Gaurko egunez, orain urtebete, arnasa galdu zuen Jose Luis Zumetak (1939-2020). Bi metroko serigrafia bat lantzen jardun zuen Usoa Zumetarekin 2019aren hondarrean; urtero bezala, Buenos Airesko San Telmo auzuneko etxera joan ziren biak 2020ko otsailean; eta handik Euskal Herrira itzuli eta gutxira hil zen margolaria, apirilaren 23an, Donostian. Arte mundua eta euskal kultura osoa doluan ezarri zuen ustekabeak.
[youtube]https://youtu.be/ySF5pqxuGaQ[/youtube]
Baziren 25 urte aita eta alaba elkarrekin lanean ari zirela. Jose Luis 2011n Gaintzatik (Nafarroa) Donostiako Grosera bizitzera joandakoan, gainera, bien artean Zumeta Arte Estudioa zabaldu zuten, Usurbilgo (Gipuzkoa) Txikierdi auzunean. Harreman estua izan zuten, beti atsegina lanean eta bidaietan: Maroko, Portugal, Sardinia, Argentina, Txile...
Hain maitea den margolariari gorazarre egite aldera, argazki bilduma xume bat osa dezan eskatu dio BERRIAk Usoari. Zabaldu ditu estudioan katalogoak, albumak eta ordenagailua; begiratu, aukeratu eta ordenatu ditu irudiak eta argazkiak, eta Zumetak 14 urterekin Graficas Valverden abiatu zuen ibilbide artistiko luzearen zertzelada labur batzuk eskaintzera dator orriotan.
Senideen, lagunen eta herritarren artean Zumetari omenaldi bat egitekoak ziren orain Usurbilen, baina udazkenera arte behintzat geroratu behar izan dute.
ANTTON ELIZEGI
Zeramikazko hiru mila pieza egin zituen 1972an, Usurbilgo pilotalekuaren atzealdean murala paratzeko. Udalak galdetu zion: «Zenbat kobratuko duzu?». Eta Zumetak arrapostu: «Zenbat kobratzen du hilero Michelin fabrikako langile batek? Ba, horixe!». Urtebeteko lanean, Remigio Alkorta erretiratuak lagundu zion, labea gau eta egun piztuta edukitzen; eta Joxe Elortza eta Pello Muguruza igeltsua horman jartzen izan ziren.
CARLOS BERROVECCHIO
Buenos Airesko Cafe Britanico gustuko tokia zuen Zumetak. Carlos Berrovecchio pintoreak argazkia egin zion han 2006ko urtarrilean.
Kuban kultur ekitaldi batzuk antolatu zituzten 1990eko apirilean. Habanatik zazpi kilometrora dagoen Cojimar herrian, Hemingwayren bustoaren azpian daude: Mikel Laboa, Rafa Egiguren, Ruper Ordorika, Espe Goikolea, Zumeta, Nekane, Tororo, Txelo Larretxea eta adiskide kubatar batzuk.
ARTURO DELGADO
Gaur taldearen lehendabiziko erakusketa 1966ko apirilaren 28an izan zen, Donostian, Barandiaran galerian. Irekiera egunean, Arturo Delgadok argazkian hartu zituen Rafael Ruiz Balerdi, Jose Luis Zumeta, Nani Sanz eta Jose Antonio Sistiaga.
Bizente Ameztoi margolari eta lagun estimatuarekin, 1974 inguruan.
EDURNE KOCH
Gaintzako Errota etxean, toki estu samarrean margotu zuen Gernika obra erraldoia. «Edurne Kochek egindako argazkia da hau, 1999ko maiatzaren 25ekoa», datatu du Usoak. «Picassoren koadroari begira baino denbora gehiago igaro zuen haren bozetoak aztertzen». Oiartzungo Pagoarten erakutsi zuen aurrena; ondoren, Donostiako San Martin merkatuan eta Bilboko Uribitarten.
Remigio Mendiburu, Zumeta eta Jose Antonio Sistiaga, 1970 inguruan. Zumetak goma zati handiak topatu zituen Oria ibaian, eta margotu egin zituen; gainean buru bat ipini zuen Mendiburuk.
JOSE MARI ZABALA
Joxan Artzeren Laino guztien azpitik ...eta sasi guztien gainetik poemategiak 1973an argitaratu ziren. Zumetak marraztu zituen liburu haietako txoriak. Orduko argazkian: Jose Mari Zabala, Zumeta eta Artze.
ANTTON ELIZEGI
Artzabal baserrian bizi zen Zumeta sendia. «Aitak ganbaran lan egiten zuen», kontatu du Usoak; «Antton Elizegiren 1972ko argazkian ikusten da kanpora irekia zela espazioa eta elurtuta dagoela Usurbil».
LAMIA
Laboaren disko ia guztien azalak Zumetak egin zituen. Bi lagunak Atalluko estudioan daude, 2006an.