Argi izpi bakanak saguzarraren urtean

'Ema', 'Palm Springs', 'Undine', 'For Sama' eta 'First Cow' izan dira joan den urteko filmik aipagarrienetakoak

Pablo Larrain zinemagile txiletarraren Ema filmaren fotograma bat; Mariana di Girolamo aktorea ageri da lehen planoan. CINEPOLIS DISTRIBUCION / EFE.
Gontzal Agote.
2021eko urtarrilaren 7a
00:00
Entzun
Orain dela hain justu hamarkada bat, 2011n, Steven Soderberghek bere Contagion profetikoa egin zuenean, gauza askotan bete-betean asmatu zuen. Dena den, kontu garrantzitsu bat garatzea atzendu zitzaion: mundu mailako pandemia batek zinema industria osoan izaten ahal zituen ondorio suntsitzaileak.

Berez, panorama iluna baino ilunagoa zen, aldiro-aldiro entzuten ziren zinemaren heriotza iragartzen zuten iragarpen integratu edo apokaliptikoak. Aurrez zeuden prozesu batzuk azeleratu egin ditu 2020ko izurriteak, eta oraingoan bai, ozen esaten ahal dugu aurrerantzean dena diferente izanen dela.

Amazonen gimnastikarako gailuen salmentekin batera, streaming bidezko plataformak izan dira egoeraren onuradun nagusiak. Bereziki, gidoilari krudel baten garunean asmatua zirudien udaberriko etxealdi distopikoan. Mundu berrian beste zereginik ez balego bezala, lagunek zein etsaiek konpultsiboki ekin zioten plataforma horietan harpidetzeari, atzera-bueltarik ez zuen gurpil zoro bati hasiera emanez.

Etxera zuzenean

Zinema aretoak itxita, etxeko zinema bihurtu zen trending topic, algoritmoen sortzaileen zoramenerako. Batzuentzako pagotxa zena, beste batzuentzat, amesgaiztoa. Kontua ez zen horretan amaitu, soka luzeagoa baitzekarren: bata bestearen atzean aurrekontu handiko filmak atzeratzen hasi ziren ekoiztetxe erraldoiak; hasieran negurako utziz, geroago estreinatzeko datarik gabe utziz.

Horren ondorioak logikoa zirudien: zinema aretoak saihestuz, zuzenean norbanakoen etxeko egongelan estreinatzen hasi ziren boteredunak; behin-behinean omen zen, gauzak bere onera etorri arte, baina joera geldiezina da. Azken asteotan etorri da baieztapena: 2021ean, aldi berean hasiko dira aretoetan eta plataformetan filmak ematen.

Beldurrezko argumentu honek beste osagai batzuk ditu. Zinemaldi garrantzitsu batzuk bertan behera gelditu ziren, eta egin zirenak hala moduz egin behar izan zituzten. Modu horretan, iaz erabat desagertu egin zen ekitaldi horien emaitza: film ezberdinetarako bozgorailu izatea.

Urte amaiera ailegatu, eta ZIUn segitzen zuen zinemagintzak: aretoak erdizka irekita, asteroko eskaintza zinematografikoa nekez betetzen, filmaketa asko geldituta edo kolokan, algoritmoek nahierara bideratzen zaletasunak...

Dantza eta gerra

Hondamendiak hondamendi, han eta hemen ale eder batzuk utzi ditu 2020ak, eta hori izan beharko litzateke nahikoa kontsolamendu. Blockbuster-en diktadurarik gabeko urte arraro honetan, periferiako harribitxi batzuek indar biziz argitu dituzte zinema aretoak.

Horietako bat birusaren arrastorik izan aurretik ailegatu zen aretoetara: Pablo Larrainen Ema izan zen, egungo gazteriaren erretratu zorrotza. Ez da musikala, baina musika eta dantza baliatu ditu zuzendari txiletarrak bere filmik ausartena egiteko.

Urteak beste opari bat ekarri zigun huts egiten ez duen zuzendari horietako baten eskutik: Transit kitzikagarriaren ostean, Christian Petzolden azken proposamena urteko esperientziarik gomendagarriena bihurtu zen. Undine Europako iparraldeko elezahar baten berrirakurketa garaikidea da; maitasunak, urpekariek eta hirigintzak bat egiten dute film ezberdin batean.

Erresuma Batua Siriarekin lotu du For Sama dokumental gordinak. Batere artifiziorik gabe, zinemaren oinarrietara jo du Waad al-Kateabek, kamera jarri, eta gertatzen ari zena jaso, emozioak transmititzeko muntaketaren trikimailuetara jo behar izan gabe. Eta ikusiko duguna, jakina, ez da askoren gustukoa izanen: heriotza, gerra, erbestea...

Azken urte hauetan genero beltzaren alerik interesgarrienak Asia aldetik datoz, eta iaz ere hala izan zen. Urte hasieran izan zen Nan Fang Che Zhan De Ju Hui-rekin gozatzeko aukera. Txinako ustezko garapenaren ifrentzua erakutsi zuen Diao Yinanen azkenak.

Industriaren bazterretik

AEBetatik ere ailegatu ziren harribitxi batzuk, baina hori ere bazterretatik izan zen, bere adierarik positiboenean, film txiki edo independenteak izan baitira 2020a gehien alaitu dutenak.

Histasunaren erdian barre egiteko beharra ere izan da, eta hor ez da dudarik: urteko komediarik onena Palm Springs izan da. Groundhog Day Bill Murray eta Andie MacDowellen klasikoaren gaurkotze ganberro eta freskoa da Mark Barbakowen lehen film txundigarria.

Komedia giroan, baina beste erregistro batean, beti da eskertzekoa Judd Apatowen ekarpena. Berriro ere, The King of Staten Island-en, heldutasunera ongi baino hobeto iritsi den zuzendari aparta batekin egin dugu topo.

Bazterretatik ailegatu zen First Cow western errealista ere. Kelly Reichardten film berria ibilbide isil eta koherente baten azken printza da. Beste eremu batetik, Sundance etiketa duen genero independentetik, beste emakume zuzendari baten interpelazio zuzena: Never Rarely Sometimes Always-ekin, Eliza Hitmanek AEBetan nerabeek abortatzeko dituzten arazoen berri eman zuen.

Balego, urteko filmik surrealistenaren saria Charlie Kaufman gidoilari eta zuzendariaren azken lanari eman beharko litzaioke. Zuzenean plataforma batentzat egina, I'm Thinking of Ending Things desmaitasunaren gaineko muturreko esperientzia da.

AEBetan dena ez da periferia izan, eta zinemarentzat hain kaltegarria izan den urtean ezin aipatu gabe utzi David Fincherren azken harribitxia, hau ere zuzenean streaming-era joan dena. Mank zinema klasikoari luzatutako begirada gardena da, nostalgian, mitifikazioan edo estetizismoan ez erortzeko meritu itzela duena.

Amaitzeko, gurean gauzak espero baino hobeto joan dira. Euskal zinemak ez du aurreko urte batzuetako oihartzun mediatikoa izan, baina heldutasuna erakusten duten bi film oso aipagarri ailegatu dira zinema aretoetara: David Perez Sañudoren Ane, Patricia Lopez Arnaizen interpretazio bikainarekin, eta Imanol Rayoren Hil kanpaiak, ukitu beltzaren azpian konta ezinezko geruzak ezkutatzen dituen filma.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.