Argazkia gurtzeko garaia

Zarauzko Argazki Bilerak Rafael Ocio eta Teresa Ormazabalen erakusketa bana eta beste bi bilduma klasiko erakutsiko dituAtzodanik zabalik daude lau erakusketak, eta maiatzera arte zabalik egongo dira

Rafael Ocioren Disonantziak bildumako argazki bat, Zazpi galerian ikusgai dagoena. RAFAEL OCIO.
gorka erostarbe leunda
Zarautz
2013ko martxoaren 28a
00:00
Entzun
Zarauzko Photomuseumek bere bideari ekin ziola 21 urte igaro dira. Ibilbide hori Argazki Bileraren antolaketarekin batera ekin zuen. Atzodanik zabalik dira ekimena osatzen duten lau erakusketak. Urteroko ohitura den legez, Aste Santu bezperarekin irekitzen dira lau erakusketa aretoak Zarautzen. Aurten bi erakusketa klasiko eta bi egile garaikiderenak ikusi ahal izango dira.

Brechten antzerkia

Izenburua: 'Bertolt Brecht. Berliner Ensenble'.

Non: Zarauzko Photomuseumen.

Noiz arte: apirilaren 28a.

Iturria: Brecht-Zentrum der DDR.

Zarauzko Argazki Bileraren ibilaldia ekimena antolatzen duen etxetik beretik has liteke, ukitu klasiko eta europearreko erakusketa batetik. Han ikusgai dagoen argazki erakusketak Bertolt Brechti (1898-1956) eta, bereziki, haren antzerki sormenari egin nahi dio omenaldia. Nazismotik ihes egin ondoren, eta liberalismo estatubatuarrak zigortu ondoren, Alemaniara itzulizen Brecht, eta bere azken urteetan Berliner Ensemble antzerki konpainia sortu zuen Helene Weigel emaztearekin batera. Hasieran, lehen ekoizpen gehienak Brechten beraren lanak ziren, eta berak zuzendu zituen heriotza arte. Ondoren, Weigelek hartu zuen zuzendaritza 1971. urtera arte. Berliner Ensembleren inguruan artista ezaguneta emankor ugarik lan egin zuten. Artearen eta gizartearen arteko loturak kontzienteki uztartzen egindako lanarengatik nabarmendu izan da bereibilbide osoan antzerki konpainia hori.

Erakusketa osatzen duen irudi galeria Bertolt Brechten antzerki lanen eszena argazkiak dira, 1949tik aurrera Berliner Ensemble konpainiak antzezturiko obren argazkiak. Irudi horiek Brecht-Zentrum der DDR institutuak bildu zituen, Brechten 90. urteurrena zela-eta, 1988ko otsailaren 10ean. Hogei argazkitik gora ikus litezke Photomuseumen, neurri txikikoak, Brechten obren eszenaratzeen lekukoak.

Paisaia bakartiak

Izenburua: 'Disonantziak'.

Egilea: Rafael Ocio.

Non: Zarauzko Zazpi galerian.

Noiz arte: maiatzaren 12a.



XX. mendeko antzerki alemaniarraren girotik gaur egungo egile eta girorako bide har dezake ikusleak, Photomuseumetik Zazpi galeriara joanez. Rafael Ocioren (Bilbo, 1957) Disonantziak erakusketak Euskal Herriko hainbat leku paisaia biltzen ditu, tamaina ertaineko 40 bat argazkitan. Artista bilbotarrak arkeologia industriala azaltzen du batetik, eta naturaren eta garapen urbanistikoaren arteko bizikidetasun zaila jorratzen du batez ere. Paisaia desberdinak agertzen ditu —eraikin utziak, eskailera hutsak, ontzi txikiak...—, batzuetan koloreetan, zuri-beltzean gehienetan, irudi estatikoak sarrienetan... etapertsonaren arrastorik ez, non eta ez diren pertsonen ekintzaren ondorioak.

Gazte-gaztetatik hasi zen argazkilaritzaren munduan murgiltzen Rafael Ocio. Hainbat lehiaketatan zenbait sari irabazi ondoren, Urrezko Mikeldi saria tarteko, Londresera joan zen argazkigintza ikastera, Harrow College of Higher Education eskolara. 80ko hamarkada hasieran Euskal Telebistan hasi zen lanean, eta orduz geroztik argazkilaritza jarduera pertsonal eta osagarri modura erabili izan du. A toda costa izenarekin itsaso paisaietako bilduma osatu zuen 90eko hamarkadaren erdialdera, eta zortzi urtez egon zen ikusgai Bilbo eta Donostia bitarteko hainbat aretotan. 2004an, Photomuseumek antolatuta, El lugar des(h)echo saila aurkeztu zuen Zarauzko Torre Luzea aretoan. Espazio industrial eta degradatuetako hainbat lekutako irudiekin osatu zuen bilduma, egunotan Zarautzen jarri duen lanaren aurrekari garbi modura.

Manipulazio digitala

Izenburua: 'Jellyfishphoto'.

Egilea: Teresa Ormazabal.

Non: Zarauzko Torre Luzean.

Noiz arte: maiatzaren 26a.



Zazpi galeriatik bi urratsetara dago Torre Luzea aretoa, Zarauzko kale nagusian. Han bisita lezake ikusleak bigarren erakusketa garaikidea. Teresa Ormazabalek (Bilbo, 1967) argazkien manipulazio digitalean jarri izan du arreta bere ibilbidean zehar. Hamar urteko ikerketa eta eskarmentua baliatu izan du emultsio digitaleko transferentzia teknika modura garatu ahal izateko. Manipulazio teknika horrekin irudiak deformatu, eta haiei esanahi berriak ematen dizkie, plastikotasun handia emateaz gain. «Teknika honekin lanean hasi nintzen nire irudiei azken ukitu ezberdin bat eman nahi nielako. Polaroid etxeko 669 pelikularekin lan egiten nuen, hura baitzen transferentziak egitea ahalbideratzen zuen pelikula bakarra». Polaroidak hainbat arazo sortzen zizkion, ordea, Ormazabali, besteak beste, irudiak oso tamaina txikian agertzea. Hortaz, bere kabuz ikerketa hasi zuen, tamaina handiagoko transferentziak egiteko emultsioak landuz, eta lortu du teknika berezi bat. «Teknika honek original bakarrak sortzeko gaitasuna du, eta, gainera, pigmentatutako tintetan oinarritutako koloreen iraupenak, sorkuntzarako, bildumazaletasunerako eta argazki negoziotarako aukera berriak ematen ditu».

Torre Luzeako aretoan 37 irudi daude, tamaina ertainekoak, eta serie bertikal handixeago bat. Irudi enigmatikoak dira, bereziak, batez ere panpina tankerako ume aurpegi zenbait erakusten dituztenak.

Parisko saloiak

Izenburua: '1891ko arte aretoa'.

Non: Zarauzko Sanz Enea kultur etxean.

Noiz arte: maiatzaren 26a.



Argazkitik argazkirako ibilbidea amaitzeko, klasikotasunera joko du berriro bisitariak, XIX. mende amaierako argazki saloietara, hain zuzen ere. XVII. mendetik XX. mende hasiera arte, Frantziako ekoizpen artistikoa akademia artistikoen esku egon zen, batez ere. Akademiek saloiak izeneko erakusketa ofizialak antolatzen zituzten Bordele, Lille, Tolosa eta Parisen bereziki. Famatuenak Pariskoak ziren, jakina, eta sona berezia izan zuen 1891koak. Saloi hark 1.733 margolan eta 400 marrazki bildu zituen. Erakusketa zela-eta, Boussod, Valadon & Cie elkarteak Le salon de 1891 argazki albuma plazaratu zuen Goupil & Cie etxearen ehun fotograbatu eta akuaforterekin. Goupil & Cie egoitza Parisen zuen arte galeria garrantzitsu bat izan zen, pausoz pauso sukurtsal sare bat eraiki zuena, Londresen, Bruselan, Hagan, Berlinen eta Vienan, baita New Yorken eta Australian ere.

Fotograbatu horien albumeko irudiak ikus daitezke kultur etxeko aretoan, 80 bat irudi inguru, garai bateko bizimoduaren berri ematen dutenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.