Durangoko 59. Azoka

‘Argizagi’ animaziozko telesaila aurkeztu du Marramiau sorkuntza taldeak

Sormen Beka irabazi zuen proiektuak iazko azokan, eta hari esker ekoitzi dute ikus-entzunezkoa.

Nerea Mujika Gerediaga elkarteko presidentea eta Marramiauko hiru taldekideak, Durangon. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Nerea Mujika Gerediaga elkarteko presidentea eta Marramiauko hiru taldekideak, Durangon. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Ainhoa Sarasola.
Durango
2024ko abenduaren 6a
13:32
Entzun

Basoan doaz bi lagunak, tipi-tapa, tipi-tapa, bidea erakusten dien mapari segika. Aitonak emandako azalpenekin eurek marraztu dute ibilbidea, eta iritsi dira halako batean helmugara: kobazulo baten ahoan daude orain, sartzea debekatua dagoela dioen kartelaren alboan. Sartu dira, halere, eta ez lukete erraz sinetsiko hortik aurrerako bideak nora eramango dituen. Horrela abiatzen da Argizagi. Zubiak adiskidetasunerantz animaziozko telesailak kontatzen duen istorioa. Dozenaka haur bildu dira lana aurkezteko emanaldian Saguganbarako areto nagusian, eta begiak zabal-zabalik irentsi dute ikus-entzunezkoa.

Durangoko Azokak urtero banatzen duen Sormen Bekaren bultzadarekin gauzatu dute proiektua Ihintza Iriartek, Miren Bereziartuak eta Uxue Bereziartuak, Marramiau sorkuntza taldeko kideek. «Haurren eta familien ikuskizunei begirako sorkuntzan» oinarritutako proposamen bat garatzeko deialdia egin zuen azokak iaz, eta haien proiektua hautatu zuen epaimahaiak. Irabazleek orduan aurreratu zutenaren bidetik, hamar bat minutuko sei atalez osatu dute haurrentzako telesaila, eta Izei lurtarraren eta Ekai eta Nahi estralurtarren abenturak kontatu dituzte. Urtebeteko epea eta 15.000 euroko laguntza izan dute lana burutzeko, eta azokaren egitarauaren barruan aurkeztu dute emaitza.

Bikoizketan aritzen da Ihintza Iriarte, soinugintzan Miren Bereziartua, eta irudigintzan, berriz, Uxue Bereziartua. Azaldu dutenez, tarteka nor bere arloan eta tarteka elkarrekin aritu dira telesaila sortzen, eta lantaldea ere zabaldu dute batzuetan. Orain, herriz herri emanaldiak eginez nahiko lukete ikus-entzunezkoa ezagutarazi, atal guztiak segidan emanda, ordubete inguruko film baten moduan. Eta aurrerago, sarean atalak ikusgai jartzeko aukera aztertuko dute.

Aurtengo irabazlea, igandean

Edozein diziplinatan dabiltzan sortzaile hasiberriei bultzada emateko helburuarekin jaio zen Sormen Beka, eta seigarrenez banatu zuen iaz Durangoko Azokak.

Iaz gailendu zen proiektua aurkeztuta, aurtengo Sormen Beka nork irabazi duen aurkeztuko dute igandean, Durangoko Museoan egingo duten agerraldian. Esku hartze artistiko bat garatzeko helburua izango du aurtengoak, eta saridunak urtebeteko epea izango du bere proiektua gauzatzeko. Hala, heldu den urteko azokan erakutsiko du emaitza.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.