Argitalpen arloko hutsune batzuei aurre egiten saiatuko da Edo!

Udazkenean plazaratuko ditu lehen liburuak argitaletxe «autofinantzatu» eta «independente» berriak

Talde eragileko kide batzuk, Edo! argitaletxearen aurkezpenean. EDO!.
Juan Luis Zabala
Donostia
2012ko maiatzaren 3a
00:00
Entzun
Bi urte eman ditu Edo! argitaletxearen talde eragileak proiektua mamitzen, eta ez du alferrik galdu denbora hori, asko baitira dagoeneko proiektu hori definitzen duten ezaugarriak, webgunean irakur daitekeenez: «euskal elebakarra da»; «autofinantzatua»; «independentea alderdi eta erakundeetatik»; «borondatezko lanean oinarrituko da»; «pentsamendu kritikoa maite du, eta elkarrizketaren zale da»; «ez du abiadura handiko lanik nahi»… Plazan aurkeztu dute Edo!, eta, ezeren okerrik ez dela, udazkenean kaleratuko ditu aurreneko liburuak.

«Ez da ohiko argitaletxe eredua segituko duen argitaletxe bat», Harkaitz Zubiri idazle eta talde eragileko kidearen ustez. «Normalean beste argitaletxeek argitaratzen ez dituzten lanak argitaratuko ditu. Ez, ordea, kalitate faltagatik baztertutakoak, beste motibo batzuengatik baztertutakoak baizik: formatuagatik edo dena delakoagatik».

Hasieratik izan dute argi ez dutela «beste argitaletxeekin lehian» sartu nahi, Mikel Peruarena idazle, BERRIAko kazetari eta talde eragileko kideak azaldu duenez. «Baina esparru batzuetan hutsuneak daudela uste dugu —ilustrazioan oinarritutako liburuak, hitzaldien edo bestelako testu laburren argitalpenak…—, eta horrelako lanei bide bat ematen saiatuko gara». Hamar lagunek osatzen dute Edoren talde eragilea: Allende Arnaiz, Idoia Beratarbide, Isa Castillo, Ibon Egaña, Imanol Epelde, Oier Guillan, Ion Olano Carlos, Mikel Peruarena, Iratxe Retolaza eta Harkaitz Zubirik.

Bazkide eta harpidedun bila

Kultur elkarte moduan eratuta, autofinantzazioa lortzeko 50 bazkide eta 150 harpidedun beharko zituztela kalkulatu zuten, eta eman die fruiturik bazkide eta harpidedun bila orain arteko egindako ahaleginak: 50 bazkide eta beste horrenbeste harpidedun lortu dituzte dagoeneko. Bazkide eta harpidedun gehiagoren premia dute, hala ere, oraindik.

Hiru bildumatan banatuko ditu liburuak Edo! argitaletxeak: Begikoak, Literola eta Xortak. Begikoak sailean, alderdi grafikoari garrantzi berezia ematen dioten liburuak argitaratuko dituzte, hala nola album ilustratuak, nobela grafikoak edo argazki eta arte liburuak. Literola sailean, ohiko generoek izango dute lekua: saiakera, narrazioa, nobela, poesia, antzerkia… Xortak sailak liburu txikiaren formatua berreskuratuko du, Elkar argitaletxearen Enbido Txikira eta Erein argitaletxearen Milabidai sail desagertuen ildotik.

Begikoak sailean bi liburu kaleratuko ditu Edo! argitaletxeak, talde eragilearen asmoak betetzen badira: Maite Gurrutxaga ilustratzaileak irudiz egindako egunkaria, egileak berak bere egunkariak egiteko erabiltzen dituen koadernoetako baten itxura izango duena; eta Gari Garaialde argazkilariak zuri-beltzeko lanekin osatutako bidaia grafikoa. Xortak sailean ere bi liburu kaleratuko dira: Harkaitz Canoren Txalorik ez, arren hitzaldia eta Samara Velte BERRIAko kazetariaren Eta Karmele? antzerki obra.

Literola sailean, Gen Eroa deseraikitzen artikulu bilduma kaleratuko du Edok. Hiru zati izango ditu liburuak. Aurrenekoak feminismoaren inguruko testigantzak bilduko ditu, lehen pertsonan kontatuak; bigarrenak hainbat hedabidetatik hartutako artikuluak jasoko ditu; eta hirugarrenak artikulu akademikoagoak, gehienak beste hizkuntza batzuetatik itzuliak.

Peperezko argitalpenetatik aparte, aurrerago formatu digital eta birtualetan ere lan egiteko asmoa dute Edo! argitaletxearen talde eragileko kideek.

Informazio gehiago bildu nahi izanez gero:

www.argitaletxeaedo.org
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.