Argazkien arteko zubi

XIX. mendeko argazkilariak eta garaikideak lotu ditu Nafarroako Unibertsitateko Museoak, 'Tender puentes' proiektuaren bitartez

Ander Perez Argote
Iruñea
2015eko urriaren 9a
00:00
Entzun
Nafarroako Unibertsitateko Museoko artxiboetan gordetako 16.000 argazkien artean, 1848ko bat da zaharrena. Berriena, orain hilabete gutxikoa. Mende eta erdi luzeko ibilbidea dago bienartean, eta proiektu bat, elkar lot daitezen. Joan den astean aurkeztu zuten Tender puentes egitasmoa, lotura horren erantzule nagusia. Jaime Garcia del Barrio museoko zuzendaria, Santiago Olmo eta Rafael Levenfeld egitasmoaren komisarioak eta Carlos Canovas zein Manolo Laguillo argazkilariak izan ziren aurkezpenean.

Egitasmo «ezohikoa» da Tender puentes, Levenfelden hitzetan. 1990eko hamarkadaren hastapenetan du jatorria, Opuseko unibertsitateak «ez bildumarik eta ezta museorik ere ez zuenekoa». Garai hartan, edonola, bazen unibertsitatean «distira» berezia zuen zerbait, Jose Ortiz Echague argazkilari espainiarraren bilduma, hain justu. Ondare hura «zaharberritu eta ikertzeko» hautua hartu zuen orduan unibertsitateak, eta, emaitza ikusita, argazki bilduma zabaltzeko urratsak egiten hasi zen. Bilduma berriak erosi zituen, argazkilaritzaren jatorrizko garaietako materiala eskuratuz. Ondarea zabalduta, ordea, «argazkilari garaikideekiko lotura» falta sumatu zuten unibertsitateko arduradunek. Eta hutsune hori betetzeko, martxan jarri zuten Tender puentes egitasmoa, 2002an.

Hamahiru urteko ibilbidean, beraz, harremanetan jarri dituzte XIX. mendeko argazkiak gaur egungo argazkilariekin. Olmok dioenez, mende horretako lanekin «sentsibilitate berezia» duten artista garaikideak bilatu dituzte horretarako, «modu kuriosoan» begiratu diezaioten museoaren bildumari. Proiektuaren muina, hain justu, zera da: argazkilariak gonbidatu, museoko ondareko argazki zaharretan araka eta iker dezaten, hortik abiatuta obra propioa sortzeko, eta erantzunak eman diezazkieten lehen aitzindari horien inguruko galderei —zerk bultzatzen zituen argazkiak egitera?—. Oraingoz, 17 argazkilarik erantzun diote erronkari.

Orain arteko asmoa, Levenfeldek dioenez, «ez da besterik gabe bilduma handitzeko obrak erostea izan». Hortik harago, «artistek ahotsa jar dezaten» nahi izan dute arduradunek, asmoa ez baita «komisarioaren ahotsa nagusitzea». Gainera, obra berrien zein zaharren gainean «diskurtso teorikoak» sortzea ere izan da egitasmoaren helburuetako bat. Sormenak, nolabait, ikerketari laguntzea. Alde horretatik, Tender puentes programak museoaren «jarduera kuratoriala eta unibertsitate museoa izatearen berezitasuna» erakusten duela uste du Garcia del Barrio zuzendariak. Era berean dio harena «ikertzen duen museoa» dela.

Programaren azken lanak

Joan den osteguneko aurkezpenean, gainera, Tender puentes programan parte hartu duten bi argazkilarien lana ezagutzeko parada izan zen.

Carlos Canovas nafarrak Séptimo cielo bilduma aurkeztu zuen. Azaldu zuenez, bere «obsesioen» inguruko lana aurkeztu du. Eta zehazki azaldu zuenez,«argazkilaritzaren hastapenekin daude lotuta» obsesio horiek. Hain zuzen ere, hiri handietako aldiriak erretratatu zituzten lehen argazkilariengana jarri du arreta Canovasek, eta, haiek egin bezala, «printzipioz edertasunik ez duten objektuetan» paratu du fokua. Ate bat, horma apurtu bat, sastrakak, kasurako. Gaiari, aspalditik zetorkion «kolorean lan egiteko desioa» gehitu dio artistak, eta bi osagaien baturaz ondu du erakusketa.

Manolo Laguillok, berriz, Las provincias 2014-2015 lana osatu du museoko egitasmoaren barruan. Espainiako estatuko zortzi probintzia hiriburu aukeratu ditu, «demografikoki oso hazkunde apala» izan dutenak, hain zuzen ere: Zamora, Palencia, Soria, Teruel, Segovia, Caceres, Ciudad Real eta Jaen. «Albo batera utzitako» hiriak dira horiek guztiak,«hiritik landarako jauzia oso bortitza dena». Oinarri horrekin, Canalettoren «argazkilaritzaren aurreko ikuspuntua» imitatzen saiatu da Laguillo, non «lehenbizi marraztu eta gero grabatzen zen». Eta XIX. mendeko argazkilariekin ere lotura bilatu nahi izan du: «Ez zait interesatzen neure burua adieraztea, baizik eta lekuak adieraz daitezela nire bitartez».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.