Argitu da Parkerren misterioa

Elektronika eta swing nahasketa da nagusi Anita Parker taldearen estreinako diskoan

Iñaki Bengoak, Jon Zubiagak, Olatz Anduezak eta Ane Martinezek osatzen dute Anita Parker. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Asier Arrate Iruskieta.
Bilbo
2017ko azaroaren 17a
00:00
Entzun
«Nor da Anita Parker?», galdetu zuten askok izen hori euskal musika eszenan agertu zenean. Ingelesezko izenak eta misterioa argituz joateko emandako ogi apurrek espektatiba hasi baino ez zuten egin. Azkenean, hilabeteko itxaronaldiaren ostean, Anita Parkerrek eman du bere burua ezagutzera, eta izen horren atzean ez dago pertsona bakarra, anitzen arteko proiektua baizik.

Anita Parker egitasmoa berria da, baina bera osatzen duten taldekideek eskarmentu handia dute musika munduan. Gose taldeko kide izandako Iñaki Bengoak eta Jon Zubiaga Osoron-ek, Skalariak taldean aritutako Olatz Anduezak eta Ane MartinezZangok osatzen dute laukotea. Taldekideen esanetan, «gauza asko» aurkitu daitezke Anita Parkerren musikan, baina, «bereziki, swinga eta elektronika nahasten dituen abesti dantzagarriak».

Electro-Swing estiloa ardatz, euskarazko sei abestiz osatutako Anita Parker (Mauka) estreinako lana aurkeztu zuten, atzo, Bilbon. Zuzeneko kontzertuetarako gorde dituzten beste sei abestik osatuko dute abiatu berri den taldearen abesti bilduma. Udan grabatu zuten diskoa Arrasateko (Gipuzkoa) Shot estudioan, eta irailean masterizatu Jonan Ordorikaren laguntzarekin. Taldekideen esanetan, diskoa «laburra da, eta labur geratzen da». Erritmo biziko abesti alai eta jai girokoek «gehiagorako grina» piztuko dutela azaldu zuten.

Lehen diskoan aurki daitekeenaren aurrerapen gisa, swinga eta elektronika uztartzen dituzten erritmo handiko bi abesti eskaini zituzten. Anita Parkerren abestiek, Goseren estiloa gogora dakarren elektronika ukituekin marrazten dute swing musika. Goseren estiloa eta iragana ukaezinak badira ere, laukoteak swingarekiko duen zaletasunak jarri zituen bide berean. «Swinga denoi gustatzen zaigu, horregatik da proiektuaren oinarria», azaldu zuen Ane Martinez abeslariak. Oinarria bai, baina, abeslariaren esanetan, ez da jorratu duten estilo bakarra: «Dena ez da swinga diskoan, eta zuzenekoetarako gorde ditugun abestietan sorpresak egongo dira».

Diskoko abestiak dira horren erakusle. Michelle abestian swinga eta elektronika indartsu nahasten dira, raparekin tartekatuz. Amaia abestian, ostera, pop elektronikoa da nagusi, eta Bitxo abestian, berriz, tangoa swing bihurtzen dute trap erritmoekin nahastuz.

Hazten ari den proiektua

Hazten ari den pertsona legez, Anita Parker «osatzen eta moldatzen» ari den proiektua dela azaldu zuen Zubiagak. Gitarristak kontatu zuenez, hasiera batean, Bengoak eta berak Anita Parker alter egoa sortu zuten Goseren ostean sortu zituzten kantuei irteera emateko. Ahotsak arintzeko asmoz, Martinez gehitu zuten taldera, eta, azkenik, Andueza batu zitzaien. «Oraindik sorkuntzan dagoen pertsonaia da Anita Parker, ez dakigu nongoa den, eta ez dakigu nora joango den», azaldu zuen.

Proiektua hasiberria bada ere, jada hartu du abiadura. Datorren hilaren lehenean abiatuko dute kontzertu bira Markinako (Bizkaia) Uhagon kultur gunean, eta apirilera arte Euskal Herri osoan arituko dira. Abenduaren 9an Durangoko Azokako Ahotsenean izango dira, eta 16an Hatortxu Rock jaialdian. Zubiagak argi utzi zuen taularatzeko gogo handiz direla: «Anita Parker jaioberria da, baina ibiltzen hasteko gogoa du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.