Yolanda Arrieta Malaxetxebarriak (Etxebarria, Bizkaia, 1963) Musika plazako kioskoan du hitzordua entzuleekin gaur. Handik, Kirol Elkartearen egoitzara joango dira. «Ohi bezala, maletatxo bat eramango dut, neure gustuko olerkiz, ipuinez eta bestelako testuz beteta. Aurrean daukadanaren arabera erabakiko dut zer irakurri eta zer kontatu».
Omenaldia egingo dizute gaur Zarautzen. Horren harira, herriko ikastetxeetan landu dituzte testuak. Ikastetxeekin ohikoa duzu harreman estua.
Eskoletan asko ibiltzen naiz, bai. Nire barruko etxearen zutabeak dira literatura, euskara eta hezkuntza, eta hirurak lotzen saiatzen naiz. Autonomoa naiz pezetak zeudenetik, oso aspalditik. Aurten formakuntza tailer asko egin dut irakasleekin, esaterako, literatura eskolan nola jorratu, liburuekin zer egin lantzeko; baita gurasoekin ere. Gero, tailerrak ere egiten ditut ikasleekin, kontaketa eta idazketa tailerrak.
Lan horietan pilatutako esperientziak zenbateraino eragiten ote du zeure sormen prozesuan?
Ba ez dakit. Egia esan, ez naiz jabetzen. Dena doa azkar-azkar eta dena doa bola batean. Baina nik inkontzientean sinesten dut. Planak egitea, antolatzea, ondo dago, baina horiek, hein handi batean, inkontzienteak elikatzen dituela uste dut. Orduan, gauzak egiten ahalegintzen naiz bizitzan, eta isurian mantentzen; eta hor, egiten dudan guztia naiz; eta hor, ezinbestean, egiten dudan guztiak dauka eragina gero idazteko orduan. Oroimena eta irudimena elkarrekin bizi dira ganbaran, eta ez dago hormarik bien artean. Ez dago besterik. Horregatik nioen lehen dena dela bola bat. Eta dena da sormena. Jendearekin egotea ere sormena da niretzat.
Azken hilabeteetan hainbat liburu plazaratu duzu. Udazkenean, zehazki, hiru eman zenituen argitara: Klasikoak gaur, Mari Xor saiakera, Mari Xor albuma Aitziber Alonso ilustratzailearekin eta Bizenta Txiki ipuina.
Aukera sortutakoan argitaratzen ditut lanak. Denborari zuku gehiago ateratzen ikasten da urteekin, denbora mugatua dela. Nik argi daukat handitan ere idazle izan nahi dudala, eta eguna horri ematen diot. Beste gauza batzuk ere egiten ditut, jakina, baina interesatzen ez zaidana azkarrago baztertzen dut orain. Irautea merezi duten gauzetan jartzen dut arreta.
Adinak eman dizu hori?
Adinak... eta eskarmentuak. Eskarmentua orain ez da kategoria moduan aipatzen inon, baina niretzat oso garrantzitsua da. Lelo guai guztiak dira: Zu gaztea zara eta zuk dena ahal duzu, eta egia bakarra da zu ez zarela beti gaztea izango eta ezingo duzula inoiz egin nahi duzun guztia. Hori da eskarmentua, horretaz jabetzea. Horregatik, irautea merezi duten gauzen alde egitea da nire helburua. Ilusionatzeko, harritzeko, pentsatzeko, sentitzeko, amesteko, gogoratzeko eta hori guztia partekatzeko ahalmena da, niretzat, literatura, eta horren alde egin nahi dut.
Mari Xor ipuina ageri da udazkeneko zure bi lanetan. Aspaldiko laguna duzu, hala ere.
33 urte daramatzat Mari Xor-ekin bueltaka. Bakoitzak bere ipuin kuttunak ditu, eta hori niretzat halaxe izan da. Ziklo bat utzi nahi nuen udazkenean argitaratutako albumarekin eta Klasikoak gaur, Mari Xor saiakerarekin. Buelta asko eman dizkiot azken horri.
Zergatik?
Tradizioa berritu beharra daukagula esaten lehenengoa izan naiz ni neu, baina azken urteetan antigoalekotzat hartu eta baztertu egin dira, eta hori ere ez da kontua, nire ustez. Ondare horrek gaurdaino iraun badu, zerbaitegatik da. Eta saio horrek ekarri nau orain argitaratu dudan gazteentzako nobelara ere, Ataria-ra. Mari Xor aztertzerakoan, maitagarri ipuin bat dela ikusi dut, baina iniziazio bidaia bat dela ere bai. Zeharka bada ere, hor aurkitu ditudan gaiak erabili ditut nobelan. Baita ipuinaren egitura bera ere. Azken batean, orain oso boladan dauden telebista eta zinema sail distopiko horiek denek darabilte ipuin horretan aurkitu dudan egitura.
Denboran iraun duen egitura aipatu duzu, eta denboran jauzi egiten dute Ataria-ko pertsonaiek.
Nobela distopikoa eta utopikoa da; zientzia-fikzioa. Lau pertsonaiaren bidaia iniziatikoa kontatzen dut. Memoriari eta emozioz beteriko ahozkotasunari, urari, lurrari, jendeari ematen zaio garrantzia bertan. Irautea merezi duten gauzen aldarrikapen bat da, azken batean.
Lehen esan dut ez garela burua bakarrik, eta, oinarri-oinarri-oinarrian, orain dela urte mordoa bizi zen jendearen premia berberak ditugu. Bi galderatan laburbilduko nituzke premiok: «Zer nahi dut?» eta «zer ahal dut?». Hori ez da aldatu. Horrexek batzen gaitu iraganera, eta baita etorkizunera ere. Literatura da, niretzat, bi galdera oinarrizko horien inguruan soinekoak janztea eta —Literaturiari keinua eginez—, maskarak asmatzea.
Euskal letren sistemako oinarririk sendoenetako bat haur eta gazte literatura da. Aitortzen al zaio garrantzia sendotasun horri?
Ez, batere. Ez zaio kategoriarik onartzen. Egunkari batean lan egiten duzu zeuk ere, eta begira ezazu lehen orrian zein literatura dagoen, haur eta gazte literaturakoa non doan. Haur eta gazte literatura bigarren mailan jartzea gure haur eta gazte izatea bigarren mailan jartzea dela uste dut,eta hala doakigu gero, heldutasunaren izenean handikeriak egiten.
Literaturia. Yolanda Arrieta. Idazlea
«Argi daukat handitan ere idazle izan nahi dudala; eguna horri ematen diot»
Omenaldia egingo diote gaur idazleari, 12:30ean, Literaturia jaialdian. Ordubete lehenago, kontalari lanak egingo ditu, 'Letren maskarapean' izenburupean. Horixe du bizibide eta grina aspaldidanik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu