Donostiako Ekain arte galeriak Anja Ganster margolari alemaniarraren Leku artean erakusketa aurkeztuko du. Gaur inauguratuko dute, 19:30ean, eta urriaren 2ra arte bisitatu ahal izango da; asteartetik larunbatera egongo da irekita galeria, goizez eta arratsaldez. Duela bi urte egin zen lehenengoz Wiesbaden eta Donostia arteko Arte Ederren Trukea proiektua, eta horren barruan sartzen da Gansterren erakusketa; Alemaniako Galerie Cerny + Partner-en elkarlanarekin sortu dute erakusketa. Proiektuaren bitartez, bi hiri senidetuen arteko lotura artistiko eta ekonomikoa eratu da.
Anja Ganster 1968an jaio zen Mainzen (Alemania), eta 1995. urtean Diseinu eta Komunikazio diploma eskuratu zuen Wiesbadenen. Arte Ederren diploma ere lortu zuen 2001. urtean. Sari eta beka ugari jaso ditu bere ibilbidean, eta bakarkako erakusketak izan ditu munduko leku askotan: Australian, Alemanian, Suitzan, Erresuma Batuan, Herbehereetan; eta, orain, Euskal Herrian ikusiko dira haren obrak. Gainera, zenbait museo eta bildumatan dago Gansterrek egindako lana, Kanton Basel-Landschaft arte bilduman (Suitza) eta Frieder Burda museoan (Alemania), esaterako.
Hogei koadro inguru daude erakusketan, errealistak denak, eta denetan nagusitzen da argiaren erabilera. Aurretik margotutako obrak badaude, baina erakusketako koadro gehienak berriak dira. Gansterren arabera, koadro, argazki eta konposizio guztiek dute argiaren presentzia, baina bere obran biziagoa da argi hori, eta konposizioa lausotu egiten du nolabait: «Nire koadroek amets bateko irudiak dirudite; argia errealitatetik urrats bat urruntzen da, ez da guztiz naturala». Koadroetan agertzen diren espazio gehienak zabalak dira, eta argiak presentzia handia du. Leihoetatik sartzen den argia erabiltzen du Gansterrek, esaterako, eta baita horiek jasotzen dituzten islak. Gaueko eszena batzuk ere biltzen ditu erakusketak, eta baita nahi gabe flasharekin ateratako argazkiak diruditen konposizioak ere. Halaber, konposizio intimoagoak daude erakusketan; artistak bere logelaren bi irudi margotu ditu, kolore beroak erabiliz. Kolore horiek serieko koadro gehienetan errepikatzen dira, erakusketari hari bat ematearren.
Argiaz gain, espazioak ere garrantzia du Gansterren lanetan. Bere bidaietan bisitatu dituen lekuen argazkiak atera ditu margolariak, eta ondoren, horiek oinarri hartuta, erakusketako koadroak margotu ditu. Pasalekuak irudikatu ditu Gansterrek, bi leku desberdinen artean dauden tokiak, aireportuak, esaterako. Oro har, espazio zabalak irudikatu ditu artistak, baina koadro txiki batzuk ere baditu erakusketak, eta horiek abstraktuagoak dira; inguru ilunetan, argiz asetako objektuak margotu ditu Gansterrek. Gauez eta linterna baten laguntzaz ateratako argazkiak erabili zituen artistak margolan horiek egiteko; Gansterrek dioenez, bere bidea, pasabide batetik besterako bidea bilatzen ari den norbaiten begirada islatzen dute margolan horiek. Horregatik guztiagatik, Leku artean da erakusketaren izenburua.
Begiradak
Kolore geruzekin lan egiten du Gansterrek, batzuk lausoak dira, eta beste batzuek indar gehiago dute. Haren ustez, gizakiak ere horrela ikusten du, begiak geruzaka prozesatzen du ikusten duena: «Gizakiaren eta espazio desberdinen arteko harremana asko interesatzen zait». Horrexegatik, erakusketa honetako koadro bakar batean ere ez da pertsonarik agertzen; artistaren logelaren irudi batean bakarrik agertzen da izaki bat, txakur bat, zehazki. Gansterren konposizio gehienetan espazio zabalak agertzen dira, eta argiak presentzia handia du, baina ez pertsonek: «Nire koadroetan ez da pertsonarik agertzen, ikusleak direlako margolanetako pertsonaiak». Margolariaren ustez, irudi batean pertsona bat dagoenean, pertsona horretan jarri ohi du ikusleak arreta guztia, eta berak «espazioen erretratua» egin nahi du bere lanarekin.
Argiztatutako pasabideak
Anja Gansterrek gaur inauguratuko du Leku artean margo erakusketa. Hogei koadro inguruk osatzen dute bilduma, eta urriaren 2ra arte ikusi ahalko dira, Ekain arte galerian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu