Zalantza inteligentziaren marka dela dio Joan Fontcuberta argazkilariak (Bartzelona, 1955). «Argazkigintza egiazko errealitate gisa aurkezten den fikzioa da. Erakutsi eta uste dugunaren kontra, argazkiak gezurra dio beti. Garrantzitsuena, baina, ez da gezur saihetsezin hori, baizik eta argazkilariak zertarako erabiltzen duen; zer helburu duen. Gezurrak ondo esaten dakien hori da argazkilari ona». Gezurti konpultsiboa da Fontcuberta, beraz. Dioenez, begirada kritikoa sustatzea da bere lanen xede nagusia: «Gure begiradan duda txertatzea beharrezkoa da». Sortzaile katalanak hainbat esperimentu gauzatu ditu errealitatearen eta fikzioaren arteko muga lausoa agerian jartzeko, eta nazioarteko aitortza ere lortu du: besteak beste, 2016an Hasselblad saria jaso zuen, zeina argazkigintzaren Nobel sariaren parekoa baita.
Euskal Herrian hainbatetan erakutsi du bere lana, eta Bilboko Azkuna zentroan ikusgai dagoen Inoiz ez erreala. Beti egiazkoa erakusketan ere parte hartu du. Fontcuberta egon berri da Bizkaiko hiriburuko Gutun Zuria nazioarteko jaialdian, fikzio fotografikoari buruzko mahai inguru batean.
Irudiaren ulermena aldatu egin dela diozu, eta argazkiak lengoaia bihurtu ditugula.
Uste dut beharrezkoa dela argazkigintzak izan dituen aldi historikoak bereiztea. Sortu zenean, argazkiak ateratzen jakitea jakintza mugatua zen: profesionalek eta zaletu amorratuek soilik menperatzen zuten, eta, haien konplexua eta garestia zenez, momentu zehatzetarako gordetzen zen. Gerora argazkigintza amateurragoa azaldu zen, eskuragarriagoa, baina oraindik ere kostu ekonomikoei lotua. Esango nuke orduan ere oro har okasio berezietarako gordetzen zela argazkiak egitea. Guztia irauli da hori orain, argazkiak egiteak inolako kosturik ez duen fase batera igaro baikara.
Bada, zein da aldaketa nagusia?
Gaur egun, ez dugu galga ekonomikorik, ezta teknikorik ere. Argazki kamerek eta sakelako telefonoek argazkiak ateratzeko tresnak txertatu dituzte. Ez soilik hori: egindako argazkia gure gustukoa ez bada, irudia ezabatu eta beste bat egin dezakegu berehala. Proba eta hutsegiteen ondorioz, denok bihurtu gara argazkilari. Hori da oinarrizko aldaketa: lehen, argazkigintza idazketa eta memoria zen, eta orain lengoaia da.
Prozesu hori da post-argazkigintza esaten diozuna?
Aldaketa erabakigarria da, argazkiak egiteko gaitasuna gure egunerokoan txertatu baitugu. Konturatzerako, emotikono eta irudien bidez komunikatzen hasi gara. Hitzezko adierazpenak ikusizko adierazpenengatik ordezkatzen ari gara, nolabait. Adibide bat jarriko dut: demagun norbaiti itxaroten ari garela, bilera bat dugulako. Berandutzen ari bada, aulki hutsaren argazkia edo bere hutsunea irudikatzen duen argazkia bidali, eta hartzaileak berehala ulertuko du bera interpelatzen ari garela. Hori da muina: argazkia komunikazio sozialerako tresna bihurtu da. Aldaketa ez da horrenbeste teknikoa edo teknologikoa, baizik eta antropologikoa eta soziologikoa. Irudia erabiltzeko eran dago alderik nabarmenena, eta fase horri deitzen diot nik post-argazkigintza. Laburrean, argazkigintza sortu zuen egitura ideologikoa aldatu da. XIX. mendeko behar politiko eta ideologikoei erantzunez sortu zen, eta XXI. mendean gaude orain, globalizazioaren eta munduko ekonomien aroan. Sektoreak errealitate horri erantzun behar dio orain; ezin du duela bi mendeko funtzio bera izan.
Argazkigintzaren hutsaltze bat nabari duzu?
Ez nuke esango banalizazio argirik dagoenik. Egia da: orain horrenbeste argazki ateratzen ditugu, ezen horietako asko hutsalak baitira. Baina hori gertatzen da mintzairarekin: hitz egiten dugun guztietan ez gara literatura egiten ari. Irudien naturalizazio prozesuak berez dakar hutsaltasuna. Hitzari garrantzia kendu diogun era berean kendu diogu inportantzia irudiari.
Multzo horretan sartuko zenuke selfie-ak egiteko fenomenoa?
Zirraragarria iruditzen zait selfie-aren fenomenoa, azaldu dudan post-argazkigintza prozesuaren adibiderik argiena baita. Roland Barthes filosofo frantsesak argazkigintzaren noema deskribatu zuen. Hark zioenez, gure kulturaren eta oinarrien eraginez, oinarrizko elementu baten bidez bereizten ditugu argazkia eta irudi piktorikoa: denbora. Argazki bat ikusten dugun unean, badakigu denbora zehatz bat igaro dela momentu horren eta argazkian azaltzen denaren artean; hau da, iragana eransten diogu irudiari. Selfie-ak bestelako bi elementu txertatzen ditu ulermen horretan: norbera kokatzen du irudian, eta baita orainaldia ere. Hortaz, argazkiaren esangura aldatu egiten du: jada helburua ez da errealitatea erakustea, baizik eta norbera errealitate horretan kokatzea. Fenomeno soziologiko gisa izugarria iruditzen zait.
Indibidualismoaren sintoma ere bada.
Teknologikoki ere urratsak egin dituzte, eta argazki kamera eta sakelako telefonoek joera horiek txertatu dituzte. Oso erraza litzateke kamera ondoan dugun beste bati ematea eta hark argazkia ateratzea, baina indibidualismoaren joerari ere lotzen zaio selfie-a. Onerako edo txarrerako den ez dakit: aldaketa guztiek dituzte galerak eta irabaziak.
Zer irabazi nabarmenduko zenituzke?
Autonomia aipatuko nuke. Gure irudiaren kudeaketa guk geuk egin dezakegu orain. Are gehiago: gaur egun, norberak erabakitzen du zer itxura erakutsi nahi duen. Orain arte, beste norbaitengana jo behar izaten genuen gure erretratua egiteko: argazkilariarengana edo margolariarengana. Gaur egun autonomoak gara, eta garrantzitsua iruditzen zait hori. Esango nuke emakumeek nabaritu dutela gehien. Orain arte begirada maskulinoaren galbahetik igaro dira, argazkilari eta margolari gehienak gizonak izan direlako. Errealitate hori aldatu egin da. Soziologikoki eta psikologikoki garrantzitsua da.
Berri faltsuen harira hainbat esperimentu egindakoa zara.
Nire lanaren ardatza ikusleei tranpak jartzea da. Argazkigintzaren ezaugarri nagusietako bat egiazkotasuna izan da. Ikusleak aitortu izan du irudietan jasotzen zena erreala zela, eta orain dela gutxi arte errespetatu egiten zen argazkigintzaren alde hori: argazki bat ikusten genuenean ez zen zalantzan jartzen kameraren aurrean gertatutakoa zela zekarrena.
Duda txertatzea da, beraz, zure lanaren ardatza?
Bai, argi eta garbi. Zalantza interesatzen zait. Uste dut duda inteligentziaren produktua dela, eta aurkako ezaugarriak direla sineskortasuna eta dogma. Argazkigintza eguneroko bizitzaren metaforatzat dut nik, eta horregatik uste dut argazkigintzarekiko begirada kritikoa bultzatzen baldin badugu gure bizitzaren gainontzeko eremuetara eraman ahal izango dugula praktika hori.
Ximo Berenguer fikziozko argazkilariaren historia sortu zenuen iaz, eta askok amua irentsi zuten. Sona handikoa izan zen.
Iraupen luzeko egitasmoa izan zen hura; bi urte eman nituen ikasleekin dena lantzen. Aztertu nahi nuen ea posible den fake new bat sortzea baliabide eta informazio guztia eskura ditugun aro honetan. Gaur egun, mila atari ditugu eskura: Google, Wikipedia... Eta jakin nahi nuen zurrunbilo horrek ahalbidetzen ote duen berri faltsu baten hedapena. Bada, nire ustea da baliabide eta konfiantza horren eraginez errazagoa dela fake-ak sortzea, baliabide edo tresna horiek manipulatu besterik ez direlako egin behar. Nik argazkilari valentziar bat asmatu nuen, Ximo Berenguer izenekoa.
Biografia ere jarri zenuten sarean. Boterearen mugak fokuan jartzea izan zen egitasmoaren xedeetako bat?
Asmatu genuen frankismo betean Bartzelonara ikastera joan zela, homosexuala zela, hainbat mugimendu klandestinotan aritzen zela, eta 30 urte zituela motor istripu batean hil zela, liburu bat prestatzen ari zenean. Urte batzuk igarota, liburuaren maketa aurkitu eta argitaratu zutela ere zabaldu genuen. Trantsizio garaiko telebista programa batek zuen izen bera jarri genion: A chupar del bote. Gaur egun gertatzen ari denarekin lotu nahi nuen proiektua. 1978ko erregimenaz hitz egiten dugunean, agerikoa da labur geratu ginela, inoiz baino agerikoagoak baitira orduan ezarri zen sistemaren mugak. Hondo ironikoa du auzi honek, eta aktualitate politikoarekin oso lotua. Trantsizioari egindako oda bat da, finean.
Prentsak ere sinetsi zuen Berenguerren istorioa?
Izugarria izan zen. Argazkilariari buruzko aurkezpenak egin zituzten, baita konferentziak ere. Hedabide hainbatek artikuluak ere idatzi zituen Ximo Berenguerri buruz. Zurrunbiloa sekulakoa izan zen, eta agerian geratu zen norainokoa den artearen historiografiaren eta artearen merkatuaren hauskortasuna. Argi utzi nahi dut esperimentuaren helburua ez zela izan jendea irrigarri uztea; are gehiago, nik lagun ditudan hainbatek ere irentsi zuten Berenguerren istorio guztia.
Boterearen erabilera publiko egiteko era bat ere bazen.
Ni neu ikasle talde batekin hau egiteko gai izan banaiz, zer ez dute egingo galeria handiek, museoek eta bildumagileek, baliabide guztiak eskura dituztenean? Nik irudimen pixka bat besterik ez nuen erabili, behar den tokian informazioa jarriz eta Internet sareak kutsatuz. Zer ez dute egingo, bada, boteredunek? Argi ibili behar dugu. Horregatik diot beharrezkoa dela gure begiradan duda txertatzea.
Akaso balio du diozun horrek Katalunian gertatzen ari denari aplikatzeko?
Zalantzarik gabe. Gertatzen ari denaren testigu izateak zirrara sortzen dit. Aldi historikoa da, zalantzarik gabe, eta lehen lerroan egotea eta horretan parte hartzea pribilegioa da niretzat. Korapilatsua da bizi dugun garaia, baina baikorra naiz; uste dut zentzutasuna gailenduko dela. Oraingoz, alfonbrak estalita egon diren hainbat auzi ikusarazteko balio izan du honek: frankismoaren hondakinak, botere banaketaren fartsa, monarkiaren absurdoa... Kataluniako auziak eragindako hamaika ertz sortzen ari dira. Nik uste dut demokraziaren kalitatearen eta balio zibikoen inguruko auzia besterik ez dela hau guztia. Eta hortxe dago koxka: nola zuzendu hondoratzen ari den sistema demokratiko bat.
Zer argazki jarriko zenioke aldi historiko honi?
Xingola horiarena [irriz]. Liburu bat idazteko beste ematen du gertatzen ari den guztiak. Epaiketa fartsa bat da, eta agerian geratzen ari da.
Joan Fontcuberta. Argazkilaria
«Argazkigintza memoria zen lehen, eta lengoaia da orain»
Joan Fontcuberta argazkilari katalanak uste du hitzezko adierazpenak irudizkoekin ordezkatzen ari direla, eta ezinbestekoa dela ikusten dena zalantzan jartzea, argazkiek saihetsezina dutelako gezurra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu