Argazki bat argazkilaritzari

Askotariko molde eta estilotako lanak bildu dituzte Oñatin, bigarren urtez egiten ari diren ARG Argazki Festibalean.Igandera arte izango dira erakusketak zabalik

Egunotan ikusgai dago Hysteron erakusketa; haren irekieran, hainbat herritar, Oñatin. ARG! ARGAZKI FESTIBALA.
Ainhoa Sarasola.
2015eko apirilaren 30a
00:00
Entzun
Argazkiz beteta dago azken asteotan Oñati (Gipuzkoa). Gaztetxean, kultur etxean, udaletxean... irudiek hartu dituzte udalerriko areto asko, eta argazkilaritzaz gozatu nahi duen orori hamaika aukera ireki zaizkio. Helburu horrekin sortu zuten orain bi urte ARGArgazki Festibala Ilunpetan argazki taldeko kideek, eta bigarrenez ari dira egiten egunotan —bi urtetik behin izaten da—. Maiatzaren 3ra arte, gaur egun egiten ari den argazkilaritzaren argazki bat ikusteko aukera izango da.

Hilaren 12an zabaldu zuten lehen erakusketa, Arantzazun, natura, bidaia nahiz landa-eremuetan espezializatutako Gema Arrugaetaren Izadiaz/Gizakiaz irudi bildumarekin. Transhumantziaren inguruko On The Move erakusketa kolektibo zabalago baten barruan aurkeztu zuen argazkilariak bere lana, eta Oñatira ekarri du orain. Udalerriko saltokietako erakusleihoek ere beste hainbat lan hartu dituzte, Argizaiola 2013 proiektuaren barruan. Kultur etxean, berriz, Nagore Legarreta argazkilariaren Hysteron proiektua dago ikusgai, berak sortutako kamera estenopeikoekin hartutako irudiz osatua. Oso bestelako argazkiak paratu ditu gaztetxeanMiren Pastorrek, aldaketa prozesuak islatzeko asmoz eginak.

Horiekin batera, tailerrak, hitzaldiak, proiekzioak, zineforumak eta bestelako ekintzak izaten ari dira jaialdian, guztiak argazkigintza ardatz dutenak. Aniztasuna da jaialdiaren ezaugarrietako bat, Ilunpetan talde antolatzaileko Itziar Bastarrikak azaldu duenez. «Sorreratik argazki taldean oso izaera ezberdineko argazkilariak eta argazkizaleak gaude. Argazkilaritza, beste diziplina askoren moduan, oso zabala da, eta hizkuntza askotarikoak hitz egiten ditu, baina azkenean, komunikazio era bat da. Bere zabalean, saiatzen gara publiko guztientzako eskaintza egiten, kontzeptualenetik deskribatzaileenera, eta esperimentazio ezberdinak ere ezagutarazten». Azken batean, argazkilaritzaz gozatzea baitute xede jaialdiarekin, «argazkizalea den horrek gozatzea, baina baita argazkilaritza pixka bat urrutiago bizi duen horrentzat gerturatzeko aitzakia bat izatea ere».

Publikoaren erantzun ona

Jaialdiak igandera arte iraungo duenez oraindik amaitu ez den arren, orain arte publikoak egin dion harrerarekin oso pozik daude antolatzaileak. «Informazioa jaso duenean, jendeak eman digun feedback-a oso positiboa izan da, dena loreak, baina egia da publikoaren parte hartzea eskatzen duten zenbait ekintzatan zailtasun gehixeago izan dugula ere. Hala ere, harritu gaitu, adibidez, joan den ostiralean eginiko bookjockey saioan, horrelako gauza berezia izanik, halako jende pila elkartu izana».

Hala, aurrera begira jaialdia antolatzen segitzeko «gogoak eta arrazoiak» ez dituztela falta dio Bastarrikak. «Bigarrena izateko eta dugun izen txikia izateko, pozik baino gehiago egon gaitezke; oso beteak sentitzen gara».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.