hastapenetan, Herrero eta Zeberiorekin batera, Cristina Izkuek eta Pello Ramirezek osatzen zuten laukotea. Egun, Izkueren eta Ramirezen ordez, Lorena Nuñez eta Alejandro Saul dira taldekideak, biola eta biolontxelo jotzaileak, hurrenez hurren.

«Bidaia hasteko pauso bat aski bada eman», esaten du Eñaut Elorriagak Bidaiari ekina Alos Quarteten abestiaren hasieran. Horixe bera egin zuen laukoteak atzo, eta, hastapenetako lehen pausoekin 8.200 kilometro urrunera iritsi ziren: Bogotara, hain zuzen. Taldearen doinuak zabaldu zituzten Teatro Mayor Julio Mario Santo Domingo antzokian, Etxepare Euskal Institutuak Kolonbiako antzoki horrekin egindako hitzarmenaren ondorioz. Euskal sorkuntzari leiho bat eskaintzen dio Teatro Mayorrek, Ventana Vasca izenburupean, eta aurtengoa hirugarren aldia izango da.

Leiho horretatik datorren haize boladari jarraikiz, Kubara helduko da bihar laukotea, ate berriak zabaltzera. Areago, etxeko ateak zabalduko dituzte, Saulen jaioterria baita —ezin izan da egon taldekideek BERRIArekin zuten hitzorduan, Madrilen zegoelako—. Kubako lehen kontzertua Habanako Teatro del Museo de Bellas Artes antzokian izango da, bihar bertan. Igandean, Matanzas hiriko Teatro Jose White antzokian ariko dira, eta azken emanaldirako, taldea hiriburura itzuliko da berriro, baina oraingoan Fabrica de Arte Cubano aretoan izango dira, hilaren 15ean.

(ID_17229553508785) Alos Quartet taldeak 25 urte bete ditu. Xabier Zeberio, Francisc
Ezkerretik hasita, Xabier Zeberio, Pello Ramirez, Cristina Izkue eta Francisco Herrero, Alos Quartet taldearen hastapenetan, 1999an. ALOS QUARTET

«Inoiz ez genuen pentsatu harizko laukote bat sortzea», aitortu du Zeberiok. «Kasualitatez» elkartu zirela esanez jarraitu du, eta garrantzitsuena «bidea» dela argitu: «Beti aurrera begira gaude; maratoi taldea gara. Taldeak egin eta desegin egiten dira, baina gu hor gaude: inoiz ez gara modako talde bat izan, baina gero eta gehiago ari da zabaltzen gure musika. Gora joan baino, nahiago aurrera joan».

Hori berresten du haien diskografiak, sei disko kaleratu baitituzte 25 urteotan. Alos Quartet izan zen lehena, 2004an; horri jarraikiz, Harizko txistua (2007), 10 tanta (2010), Garden (2015) eta Lau (2019) diskoak daude. Azkena 20 urte zuzenean (2020) diskoa izan zen, 20. urteurrenaren harira plazaratutakoa.

Alos Quartet «etiketa»

Eta zer ezaugarri komun dute disko horiek guztiek? «Definitu ezin daitekeen estilo propio bat», erantzun du Nuñezek. Harro azaldu dira taldekideak, urteen poderioz «etiketa» bat sortu dutelako, Zeberioren hitzetan. «Oso zaila» izan ohi da abesti bat entzutean egileak nor diren igartzea, eta, haren ustez, taldeak lortu du berezko sonoritate edo estetika bat finkatzea. «Zigilu berezi bat dugu, musika motagatik edo sonoritateagatik bereiz daitekeena». Herrero ere bat dator kideek esandakoarekin: «Harizko musika egiten dugu nagusiki, baina, esaterako, folk musikatik ere hartzen dugu, eta hori ez da hain ohikoa. Badugu normalean oinarri bat; pianoa izan daiteke, adibidez, eta horrek are bereizgarriagoak egiten gaitu. Baita nyckelharpak ere». Nuñezek gaineratu du instrumentu horrek tinbre berezia ematen diola.

«Zigilu berezi bat dugu, musika motagatik edo sonoritateagatik bereiz daitekeena».XABIER ZEBERIOBiolin eta nyckelharpa jolea

Musikari bakoitzak instrumentuen gaineko ezagutza «handia» duela nabarmendu du Zeberiok, eta horrek sortze prozesua «zabaltzen» duela. Izan ere, musika konposatzeko ardura, nagusiki, biolin eta nyckelharpa jolearena da: «Ehuneko handi batean, estilo klasikoan konposatzen dugu, baina beste ehuneko batean ez. Izugarrizko gaitasuna du bakoitzak, eta, nik lehen notak ematen dizkiedanean, bakoitzak bere ekarpenak egiten ditu. Horri esker lortzen dugu emaitza ezberdin bat». Herreroren ustez, piezek bat egitea bezala da taldearen sortze prozesua. Hain zuzen, luzaroan elkartu gabe egoten direnean, eta probak egiten hastean, doinuek bat egiten dutela ikusten dute, eta, pixkana-pixkana, gauzak lotuz joaten dira.

Taldearen dinamikak, besteak beste, bete-betean eragiten dio sortze prozesuari. Hala adierazi du Zeberiok: «Hainbat fase daude, bai taldeari dagokionez, bai alderdi pertsonalean. Fase horiek olatuak bezala etortzen dira: zenbaitetan, sorkuntzan jo eta su ibiltzen gara; baina, era berean, badira uneak non ez dagoen ez energiarik, ez gogorik. Halakoetan, ez dut makina behartzen».

Xabier Zeberio, Francisco Herrero eta Lorena Nuñez, Tabakaleran (Donostia). ANDONI CANELLADA / FOKU
Xabier Zeberio, Francisco Herrero eta Lorena Nuñez, Tabakaleran (Donostia). ANDONI CANELLADA / FOKU

Familia bilakatu den taldea

Herrerok ez du inolako zalantzarik: «Lagunak ez bagina, ez genuke horrelako proiektu bat aurrera aterako». Musika talde bat «konplikatua» dela iritzi diote taldekoek, ideia ezberdinek, pentsamenduek eta egoek erraz egin baitezakete talka. Zeberiorentzat, miresmenean dago gakoa: «Nire taldekideak miresten ditut, bai musikari bezala, baita pertsona gisa ere. Oso ongi ulertzen eta ezagutzen dugu elkar, gure ahultasunak eta indarguneak ongi ezagutzen ditugu, eta horrek are errazago egiten du talde dinamika».

«Lagunak ez bagina, ez genuke horrelako proiektu bat aurrera aterako».

FRANCISCO NUÑEZBiolin jolea

Laukoteaz gain, bada euren musika estiloan eragina duen beste artista bat: Aitor Etxeberria El_Txef_A. Musika elektronikoaren munduan dabil Etxeberria, eta azken bi diskoetan lankidetza estua izan dutela adierazi dute taldekoek: «Soinu diseinuari dagokionez, berak produzitutako konposizio batzuk erabili ditugu. Ñabardura batzuk dira; agian, entzutean ez zara jabetzen, baina hor lanketa sakon bat dago, eta, alde horretatik ere, ekarpen handia egin dio taldeari», azaldu du Zeberiok. Areago, musika ezberdinekin lan egiteko prest daudela ere nabarmendu du.

Hartu eta eman, konplizitatez

Hamaika kolaboraziorekin eta milaka kontzerturekin bete du mende laurdena Alos Quartetek. Nolanahi ere, nagusiki lagun artean ibiltzen dira, konplizitate bila: «Elkarlanak naturalak izan ohi dira; Lady Gagarekin ez dugu lan egingo», esan du Herrerok, barre artean. Zeberioren arabera, elkarlanak aurrez izandako harremanetik sortzen diren sorkuntzak dira taldearentzat, eta ez dute alderdi komertzialean edo bestelako interesetan pentsatzen. Orain arte, Kepa Junkera, Oskorri, Benito Lertxundi, Oreka TX, Izaro, Eñaut Elorrieta, Silvia Iriondo, Silvio Rodriguez, Carlos Nuñez eta Paula Oleda artistekin lan egin du taldeak, besteak beste.

Alos Quartet taldea, entsaio egun bateko argazki saio batean. RENATA ETANOWSKI
Alos Quartet taldea, entsegu egun bateko argazki saio batean. RENATA ETANOWSKI

Beste arte diziplina batzuekin ere ibili dira lanean; dantzan eta zineman, esaterako. Herrerok adierazi du zinemarako grabatzea izugarri gustatzen zaiela. Estudioan eroso sentituz gero, era naturalean irteten direla gauzak. Gainera, lagunartean egonda, «jende jatorrarekin» lan egitea «plazera» dela dio. «Estimu» handia sentitzen dutela adierazi du Zeberiok, eta miresmen zein babes hori bi aldeetatik datorren zerbait dela gehitu du Nuñezek: «Horretan badugu eskarmentua, ez baita soilik instrumentua ongi jotzea: bestea entzutea ere oso garrantzitsua da, zentzu guztietan». Irati (Paul Urkijo, 2023), Cinco Lobitos (Alauda Ruiz de Azua, 2022), Dantza (Telmo Esnal, 2018), Marco (Aitor Arregi Galdos eta Jon Garaño, 2024) eta Akelarre (Pablo Aguero, 2020) dira lan egin duten filmetako batzuk. Areago, azken horrekin, musika onenaren Goya saria eskuratu zuten 2021ean.

Euskaratik eta euskaraz

«Guk, euskaldunak izanik, ez dugu beste modu batera ulertzen kultura. Gu ere horren parte gara, eta ezin dugu hortik kanpo pentsatu. Herri musika inspirazio iturri sakona da gure sorkuntzan, bai erritmikoki, bai melodia aldetik», zehaztu du Zeberiok. Letrarik izan ez arren, euskaraz sortzen dutela argitu du Alos Quartet taldeak. Zeberio: «Egia da askotan euskal musikarekin lotzen dugula, kantarien ikuspegitik. Instrumentalki definitzerako orduan zailagoa da, baina ez dago zalantzarik gurea ere euskal musika dela, hemengoak garelako eta hemendik egiten dugulako».

«Bizitzak ekartzen diguna hartzen dugu, eta horrela goaz aurrera».LORENA NUÑEZBiola jolea

Alos Quartet taldea Nuñezen baserrian entseatzen aritu eta Bogotako antzoki «garrantzitsuenera» igaro da astebete eskasean. Han ibiliko dira, kontzertu aurreko urduritasunak txiste eta jolas artean baretzen. «Gogotsu» eta «irrikaz» daude, etorriko denaren zain. Nolanahi ere, Herrero asebeteta azaldu da; izan ere, ikaslea zenean, bere ametsa horrelako talde batekin lan egitea zen. Nuñezek ere argi du taldean gustura daudelako jarraitzen dutela, eta ez beharrak bultzatuta: «Bizitzak ekartzen diguna hartzen dugu, eta horrela goaz aurrera».

Hilabetea Euskal Herritik kanpo igaro arren, itzuleran ere bada taldeaz zer gozatua. Bidaia / Die Reise oratoria garaikidearekin jarraituko dute. Alemania eta Euskal Herriko diziplina ezberdinetako hamabi artistak osatzen dute ikuskizuna; euskaldunen artean, Itziar Ituño, Amaia Elizaran, Eneko Gil eta Gorka Duran daude. Agurtzane Itxaurraga ere tartean da, emanaldiaren ekoizpena, zuzendaritza eta dramaturgia eszenikoaren sormen lana bere gain hartuta. Horrez gain, esku artean dituzte hainbat grabaketa, baita film batzuetarako soinu bandaren ardura ere... Azken hori primizian bota du Zeberiok, taldekideei aurrez esatea ahaztuta. Nuñezek esan bezala, bizitzak ekartzen diena hartu eta aurrera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.