Argazkitik at dagoena

Asier Osinalde Vidalek lehenengo liburua argitaratu du, Ereinekin: 'Baina ez lukete han egon behar'. Bilduma bat da, hamabi ipuinekoa

Asier Osinalde Vidal, Baina ez lukete han egon behar ipuin bildumaren aurkezpenean, atzo. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Maialen Unanue
Donostia
2017ko ekainaren 13a
00:00
Entzun
Bere lehenengo liburua kaleratu du Asier Osinalde Vidalek, Erein argitaletxearekin: Baina ez lukete han egon behar. Hamabi ipuinez osatutako bilduma bat da. Egileak azaldu duenez, ipuin guztiek egiten dute «kanpoko mundutik barruko mundura» bidaia, «azaletik muinerakoa»: «Izan ere, barruan gordetzen dugu benetan inporta zaiguna, eta, normalean, gainera, ez ditugu konpartitzen halakoak».

Osinalderen esanetan, hiru dira, batik bat, maiz agertzen diren elementuak: argazkiak, ispiluak eta begiak. «Konturatu naiz hiru elementu horiek badirela kanpoko munduaren eta barrukoaren arteko muga, eta, era berean, bi mundu horien arteko zubi ere badirela». Liburuaren azalean, hainbat argazki marko ageri dira pareta batean zintzilik, baina ez dute argazkirik erakusten. «Ez dakit gertatu zaizuen argazki baten aurrean jarri, edo, hobe esanda, erretratu baten aurrean jarri eta pentsatzea: 'Ondo dago, baina nor da argazki horretan azaltzen den hori?'». Haren esanetan, argazkiek irudi bat erakusteaz harago, ez dute kontatzen ageri diren pertsonen testuingurua edo zer sentitzen zuen. «Horixe egiten saiatu naiz ipuin hauetan: ikusten ez denetik ikusten denerako bidaia intimoa».

Era askotako pertsonaiak sortu ditu Osinaldek ipuinotan: besteak beste, jostun bat, argazkilari bat, bere herrialdetik ihes egiten duen tabernari bat, Erasmus ikasle bat, heriori izkin egiten saiatzen den lorezain bat eta preso ohi bat. Baina guztiek dute elkartzen dituen zerbait: «Saiatzen dira egunerokoan beren atsekabe eta frustrazioekin, esperantza eta ametsekin, beldur sekretu eta ahuleziekin aurrera egiten: bizi dugun egoera likido edo ezegonkorrean orekari eusten saiatzen dira». Ez dute denek lortuko, ordea: «Batzuek alanbrearen gainean irautea lortuko badute ere, beste batzuk erori egingo dira; badaude alanbrean betiko zintzilik geldituko diren batzuk, baita alanbrearen gainean dabiltzanik konturatzen ez direnak ere».

Pertsonaiak eta ipuinak «ustez independenteak» dira, baina batzuek zein besteek elkar eragiten dute: horrela, bildumari osotasuna ematen saiatu da Osinalde. «Pixkanaka, armiarma sare lauso bat sortzen da: badaude bukaera arte elkartzen ez diren eta modu paraleloan aurrera egiten duten istorioak». Azken ipuinean egiten dute guztiek bat, Euskal Herrian kokatutako fikziozko herri batean, Ibar izenekoan.

Saritutako ipuinak

Osinaldek gogoko du bidaiatzea, eta ugari dira ipuinetan ageri diren lekuak: Argentina, Alemania, Italia, Espainia... Ipuinak «nahiko bisualak» dira, eta orainaldian idatzita daude guztiak, «gaurkotasuna eta gertutasuna emateko»; esaldi motzak erabiliz, bizitasuna ematen saiatu da ipuinei.

Lanbidez irakaslea da Osinalde, eta «diziplina handirik gabe» idatzi izan du, azaldu duenez. 2012ko irailaren eta 2014ko otsailaren artean idatzitako ipuinak dira, eta bildumako ipuin batzuk —orain argitaratu direnen aurreko bertsioak— sarituak izan ziren, lehiaketa desberdinetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.