HILBERRIA. Ramon Serras

Argazkilaritza museoan sartu zuen artista

JON URBE / FOKU.
amaia igartua aristondo
2021eko otsailaren 2a
00:00
Entzun
Argazkilari sonatua ez ezik, ofizioaren dibulgatzailea ere izan zen Ramon Serras (Zarautz, Gipuzkoa, 1943- 2021). Herenegun hil zen, 77 urte zituela, lan oparoa egin eta gero: ehun erakusketatan baino gehiagotan parte hartu zuen, eta haren izena lotuta dago ezinbestean Zarauzko Argazkizale Elkartearekin, baita hango Photomuseum museoarekin ere, bien ala bien sortzaileen artean baitago.

Etxetik bertatik jaso zuen argazkilaritzarekiko grina, aitarengandik zehazki, eta 1970eko hamarkadaren bukaeran eman zuen afizioa ofizio bihurtzeko lehen pausoa, argazkilaritzan hezten hasi baitzen bere kabuz. 1982an bakarkako bere lehen erakusketa antolatu zuen, Zarautzen bertan, Sanz Enea kultur etxean; beste hainbatetan erakutsiko zituen bere lanak jaioterrian, baina dagoeneko Leopoldo Zugazarekin batera sortua zuen Photomuseumen. 1993an hasi zuen ibilbidea museoak: argazki egile ez ezik biltzaile ere izaki, bildutakoak ikusgai jartzea erabaki zuten Zugazak eta biek. Argazkilaritza museoa ez zen izan, ordea, Serrasek bultzatutako instituzio bakarra: 1980an, Zarauzko Argazkizale Elkartea sortu zuen, eta bertako zuzendari ere izan zen, sorreratik 1985. urtera arte.

Alabaina, Zarauztik kanpo ere ezagunak izan ziren Serrasen obrak, eta nazioarteko oihartzuna izan zuen, erakusketak antolatu baitzituen, hala nola Italian eta AEBetan. Jaioterriak, ordea, tira egin zion beti, Zarauztik kanpo erakutsitako bildumetako askok udalerria bera agertzen baitzuten; orobat dibulgatzaile gisa ere Zarautz izan zuen jomuga sarritan, bertako argazki zahar mordoa erosi eta gorde baitzuen. Horietako asko Zarauzko argazkiak (1866-1936) liburua ontzeko erabili zituen.

Sariak ere ez zituen gutxi izan, nazioartekoak batzuk, eta are bikoiztuak pare bat: bi aldiz gailendu baitzen —1985 eta 1986an— Erresuma Batuko Birkenead sarian, esaterako. Sorlekutik ere etorri zitzaion aitortzarik: 2018an, Kultur Merezimenduaren domina eman zion Zarauzko Udalak, 75 urte bete zituen egunean bertan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.