Argazkiaren aurrea eta bitartea

Nafarroako Unibertsitateko Museoan inoiz izandako erakusketarik handiena ireki dute: 900 piezatik gora biltzen ditu; gehienak grabatuak dira. Argazkilaritzaren jatorriari buruzkoa da. 2024ko abuztura arte izanen da ikusgai

Bisitari bat, Amestutako mundu bat. Argien Mendetik argazkilaritzaren jaiotzara erakusketako zenbait obrari so. IÑIGO URIZ / FOKU.
Uxue Rey Gorraiz.
Iruñea
2023ko azaroaren 2a
00:00
Entzun
Lapitzez trazatutako marrazkiek aski izateari utzi ziotenekoa biltzen du Nafarroako Unibertsitateko Museoan irekitako erakusketa berriak. Zehatzago esanda: XVII. mendetik aurrera komunitate zientifikoa marrazkien fidagarritasuna zalantzan jartzen hasi zenekoa, artistaren begirada subjektiboak marrazki errealistak egitea eragozten zuelakoan. Izan ere, aurkikuntzen berri emateko, zehaztasun absolutua nahi zuten grabatuetan, definizio erabatekoa, detaileak xehe irudikatzea. Eta argazkilaritzak eman zien desio zutena, XIX. mendean. Ordura artekoaren kontakizuna da, finean, Amestutako mundu bat. Argien Mendetik argazkilaritzaren jaiotzara erakusketan dagoena. Irudigintzaren garapenarena.

Museoan sekula izaniko erakusketarik mardulena da: bi solairu oso hartzen ditu, eta 900 piezatik gora daude jasota guztira —hala nola marrazkiak, grabatuak eta argazkiak—. Gainera, kasik urtebetez izanen da zabalik: 2024. urteko abuztuaren 18ra arte ikusten ahalko da, zehazki.

Dideroten entziklopediak

Nafarroako Unibertsitateko Museoko arte zuzendariak dira erakusketaren komisarioak: Rafael Levenfeld eta Valentin Vallhonrat. Aurkezpenean azaldu zutenez, ilustrazio zientifikoaren eboluzioari eta argazkilaritzaren jatorriari erreparatzeko «aparteko modu bat» eskaintzen du bildumak. «Orain arte gehiegi arakatu ez diren ideia batzuei egiten die so: argazkilaritzaren aurrekari izan ziren tradizioei. Argien Mendean izandako zientzia aurrerapenei, orduko zientzia espedizioei, eta, batez ere, aurkikuntzen berri emateko irudiak sortzeko asmoz artean sustatutako garapenei», adierazi zuen Levenfeldek.

Erakusketako piezarik zaharrenetarikoak Dideroten eta D'Alemberten entziklopediak dira. Berrienak, berriz, XIX. mendearen bigarren erdikoak dira: Ekialdeko lehenbiziko argazkietako batzuk. Zaharrenetan zein berrienetan, guztietan dira oso presente fauna, flora, geologia eta arkitektura.

XVIII. mendean sorturiko piezei dagokienez, landareen ilustrazioek aise bereganatzen dute bisitariaren arreta. Vallhonraten esanetan, orduko ikerlariek tema zuten deskubritzen zituzten landare espezie guztiak iruditan islatzea, eta, horiek horrela, marrazki horiek ahalik «perfektuenak» izan zitezen, artistei eskatzen zieten ilustraziook egiteko. Hain zuzen, joera horren zenbait adibide dira Iruñean ikusgai: Christophorus Jacobus Trewen eta Georgius Dionysius Ehreten Plantae Selectae ikerketatik abiaturik Johannes Elias Haid artistak eginiko margolan koloretsuak, adibidez. Justin Friedrich Bertuchen zenbait akuarela ere jaso dituzte.

Edonola ere, komisarioen iritziz, Ekialdeko lehenbiziko argazkiek bistaratzen dute erakusketaren giltzarririk inportanteena: argazkilaritzak ekarri zuen iraultza.«Ziztuan ikusi zen argazkia zela egiazkotasunaren ziurtagiri gisa funtzionatuko zuen erreminta», adierazi zuen Levenfeldek, eta gogoratu François Arago akademikoak Parisko Zientzien Akademian aurkeztu zuela argazkilaritza, 1839an, nabarmenduz zeinen tresna baliagarria izanen zen aurrerantzean.

Hain zuzen ere, argazkiaren lehenbiziko urratsei dagokienez, Napoleonen espedizioetan ateratako hainbat dagerrotipo —argazkiaren aurrekaritzat hartu ohi dira— ikus daitezke Iruñeko erakusketan. Ez horiek bakarrik: William Henry Fox Talboten eta Anna Atkinsen kalotipoak eta zianotipoak ere bildu dituzte, esate baterako.

Hala eta guztiz ere, argazkilaritzak ekarritako beste ondorio batean ere egin zuen azpimarra Levenfeldek. Iradoki zuenez, dena ez baitzen izan onuragarria. «Argazkiak erabiltzen hasteak berarekin ekarri zuen ordura arteko marrazkien inguruko mesfidantza. Jendeari esan zitzaion gauzak ez zirela marrazkietan irudikatu bezalakoak». Hala eta guztiz ere, komisarioek nabarmendutakoaren arabera, jakina da marrazkiak eta argazkilaritzak elkarrekin egin dutela bidea azken mendeetan ere, batzuetan paraleloan, beste batzuetan nahasirik; baita zientzian ere.

2024ko abuztuan itxiko dute erakusketa, baina ez dute gaia alboratuko. Izan ere, museoko arduradunek iragarri dute 2024ko irailean segida emanen diotela bildumari: beste erakusketa bat zabalduko dute. Horretan, XIX. mendearen bukaeratik gaur egunarteko irudigintza jorratuko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.