Argazki Bat Behelainoan proiektuak estudioko lehen lana aurkeztu du

Zazpi kantaz osaturiko diskoa da. Zuzeneko kontzertuetarako talde berria osatu dute

Argazki Bat Behelainoan proiektuak kontzertuak emateko osatutako taldea. ARGAZKI BAT BEHELAINOAN.
Urko Iridoy Alzelai
2023ko azaroaren 11
00:00
Entzun
Segurtasun eza deituriko disko berria kaleratu du Argazki Bat Behelainoan egitasmoak. Arkaitz Artola musikariaren bakarkako proiektua da, eta estudioan grabatutako lehen lan luzea du, Bonberenea Ekintzak-en eskutik argitaratutakoa. Aurretik egindako Lo bilduma, 2020an argitaratutakoa, «etxean egindakoa» izan zen, «Do It Yourself» moduan, aipatu du Artolak. Disko berriak zazpi kanta ditu. Hala ere, diskotik at beste hiru kanta gelditu dira. Hauek digitalki lortu ahalko dira, baina soilik disko fisikoa eskuratzen dutenek.

2005. urtean hasi zen Artola Argazki Bat Behelainoan izenarekin bakarka lan egiten. Lehenagotik, Adikune taldean ibilitakoa da musikaria. Azkeneko hemezortzi urteetan, bere kasa abestiak sortuz eta grabatuz joan da, horrela, su geldoan sortuz Segurtasun eza: «Abesti batzuek hemezortzi urte daramate nire alboan. Oinarriz, urte askoko lana da, baina, era berean, badaude abesti berriagoak, azkeneko urteetan sortu ditudanak». Diskoa «berandu, baina garaiz» iritsi da, haren esanetan. «Bizitzako gauzak direla eta, azken urteetan ezin izan nion ondo heldu musika sortu eta kaleratzeko dinamikari, baina azkenean aukera izan dut».

Sentimenduz beteriko kantez osatutako lana deskribatu du Artolak, eta post-rockak eta post-hardcoreak markaturiko kantuak bilduta dagoela. «Hasieran argitasuna nabarmendu arren, giro ilun eta distortsionatu batek inguratzen ditu diskoko melodiak; hori da bilatu nahi izan dudana. Sentimendu eta emozio asko transmititzen dituen musika da».

Alde instrumentalari garrantzi handia eman nahi izan dio musikariak, letrarik gabeko melodia luzez beterik lana. Hainbeste, abestien erdiak instrumentalak direla, Artolak txertatutako gitarra pistei nabarmen handia emanez.

Segurtasun eza osatzeko bidean, hainbat bidelagun batu zaizkio Artolari. Grabaketa prozesuan Zuriñe Sarasola ibili da teklatuan, eta Iker Vazquez bateria jotzaile lanetan. Baxua, gitarrak, melodika eta ahotsak Artolak eginikoak izan dira. Bestalde, grabaketan eta nahasketan Karlos Osinaga Txap aritu da, Bonbereneko estudioan, 2023ko martxoa eta apirila bitartean. Masterizazioa, berriz, Jonan Ordorikak egin zuen —abuztuan hil zen—. Artolak bilatutako giro iluna diskoaren azaleko irudian ere lortu du musikariak, Ekaitz Zilarmendik egindako argazkiaren bidez.

Soinu teknikari lanetan ibili da Artola urte askoz, eta horrek bere abantailak ekarri dizkio diskoa osatzean: «Estudiora maketak eginak eraman nituen. Honela, Ikerrek bateria gainetik grabatzeko aukera izan zuen. Berdin gertatu zen teklatuarekin. Azkenik, gitarrak grabatzeko orduan, denbora gehiago egon ginen, azken finean gitarra pista desberdin ugari grabatu behar izan nituen eta».

Aurrera begira lan gehiago kaleratzeko asmoarekin dabil Artola: «Kaxoian hainbat abesti ditut zain, eta noizbait argia ikusteko aukera emango diet». Grabaketa dinamikan sartuta, «prozesuak fintzeko eta ikasteko» aukera izan du musikariak: «Konfiantzaz bete naiz, eta, denbora dudan heinean, proiektu berriei ateak irekitzeko aukera izan nahi dut».

Zuzenekoak prest

Diskoa urriaren 5ean kaleratu zuten, baina bihar egingo da aurkezpen kontzertua, Donostiako Doka aretoan. «Aurkezpena nire auzoan [Egian] egin nahi nuen, baina azkenean apur bat mugitu beharko gara, eta Antiguako Doka aretoan emango dugu», azaldu du Artolak. Igandekoaz gain, beste bi kontzertu dituzte lotuak. Modesto Newhouse taldearekin partekatutako oholtzetan izango dira emanaldiak: azaroaren 18an Bonberenean (Tolosa, Gipuzkoa), eta abenduaren 22an D´Elikatuz zentroan (Ordizia, Gipuzkoa).

Argazki Bat Behelainoan bere bakarkako ibilbideko ezizena izan arren, kontzertuak ematean Artola ez da bakarrik egongo. Hainbat musikarirekin «behin-behineko» taldea sortu dute, udaberrira arte kontzertuak emateko. Bost musikariz osatutako taldea osatu dute: grabaketan ibili den Vazquez bateria jotzailea alboan edukiko du Artolak, baina, beraz gain, Iñigo Ozaeta baxu jotzailea igoko da oholtzara,Pelax taldean Vazquezen kidea dena. Artolak gitarra joko du zuzenekoetan, baina ez bakarrik: Jon Agiriano (Rukula) eta Fermin Mendazona (Gera) ere izango dira gitarrarekin.

Diskoa eskuratzeko, digitalki, Bonberenearen webgunean eta Bandcamp.com-en dago salgai. Ale fisikoak, berriz, Egiako Koxko eta Kaktus tabernetan daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.