Leire Villanueva (Barañain, Nafarroa, 1991), Iseo ezizenez ezagunagoa, Iseo & Dodosound dub eta reggae musika taldeko abeslaria da, Alberto Iriarte Dodosound-ekin batera osatzen duen taldean. 2014an egin zituzten lehen emanaldiak, eta ordutik bi lan luze kaleratu dituzte: Cat Platoon (2015) eta Roots in the air (2017). Iazko udan, gainera, Same Love izeneko EPa kaleratu zuten, single berriekin eta bertsio batzuekin osatua. Ehunka kontzertu eman dituzte urteotan, bai Euskal Herrian, bai nazioartean. Abuztuan iragarri zuten agur bira emango zutela urritik urtarrilera bitartean, eta sarrerak aste gutxian amaitu ziren. Asteburuan bukatuko dute bira, Gasteizko Jimmy Jazz aretoan; gaur izango da azken bi kontzertuetako lehena; bihar bigarrena.
Bira aurkeztu zenutenean, espero al zenuten halako arrakasta izango zuela?
Egia esateko, ez. Ez behintzat sarrerak horren azkar bukatuko zirenik; oso sorpresa polita hartu dugu. Gure azkeneko diskoak bi urte eta erdi egin ditu jada, eta bira hau disko horren luzapen gisa egin dugu. Kontzertu asko eman ditugu, baina agur birakoetarako kontzertu erabat desberdina prestatu dugu, ikusleengan pentsatuta. Batetik, nolabait faborea bueltatzeko, abesti eta momentu berriak sartu ditugu gure emanaldian. Baina, bestetik, askotan ikusi gaituztenei beste ikuskizun bat eskaini nahi diegu.
Zer moduz joan zaizue azken bira honetan?
Lan handiko urtea izan da. Apiril amaieran hasi ginen, eta udako erritmoa gogorra izan da: festibalak eta kontzertuak bata bestearen atzetik, Espainian, Europako herrialde ugaritan... Horrek ere badu bere alde ona; izan ere, atzerrian jotzean ate asko zabaltzen zaizkizu. Baina egutegia ia ez dugu begiratzen, udan berdin baita asteazkena, larunbata edo igandea den. Udazkenean, berriz, agur birako kontzertuekin hasi ginen, eta lasaiago ibili gara. Festibaletan ordubete soilik jotzen dugu; aretoetan, ordea, guk nahi duguna luzatu dezakegu, eta argiak eta muntaketa orokorra ere gure modura egokitzen ditugu. Hiri bakoitzean publikoa desberdina da, eta ez dakizu zer momentuk hunkituko dituen edo zein une gozatuko duten gehien. Oso polita izaten ari da dena.
Azken orduan kontzertu bat iragarri zenuten: Iruñean, etxean.
Topiko bat izan daiteke, bainabeti da berezia etxean jotzea. Hasieran ez genuen asmorik, iaz egon baikinen, eta hiri berrietan jo nahi baikenuen. Baina, birak aurrera egin ahala, beharra sentitu genuen. Nola ez genuen, bada, Iruñean joko? Eguberrietan eman genuen kontzertua, eta ez dakit datengatik den edo etxean egoteagatik, baina oso berezia izan zen. Lagun asko etorri ziren eta asko gozatu genuen.
Txikitik handira egin duzue. Txosnetan hasi zineten, eta orain, berriz, aretoak betetzen dituzue. Nola bizi izan duzue trantsizioa?
Oso modu naturalean bizi izan dugu. Lan handia egin dugu hasiera-hasieratik, eta, deiak jaso nahi badituzu, hori da sekretu bakarra: lana. Askotan galdetu izan digute ea boom hori nabaritu dugun, baina, barrutik ikusita, ez genuke halakorik esango. Ez da azkarra izan, baina gero eta gauza gehiago ateratzen zitzaizkigun. Eta, hori ikusita, lan egiteko gogoa ere handituz joan da.
Lana izan da, beraz, arrakastarako formula?
Hori da. Dodosoundek eta biok lan handia egin dugu beti gure lana hobetzeko eta bide berriak bilatzeko. Baliteke egiten dugun musika estiloak interesa piztu izana, baina hori mantentzeak bere lana eskatzen du.
Autoekoizpenean egiten duzue lan. Zaila izan al da?
Hasi ginenetik gabiltza autogestioan. Egia da bigarren diskoa diskoetxe batekin egin genuela, Interneteko banaketarako. Kontzertuak lehen guk lotzen genituen. Orain, berriz, agentzia baten bitartez, baina gure familiakotzat hartzen ditugu; lagun minak dira. Hala ere, gehiena guk egiten dugu: musika sortu, diskoak ordaindu, sareak kudeatu... Asko ikasi dugu bide honetan. Eskaintza asko egin dizkigute diskoetxeetatik, baina Dodok eta biok lortu duguna gure lanetik atera da. Argi dugu askatasun artistikoaren alde egingo dugula beti. Etorkizunean baliteke beste jende batekin lan egitea; orain arte ere egin izan dugu, baina askatasun hori mantenduz beti.
Bigarren lanetik Moushunters bandarekin jotzen duzue. Zer ekarpen egiten dio taldeari?
Guk haize sekzio gisa aurkezten ditugu Moushuntersekoak. Baina esan daiteke gure banda direla. Gitarraren, baxuaren eta teklatuaren banda tradizionaletik aldentzen da, baina guretzat apustu bat izan zen. Iseo & Dodosound proiektuarekin gertatu bezala, nahiko inprobisatua izan zen dena. Lehenengo diskoan, kanturen batean parte hartu zuten, kolaborazio txikiak eginez edo zuzenekoetan parte hartuz. Gero, haietako batek lagun bat ekartzen zuen, eta kontzertutik kontzertura melodiak sortzen hasi ziren; bigarren lanerako, hasieratik pentsatu genuen haiekin sortu nahi genuela diskoa. Taldearen parte dira.
Euskal Herriko underground estiloetako talde sonatuenetako bat zarete. Nola ikusten duzue mugimendua Euskal Herrian?
Nik esango nuke, estilo jakin batzuk baino gehiago, underground mugimendua gauzak egiteko modu bat dela. Kontua ez da zenbat jende doan zure kontzertuetara, baizik eta egiten duzuna nola egiten duzun. Memoria dudanetik, eta hamar urte daramatzat Euskal Herritik kanpo, oso eszena aberatsa eta aktiboa dagoela esango nuke. Talde txikiek espazioa izan dute betidanik txosnetan, txikiak izan arren. Bartzelonan eta Madrilen ikusi izan ditut maila txikian edo etxekoentzat egiten diren kontzertuak, eta horiek ere underground izan daitezke.
Azken kontzertuon ostean agertokiak utziko dituzue denboraldi baterako. Zer darabilzue buruan?
Atseden hartzea. Baina, batez ere, hirugarren diskoa prestatu nahi dugu urte honetan, biran gauden bitartean oso zaila baita konposatzea eta sortzea.
Leire Villanueva 'Iseo'. Musikaria
«Argi dugu askatasun artistikoaren alde egingo dugula beti»
Iseo & Dodosound taldeak gaur eta bihar bukatuko du bira, Gasteizen. Villanuevak adierazi du pozik daudela egindako lanarekin, eta iragarri du kontzertu hauen ostean hirugarren lana prestatzeari ekingo diotela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu