Argiaren koloreak, lehen trazuan

«Intuitiboki» ondutako margolanak jarri ditu Jose Manuel Abalosek Donostiako Ekain Artelanak galerian

Margolariaren ia 40 olio pintura daude Donostiako Ekain Artelanak galerian. Abuztuaren 28ra bitarte egongo dira ikusgai. GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2011ko uztailaren 29a
00:00
Entzun
Donostiakoa «argi beltza» dela esaten zuen Eduardo Txillidak. Iritzi horrekin ez dator bat Jose Manuel Abalos (Donostia, 1947), baina garbi du margolari ororen pasioa argia dela, baita bere inspirazio iturri nagusia ere. «Argiak ematen dizkio edozein margolani forma eta zentzua, berdin hiper-errealista edo abstraktua izan». Leizeetako gizakiek egiten zutena egin behar du pintoreak, haren ustez: kanpora atera, bisonteak ikusi eta haiek margotzera leizera itzuli. «Errealitatea buruan jaso eta ondoren margotzen duzun argiaren adierazpena izan behar da». Hori egin du berak: argiaren koloreei erreparatu, jaso eta paisaiak osatzeko baliatu ditu.

Aldi berean bi erakusketa jarri ditu margolariak Donostian, azken urtean eginiko lanekin. «Aztarnak edo beste zenbait obra are landuago» egiteko balio izan dioten margolanak paratu ditu Parte Zaharreko Ekain Artelanak galerian, formatu txiki zein ertaineko ia 40 olio pintura. Obra landuagoak eta formatu handikoak handik gertu jarri ditu, Nautikoko areto urdinean. Ekaingo erakusketa atzotik dago ikusgai, eta Nautikokoa, bihartik aurrera; abuztuaren 28ra arte egongo dira biak irekita.

Pintorearen sukaldea jarri dio izenburu galeriako erakusketari, beste erakusketako obra landuagoen «aztarna» edo «zirrimarra» deitzen dituen horiei buruz egiten duen gogoetaren harira. «Prozesuan, konturatu naiz lehen trazuetan askoz ere gauza gehiago egon daitezkeela landuagoa dagoen margolan bukatu batean baino». Bide horretan sakondu nahi izan du, «gogoeta egin gabe pintorea zerk harritzen duen» jakiteko. «Izan ere, lehen trazuak margotzean beste zerbaitetan pentsatzen ari zara, eta bakarrik sortzen da zeure paleta. Esaterako, azken argien paleta bat lortzeko, koloreekin esperimentatzen duzu, eta bat-batean jabetzen zara batzuk errealak direla, eta beste batzuk irrealak, baina berdin diola».

Katalogoan jarri duen esaldi bat aipatu du hori azaltzeko: «Koloreak elkarren artean borrokatzen dira ilunabarrean egoteko, ordenarik gabe bada ere». «Eta egia da», gehitu du, «pintore baten begiradatik ilunabar batek ez baitu zerikusirik naturaren ordenarekin». Astelehenean Donostian ikusi zuen ilunabarrean «paletako kolore guztiak» begiztatu zituen, «Vermeerren hiritik Velazquezen Madrilgo zeruetara eta Euskal Herrira. Bat-batean atertzen du, eta airean zintzilik dauden ur partikuletan argi guztiak islatzen dira, eta moreak, gorriak, urdinak, horiak eta beste agertzen dira». Buruan ideia hori baino ez duela hasten da margotzen, «forma edo marrazki bat dagoela ahaztuta». Hori da ikusgai duen sukaldea.

Estiloa, argiaren araberakoa

Lan egiteko molde horren lekuko dira, besteak beste, Preludio de la noche en octubre, Últimas luces eta Sol tras la lluvia «erabat intuiziozko lanak». Donostiako txokoak ageri dira guztietan, baina itsasoa da nagusi gehienetan. Beste zenbaitetan Urumea ibaia da protagonista. Ibaia «ostertzaren moduko banalerro» gisa baliatu du, eraikinak eta uretan haien islak margotu, «planoak bereizi, gogoeta simetriko bat egin eta kolore guztiekin jolasteko». Aurrez ideia hori izan du soilik; «beste guztia paleta eta intuizioa da». 50 urteotan ikasitakoak izan ditu oinarri hartarako.

Errealitatea islatzea zuen helburu hasieran, baina gero jabetu zen hori ez zela garrantzitsuena. William Turner pintore ingelesa jarri du adibidetzat. «Izugarri gogoko dut. Hura gai izan zen konbinatzeko halako margolan espresiboak, lehen paletakoak, niretzat onenak, zehaztasun izugarria zuten beste hainbatekin, eta aldi berean egindakoak. Hori egin nahi nuke, pertsonen barruan bi gauzak gertatzen baitira».

Obra abstraktuak dira, baina figuraziotik ere badute. «Eguneko zein ordutan margotzen duzun badu eraginik. Eguerdiko argiarekin formak garrantzi handia du. Aldiz, ilunabarrak abstrakziora jotzen du; kolore asko nahasten dira, ez dago ertzik eta paisaien leuntasuna gailentzen da». Argiaren arabera lantzen du estilo bat edo beste. Horregatik, oso bestelakoak dira beste zenbait lan, surrealistagoak. «Hori egiteko, argia da aitzakia eta inspirazio nagusia».

Valentzian (Herrialde Katalanak) denboraldi luzeak pasatzen ditu familiarekin, eta hango argia oso ezberdina da. «Ito egiten zaitu! Sorolla 59 urterekin hil zen, bost milatik gora lan margotu zituen, eta argi horrekin normala da, bera bakana zela ahaztu gabe». Hango eta hemengo argi eta koloreak nahastu ditu obra surrealista horietako batzuetan; Paraísos de la pintura, Raíces en la mar eta Un buen sueño lanetan, esaterako.

Arkitekto lanbidearekin tartekatu du pintura urteotan Abalosek, baina pinturari guztiz emana bizi da egun. «Margolari jaio nintzen, eta hori izan da nire aukera».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.