Argi bat iluntasunean

Xabier Gereño idazlea eta ohorezko euskaltzaina hil da; 150 obratik gora idatzi zituen, eta euskara izan zuen kezka nagusiHainbat agerkaritan idatzi zuen, eta Cinsa liburu eta diskoen argitaletxea sortu zuen

Xabier Gereño, idazle eta euskararen langile nekaezina (Bilbo, 1924-2011). ZALDIEROA.
gorka erostarbe leunda
2011ko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Ezinbestean, adinaren higatzeak eraginda, erritmo lasaiagoan bizi zen azken urteetan. Baina ezerk nabarmenarazi bazuen, lanerako grinak, aktibitateak eta ekimen sustatzaile izateak nabarmenarazi zuen Xabier Gereño idazle eta ohorezko euskaltzaina. «Lanean eta hurbileko etorkizunean baino ez dut pentsatzen, badakit eta etorkizun luzerik ez dudala», esan zuen Euskadi Irratian egindako elkarrizketan, 2004an. Atzo hil zen Gereño, Bilbon, 86 urte zituela. Alargundu zenez geroztik,Bilbobizi izan zen, San Ignazioko Bakearen Erregina egoitzan, bere Deustuko etxetik gertu. Astelehenean egingo diote hileta elizkizuna, Deustuko San Pedro elizan, 19:00etan.

Ipurterrea zen berez, eta euskararen eta euskal kulturaren inguruko kezka izan zuen bere jardunbideen lema bizi osoan. Idazle oparoa izan zen, izan denik eta oparoenetakoa. Guztira, 150 liburutik gora argitaratu zituen. Antzerkia eta eleberria landu zituen oroz gain. Frankismoaren garai ilunetan argia eman nahi izan zion euskarari, eta euskarazko idazkuntzari, eta idazle berantiarra izanagatik, gogoz eta konbikzio sendoarekin heldu zion langintza horri. Alabaina, idatzi zuen literaturaz besterik, eta egin zuen bestelako ekarpenik. Besteak beste, agerkari hauetan eman zituen argitara bere idazlanak: Txistulari, Karmel, Dantzari —berak sortu zuen—, Zeruko Argia eta Anaitasuna, Aizu!, Bilbao eta El Mundo.

Euskal abesti berrien txapelketa eratu zuen Bilbon, 1965. urtean, baina agintariek debekatu egin zuten. Txapelketa horretan, Benito Lertxundik eta Lourdes Iriondok hartu zuten parte, besteak beste. 1950eko hamarkadan, Miarritzeko eta Baionako udalekin batera, hainbat jaialdi antolatu zituen Ipar Euskal Herrian ere. Euskal Herriko Txistularien Elkarteko sortzaile ere izan zen, eta Bilboko San Anton orfeoia sortu zuen taldeko partaidea ere izan zen.

Xabier Lopez de Gereño Arrarte zuen izena, baina Xabier Gereño deiturarekin egin zen ezagun. Bilbon jaio zen, 1924ko abuztuaren 12an. 1936ko gerra hasi zenean, aita lanetik bota zuten, eta familiak Kanarietako Las Palmas hirira alde egin zuen. Hiri horretako goi mailako Merkataritza Eskolan ikasi zuen, eta, Bilbora itzuli zenean, Merkataritza intendente ikasketak amaitu zituen. 33 urtetan, kontularitza ardura izan zuen La Aeronautica S.A. lantegian. Haren enpresan lankide zuen Manuel Landaluze txistulariarekin txistua ikasi zuen, eta dantza taldeen ekintzak eta bidaiak antolatzeari ekin zion. Euskal kulturaren dinamizatzaile eta ekintzaile izan zen frankismo garairik minenean, eta ez zuen etsi bere langintzan. Hainbestekoa zen Gereñoren aktibitatea, ezen Gabriel Aresti adiskideak inurritxo deitzen baitzion; «oso behargina nintzelako».

Bi aldiz espetxeraturik

Euskal kulturgintzan barneratzen hasi orduko pilatu zitzaizkion trabak eta arazoak Gereñori. Euskara akademia bat sortu nahi izateagatik, hamabost egun igaro zituen espetxeraturik. Ez zen izan preso eraman zuten aldi bakarra, 20 urte geroago berriro kartzelatu baitzuten, Basaurin (Bizkaia). Beste zenbait lagunekin batera Cinsa liburu eta disko argitaletxea sortu zuen, 1961ean. 42 disko eta beste zenbait liburu argitaratu zituzten. Merkataritza enpresen egitura erabilita euskal kulturaren aldeko ekintzak zabaltzea zuen helburu argitaletxe horrek; musika, bereziki. 1968an, Julen Lekuonaren Ez, ez dut nahi kantuak behar zuen baimenik ez zuen eskuratu, eta beste hamabost egun eman behar izan zituen espetxean.

Bi espetxeratzeez gain, atxiloketa gehiago ere pairatu behar izan zituen euskaltzale eta ekimen antolatzaile modura. Bigarren espetxealdiaren ostean, 1968 inguruan hasi zen literatura idazten. 40ak ondo igarota zituela hasi zen idazten. Aitor Zuberogoitiak Jakin aldizkarian 2003an egin zion elkarrizketan azaltzen du ekimen batetik bestera igarotzeko arrazoia: «Izan ere, horixe baita nire filosofia: ate bat ixten denean, leihoa zabaldu beharra dago. Eta, hori zarratuz gero, beste bat ireki. Geldirik ez egon». Hasi bazen hasi zen idazten, eta ia atsedenik gabe idatzi ere hurrengo urte luzeetan. Arantza artean (1969) eta Argi bat iluntasunean (1970) izan ziren bere bi lehen nobelak, biak ere gatazka eta kezka sozialen ingurukoak. Eleberri eta antzezlanez gain, euskara ikasteko hainbat liburu eta biografia ere idatzi zituen; Zumalakarregi, Napoleon edo Mahomaren gainekoak, esaterako.

Politikan ez sartzeko aholkua emana zion aitak, baina trantsizioaren urteetan Euskadiko Ezkerraren jarraitzaile bihurtu zen, Juan Mari Bandresen eraginez, batez ere. Euskadiko Ezkerraren desagertzea eta emaztearen heriotza aldi bertsuan gertatu ziren, eta zera zioen horren inguruan: «Batzuk PSEra joan ziren, beste batzuk EAra, eta ni hemen geratu nintzen, zahar etxean». Edonola ere, azken urteetan aitortu zuen euskal nazionalismotik aldendu egin zela, norbera jaiotako lekuak hainbesteko garrantzirik ez duela aldarrikatuz.

Geratu zen zahar etxean, baina ez geldi. Euskal Irrati Telebistako lehen Administrazio-Kontseiluko kide izan zen, eta 1980tik 1988ra arte Euskaltzaindian lan egin zuen, erakunde horretako kontabilitatea antolatuz; eta euskarazko ereduak sortu zituen langintza horretarako. Lehenagotik zuen harremana Euskaltzaindiarekin. 1965eko irailaren 24an izendatu zuten euskaltzain urgazle, eta 1998ko apirilaren 24an izendatu zuten euskaltzain ohorezko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.