Pertsonaia. Alberto Schommer

Argazkilari pausatua

2013ko azaroaren 9a
00:00
Entzun
Alberto Schommer (Gasteiz, 1928) ez da kameraren kliskagailuari erraz zapaltzen dioten horietakoa. Bere argazkiak ez dira kasualitatearen ondorio, ondo baino hobeto hausnartutako prozesu baten emaitza baizik. Mende erditik gora daramatza argazkiak egiten, eta egungo teknologiak argazkiak egitea erraztu badu ere, ez du uste edonor argazkilari izan daitekeenik: «Argazkilaritza ez da hutsala eta arina, eta ezta ere erraz egin daitekeen zerbait». Atzo, Espainiako Argazkilaritza Sari Nazionala eman zioten Schommerri, «etenik gabe eta 50 urtez baino gehiagoz argazkilari gisa egin duen ibilbideagatik».

Saria pozez hartu du gasteiztarrak: «Hauxe da jaso nezakeen berririk garrantzitsuena eta ederrena. Bizitzan behin bakarrik gertatzen den zerbait da». Dena den, askoren ustez berandu heldu den berria dela aipatu du: «Ez dakit zeintzuk izan diren hainbeste urtetan saria ez emateko arrazoiak. Lagun ditudan argazkilari askok egiten duten galdera da hori».

Berriki zendu den emazteari eskaini dio saria, eta abuztuan hil zen Oriol Maspons argazkilaria ere izan du gogoan eskerrak ematerakoan. «Masponsekin injustizia itzela egin delakoan nago. Pena da hark sari hau jaso ez izana. Iruditzen zait ez direla garai hartako hainbeste argazkilari geratzen».

Hurbileko historiaren lekuko da Schommer, eta epaileek, hain zuzen ere, gizartearen aldaketa sozialaren eta kulturalaren lekuko dela nabarmendu dute. Bestetik, gai guztiak jorratu izana eta argazkilaritza garatzen eta berritzen lagundu izana goraipatu dute.

Argazkilaritza digitalaren boomaren garaian argazkilaritza pausatua eta sentitua defendatzen jarraitzen du, eta argazkiak egitea kliskagailuari eragitea baino zerbait gehiago dela dio: «Kliskatzerakoan beharrezkoa da bizitasuna eta talentu izugarria izatea, eta emozioz beteta egotea». Izan ere, argazki bakoitza egin aurretik lortuko duen emaitza ondotxo baitaki Schomerrek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.