Argazkiaren alde anitz

Javier Reparaz eta Jesus Jauregi argazkilarien eta Portfolio Natural kolektiboaren erakusketak ikus daitezke Zarauzko Photomuseumek antolaturiko Argazki Bileran.23. urtez jarraian atondu dute egitasmoa

gorka erostarbe leunda
Zarautz
2015eko apirilaren 8a
00:00
Entzun
Urteroko saioa du argazkilaritzak Aste Santuetan Zarautzen. 23. urtez jarraian antolatu du Photomuseumek Argazki Bilera. Hiru erakusketa egongo dira ikusgai beste horrenbeste aretotan maiatzaren 3ra bitartean, eta, ondoren, beste bi zabalduko dituzte. Photomuseumen bertan Lo juro por Los Ramones erakusketa irekiko dute maiatzaren 5ean, orain dagoen Javier Reparazenaren ordez, eta hilaren amaierara arte egongo da zabalik. Sanz Enea aretoan Maider Kuadraren Zilarrezko irudiak erakusketa ikusi ahal izango da garai berean, egun ikus litekeen Jesus Jauregiren Argi eta itzalezko erriberak amaitu eta gero. Oraintxe, ikus liteke beste erakusketa bat ere, Zazpi galerian dagoena. Portfolio Natural kolektiboarena da erakusketa, naturaren abstrakzio irudiz osatua.

 1. OROITZAPENAK ETA IRUDIAK

Erakusketa: 'Nire haurtzaroko zuhaitzak zuriak dira'.

Egilea: Javier Reparaz.

Lekua: Photomuseuma.

Ordutegia: 10:00-14:00, 17:00-20:00.

Asteartetik igandera.

Javier Reparaz argazkilariarentzat (Gasteiz, 1955), oroitzapenak argazkiak bezalakoak dira. «Nolabait lotura dute errealitatearekin, baina eraldatu egiten ditugu geure nahi eta beharretara egokitzeko». Eta baita alderantziz ere. «Argazkilaritza oroitzapenak bezalakoa da. Errealitatearen beharra dauka, baina eraldatu egiten dugu geure gura eta premietara». Oroitzapenak argazkilaritzaren metafora gisa erabiltzen ditu Reparazek, «erakusteko argazkilaritza ez dela errealitatearen erreprodukzio objektiboa, baizik eta manipulatutako errealitatearen erreprodukzioa».

Zarauzko Photomuseumen 30 obra inguru jarri ditu erakusgarri, tamaina handi samarrekoak. Haurtzaroa gogorarazten dioten irudiak dira, zuhaitz eta basoak iradokitzen dituztenak, baina benetako zuhaitz eta baso izan gabe. «Nik ez diot nire haurtzaroko zuhaitzak zuriak zirenik, baizik eta nire haurtzaroko zuhaitzak, orain, zuriak direla, nik nahi dudan bezala gogoratzen baititut».

Eta gogoratzen duena birsortzeko, gogoratzen dituen «zuhaitzen adar zuriak sortzeko», eskanerrean ipinitako alanbrezko eta harizko zuhaitzak erabili ditu. «Sail honetan lanean hasi nintzenean, zuhaitzak zenbait koloretakoak ziren, baina azkenean zuri bihurtu dira. Lehenik, zuhaitzak egin nituen, eta zuhaitzez osaturiko basoa sortu nuen gero ordenagailuan. Baso horretan paseatu egin liteke, baita argazkiak atera ere». Ateratako argazki horiek osatzen dute erakusketa.

2. NATURAREN ABSTRAKZIOA

Erakusketa: 'Abstract'.

Egilea: Portolio Natural kolektiboa.

Lekua: Zazpi galeria.

Ordutegia: Lanegunetan: 18:00-20:00. Larunbat, igande eta jaietan: 12:00-14:00, 18:00-20:00.

Naturari argazkigintzan eta arte sorkuntzan balioa eta indarra berriro onartzeko asmoz hasi zen lanean Portfolio Natural kolektiboa. Naturako paisaia eta elementuei argazkiak ateratzen espezialista bihurtutako hamaika sortzailek osatzen dute kolektiboa, eta horietako batzuk Euskal Herrikoak dira. Zarauzko Zazpi galerian ikus daitezke kolektiboak ondutako azken erakusketako irudiak; 30 bat irudi dira gutxi gorabehera, tamaina desberdinetakoak eta kolore bizietan eginikoak gehienak. «Zerbait desberdina egitea zen kontua, baina paisaia naturalari, hau da, gure pasioari uko egin gabe. Horrela sortu zen hain lurralde subjektibo eta iradokitzaile den natura eremuko abstrakzioetan murgiltzeko erronka», diote kolektiboko kideek. Besteak beste, Koldo Badillok, Miguel Lasak, Urtzi Verak, David Santiagok, Giannis Gogosek edota Luis Llavorik osatzen dute kolektiboa. «Gogokoen ditugun lekuak begi berriez ikusteko eta paisaiaren pertzepzio ez hain nabarmenari aukera bat emateko saialdia apurka-apurka emaitzak emanez doa».

3. NERBIOIREN ERRIBERAK

Erakusketa: 'Argi eta itzalezko erriberak'.

Egilea: Jesus Jauregi.

Lekua: Sanz Enea aretoa.

Ordutegia: 18:00-20:00. Egunero.

Isiltasuna eta zalaparta, lasaitasuna eta aztoramena, etsipena eta irrika: hori ikusten dute Jesus Jauregi artistaren begiek argiaren ertzetan, Josu Landa euskal jatorriko idazle eta filosofo venezuelarraren hitzetan. «Industriaren poetika latza nagusitzen da erregistro horretan: lurraren gorputz errugabeak jasandako esku hartzearen estetika; metalen eta arimen oxidazioa».

Industriaren eta aro postindustrialaren estetika horrek zuriaren eta beltzaren, argiaren eta itzalaren arteko kontrastean hartzen du indarra. Zuri-beltzeko 40 irudi inguru ikus daitezke Zarauzko Sanz Enea aretoan, guztiak Nerbioi erriberaren inguruetako paisaia, bizimodu eta estetika harrapatzen dutenak, bizirik denaren eta hilik dagoenaren arteko kontrastea islatuz: ontziak, ontziolak, auzo degradatuak eta biziberrituak, tabernak eta zokoak... «Argazkiaren itxurazko gelditasuna da paradoxa horien aberririk garbiena: oroimenaren eta mugimenduaren kondentsazioa...».

Jesus Jauregik (Bilbo, 1957) Bilboko Arte Ederretako Unibertsitatean egin zituen ikasketak. Hamabost urtez harreman estua izan zuen Jorge Oteizarekin eta Nestor Basterretxearekin. Basterretxearekin zenbait dokumentaletarako lankidetzan jardun zuen ETB2 katerako, Colon aurreko Amerikaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.