Argazki albuma, baina soinuduna

Gora Japonen bigarren diskoak 14 abesti dauzka, eta 2006 eta 2011 artean egindako grabaketak bildu ditu

Myriam Petralanda eta Jon Mantzisidor, Gora Japoneko bi kideak. MENTXU.
Igor Susaeta.
2014ko martxoaren 13a
00:00
Entzun
Grabazioak gordinak dira. Hamalau guztira, Gora Japon bikoak ahotsak, bateria, sanplerrak, harmonika, teklatuak, baxua eta, besteak beste, tronpeta erabilita hainbat momentu eta egoeratan egindakoak, 2006 eta 2011 artean. Dela zuzenekoetan inprobisatzen, dela entsegu lokalean esperimentatzen, adibidez. «Dokumentu moduan guretzat egindakoak ziren, edo gero kantuak lantzen jarraitzeko oinarri gisa; ez zeuden eginda argitaratzeko asmoarekin». Bada, horiekin kaleratu du bigarren diskoa —ez dauka izenik— Jon Mantzisidor eta Myriam Petralandak osatutako taldeak, Bidehutsen eskutik. Eta Mantzisidorrek argazki album batekin konparatu du. Haren iritziz, badaude batzuk zuri-beltzean, besteak erabili eta botatzeko kamerarekin eginak, etxean ateratakoak, argazkilari profesional baten estudiokoak.... «Eta ezberdintasunak handiak dira haien artean». Argitaratu duten argazki album soinudunean ere bai.

Gora Japonek, baina, ez du zuzenekorik eman azkeneko bi urteotan, eta entseatu ere ez du egiten. Taldearen izen bera duen diskoa kaleratu zuten Mantzisidorrek eta Petralandak 2008an, eta harrera ona eduki zuen, «undergroundean». Gustura zeuden 2006 eta 2011 artean emandako kontzertuetan jendeak izandako jarrerarekin, eta baita taldearen soinuak bost urte horietan izandako aldaketarekin ere. «Ez dakit garapenik eduki zuen edo ez, baina aldatu egin zen. Hasieran, oso sinplea zen». Gero egon ziren une batzuk esperimentalagoak, beste batzuk elektronikoagoak...

Material asko pilatu zuten. Giga pila bat. Hasi ziren audio fitxategi horiek aditzen, eta gustatu zitzaien entzuten ari ziren horren espezifikotasuna. «Testura berezi horiek grabatuta zeuden sakelakoekin, grabagailu ez profesionalekin, ordenagailuaren barneko mikrofonoarekin...». Badaki grabaketa modu estandarrak kontuan hartuz gero «txarrak» zirela audioak, baina pentsatzen du momentu jakin bat jasotzen dutela. Horregatik konparatu dute diskoa argazki album batekin. «Argazkilari profesionalaren estudioan, jarrera zaintzen da, fokuak onak dira, hondo bat duzu...». Iruditzen zaio grabaketa estudioetan ere antzeko zerbait gertatzen dela; musikariek aurretik dakitela zer irudi eman nahi duten; edo zein artistaren antzera jo nahi duten. «Eta produktorea eta soinu teknikaria horretara hurbiltzen ahalegintzen dira».

Inprobisaziora hurbilduz

Estudiora joan gabe, Gora Japonekoek «nazkatuta» ere bukatu dute giga pila horiek aditzen, eta azkenean, diskorako hautaketa egiterakoan, orduantxe atentzioa eman dieten doinuak aukeratu dituzte. Esperimentala da lana, eta Mantzisidorrek, badaki, gainera, horren etiketa duela taldeak. Baina gogoratu nahi du oinarrizkoarekin hasi zirela: «Gitarrarekin, bateriarekin, eta kantuak poperoagoak-edo ziren». Bidean, ordea, inprobisazio librea egiten duen jendea ezagutu zuten Bilbon, Larraskituko lokal batean. Probak-eta egiten dituzte, esperimentatu, jolastu ere bai. Erronka bat ere bada. «Guk ez baitakigu jotzen. Gitarra eta bateria gutxi gorabehera, baina beste instrumentu guztiak...». Antibirtuosismotik zerbait badauka, hortaz, Gora Japonek eskaintzen duenak, eskura dauzkaten materialekin jolasten dira eta. «Badakigu ez ditugula instrumentuak menperatzen, ez dugula jarraitzen musika klasikoaren estandarra». Mantzisidorren arabera, punkagoa da haiena, eta uste du instrumentu bat estandar klasikoen arabera jotzen ez denean ere sortzen direla «gauza ezberdinak», nahiz eta traketsagoak izan.

Rocketik eta popetik edaten dute, eta Arto Lindsay musikari estatubatuarra aipatu du, adibidez, erreferentzia gisa. «Irratian entzundako pop musika komertzialaren eragina ere badugu». Egin dituzte, esaterako, Desirelessen Voyage voyage-ren eta Metallicaren Enter Sandman-en bertsioak. «Gure memorian geratu direnak dira». No wave-a, new wave-a, inprobisazio askea, rapa, Afrikako musika eta beste ere interesatzen zaizkie. Ez da harritzekoa argazki album soinuduna osatu izana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.