Argitara, dagokien tokian

Gaur taldearen ondorengo belaunaldiko Euskal Herriko zortzi eskultoreren hiruna lan ikus daitezke Arantzazun, 'Amets-kabi' erakusketan.Euskal artearen ikurra da lekua, artisten iritziz

Idazkia pieza da Laorga aretoan ikus daitezkeenetako bat, Guillermo Olmo eskultoreak zur margotua eta papera erabiliz ondutakoa. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Igor Susaeta.
Arantzazu
2014ko irailaren 9a
00:00
Entzun
Euskal Herriko hainbat sortzaile 50eko hamarkadan nazioartean ere distira egin zuten beste «artista handi batzuen» itzalean geratu dira. Xabier Saenz de Gorbeak aipatutako izar horiek Gaur taldeko kideak ziren: Jorge Oteiza, Remigio Mendiburu, Nestor Basterretxea, Eduardo Txillida... Arte kritikariaren iritziz, ordea, bada eskultore belaunaldi bat nahikoezaguna dena oraindik, «baina egin duen lana ez zaiona sozialki aitortu». Hala gertatu da jendearen, herriaren, iruditerian iltzatutako totem horien gerizpean bizi izan direlako. Agertzea, argitara ateratzea,falta zitzaien, eta Arantzazun (Gipuzkoa) azaldu dira denak elkarrekin, Amets-kabi erakusketan, non Saenz de Gorbea bera den komisario.

Ricardo Ugarte, Jose Ramon Anda, Jose Zugasti, Iñaki Ruiz de Egino, Iñigo Arregi, Iñaki Olazabal, Koldobika Jauregi eta Guillermo Olmoren hiruna eskultura ikusi ahalko dira, 24 pieza guztira, Gandiaga topagunean, urriaren 19ra bitartean, Arantzazuko Gaur fundazioak eta Arantzazuko Adiskideen Elkarteak elkarlanean antolatutako erakusketan.

Horretan parte hartu duten egileak bat datoz gauza batean: Arantzazu da Euskal Herriko artista guztien ikurra. «Nonbait ikus badaiteke euskal artea, hau da tokia», adierazi zuen Jauregik, joan den ostiraleko aurkezpenean. Ruiz de Egino areago joan zen: «Espero dut hau [erakusketa] gure belaunaldiarentzat mugarri bat izatea». Olmorentzat, «euskal artearen eta kulturaren ardatza» da Arantzazu. Hango santutegian jarri zuen Oteizak apostoluen frisoa; Txillidak ateak osatu zituen eta Basterretxea kripta margotzeaz arduratu zen.

Umiltasunagatik ere bai

Erreferentziazko izen horiek «zanpatu» dituztenei kolektibo gisa jauzi egitea falta zitzaien, Saenz de Gorbearen irudiko. «Aurrekoekin eta ondorengoekin dauzkaten antzekotasunak eta ezberdintasunak erakusteko aukera daukate orain». Komisarioaren ustez, bi arrazoirengatik egon dira ezkutuan. Batetik, haien umiltasunagatik; eta, bestetik, sistemak ez duelako ahalbidetzen hainbeste sortzaile ezagutaraztea. Baina haien lanak oso kontuan hartzekoak direla uste du. «Badago testuinguru kultural oso espezifiko bat, zeinetan eskulturari buruz hausnartzen den. Izan ere, bizitzaren beste alor batzuetan gertatzen den moduan, eredu jakin batzuk daudenean kontrako ereduak ere badaude, aurreko sortzaileak gainditu, are eraitsi, nahi dituztenak». 1936ko gerratik gaurdaino Euskal Herria eskulturarako eremu emankorra izan dela iruditzen zaio erakusketaren komisarioari.

Bildutako 24 eskulturen bitartez, haiei eta Euskal Herriari berari buruzko galdera bat planteatzen dute zortzi eskultoreek, Saenz de Gorbearen esanetan. Forma askotarikoak dituzte, eta txikiak edo tamaina ertainekoak dira eraikinaren atondoan —ikusmira zoragarriko leiho zabalaren parean— eta Laorga aretoan jarritako lanak —azkeneko hamar urteotan sortutakoak—, eta altzairuarekin, egurrarekin, alanbrearekin, zinkarekin, harriarekin, brontzearekin, kartoiarekin eta paperarekin osatutakok dira.

Eta Arantzazun daude, «parekorik ez duen leku batean», Saenz de Gorbearen hitzetan, historiak, sinbologiak eta arteak bat egiten duten lekuan. «Testuinguru honetan hausnarketa eta esperientzia estetikoen hazi bat loratu zen, eta horrek, neurri batean behintzat, euskal sorkuntza artistikoaren norabidea mitifikatu du». Haren ustez, desafio bat ere bada Amets-kabi eskultoreentzat, mendiei, arrokei eta naturari aurre egin behar dietelako. «Artearen mintzairak naturarenarekin kontrajarri dituzte».

Ricardo Ugarte da erakusketan parte hartu duten eskultoreetan zaharrena. Lagun izan zituen Basterretxea eta Oteiza, «eta oso gertutik» ezagutu zuen «apostoluen polemika». Horregatik, sasoi hartatik, 60ko hamarkadatik, hainbeste urte igaro direnean, bere lanak Arantzazun jartzea «oso hunkigarria» da Ugarterentzat. Arregik, berriz, «toki magiko batera» itzuli direla sentitzen du. Zugastik areago esan zuen ostiraleko aurkezpenean: «Esentziara bueltatu gara».

Belaunaldi «flotatzailea»

Ruiz de Eginok beren obra ahaztuta ez gelditzea desiratu izan du beti, baina aitortu du beraien belaunaldia «flotatzailea» dela. Gogoratu zuen bazutela gogoa elkarrekin zerbait ontzeko, eta Donostia 2016ko arduradunekin harremanetan jarri zirela, Europako hiriburutza kulturalaren programazioaren barruan «euskal eskulturaren» erakusketa bat antolatu ahal izateko. Batzuen eta besteen asmoek, baina, ez zuten bat egin.

Jauregiren esanetan, taldea kasualitatez heldu da Arantzazura, «maisuek», hainbeste miresten zituztenetako batzuek, beren obra enblematikoenetako batzuk jarri zituzten espaziora. «Ikusi dugu, gainera, Arantzazu Gaur fundazioak baduela garai bateko filosofiari heltzeko intentzioa; arteak ere baduela komunikatzeko gaitasuna, alegia». Olazabalek pentsatzen du hiru elementu lotzen dituela Arantzazuk: natura, artea eta gizakia.

Saenz de Gorbearentzat, «eszena sortzaile bikain baten lana» dago ikusgai. Itzaletik argitara toki ezin egokiagoan atera direnen eskulturak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.