Musika

Argiaren ordua Nick Caverentzat

Hamar kantuko lan berria kaleratu du Nick Cave & The Bad Seeds taldeak: ‘Wild God’. Kantari eta konpositore australiarraren aspaldiko diskorik argitsuena da.

Nick Cave, iragan apirilean, Londresen. TOLGA AKMEN / EFE
Nick Cave, iragan apirilean, Londresen. TOLGA AKMEN / EFE
itziar ugarte irizar
2024ko urriaren 13a
05:00
Entzun

Lehen segundoak nahikoa dira eraldaketa antzemateko. Argitsu, bizigogotsu, bero, koloretsu, alai abiatzen da Nick Cave & The Bad Seeds taldearen Wild God disko berria, eta kantari eta konpositore australiarraren lanari aspaldi lotzen ez zitzaizkion adjektiboak dira horiek guztiak. Izan ere, azken urteotan haren bizitza pertsonalean jazotako zenbait gertakari latzek —bi semeren heriotza, besteren artean— ilunaldi luze batean murgilduta eduki dute musikaria, eta garai minkor horren oinordeko izan dira haren azken bi lanak, Skeleton Tree (2016) eta Ghosteen (2019), biak ala biak doluari eta bizitzaren alde itzaltsuenari lotuta idatzitakoak. Badirudi, baina, beste aldearekin ere —argitasunarenarekin— lotzen hasteko ordua heldu dela orain kantariaren bidera.

Hamar kantu biltzen ditu denera Wild God-ek. Argiranzko irekiera garbi erakusten duen Song Of The Lake kantuak zabaltzen du —«Never mind, never mind» (Ez du ardura, ez du ardura) errepikatzen du Cavek—, eta goranzko norabide horretan datoz hurrengo biak ere, diskoari izena ematen dion Wild God eta Frogs. Ahots koru indartsuak, sokak, sintetizadoreak... aberatsak dira geruzatan, detaileetan, eta, beste behin ere, Caveren bidelagun Warren Ellisen eskua nabarmendu dute askok alderdi horretan.

Ondotik datorren Joy kantuak, berriz, piano aurreko Cave klasikoena berreskuratzen du, zinemarako oihartzunak dakartzan doinu batekin, eta musikariaren ibilbidean hasieratik egon diren narrazio luzeetako batekin. Aipatzekoa da, halaber, O Wow O Wow (How Wonderful She Is) abestia ere, zeinetan Anita Lane musikari australiarraren ahotsa entzun baitaiteke —aldi labur batez, The Bad Seeds taldeko kide izan zen Lane ere, eta elkarrenganako eta sortze lanarekiko maitasunaz dihardu kantuak; 2021ean zendu zen—.

Transzendentziarako aukera

Zenbait kantu lehenago aurreratu ostean, abuztuaren hondarretan kaleratu zuen diskoa osorik Cavek —bere talde The Bad Seedsekin batera sinatzen duen hemezortzigarrena da—, eta haren bueltan emandako elkarrizketetan aipatu du, besteak beste, musika dela beretzat «esperientzia transzendental bat izateko geratzen diren azken aukeretako bat eta aukera legitimoenetako bat». 

Hilabetea amaitu aurretik, besteak beste, Bartzelonan (urriak 24), Madrilen (urriak 25) eta Lisboan (urriak 27) arituko da zuzenean; eta Parisen amaituko du Europako bira, azaroaren 17an —azken honetarako agortuta daude sarrerak—.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.