Argazki album musikatua

Gorka Hermosa akordeoi jotzaileak 'Flamenco etxea 2' diskoa kaleratu du, Jose Luis Monton musikariarekin elkarlanean. Hamar kantuz osaturiko lan elebiduna da

Gorka Hermosa akordeoi jotzailea eta Jose Luis Monton flamenko gitarrista. BERRIA.
Yasmine Khris.
2022ko ekainaren 22a
00:00
Entzun
Buelta eman dio munduari Gorka Hermosa akordeoi jotzaileak(Urretxu, Gipuzkoa, 1976). Metaforarik gabe. Ia kontinente guztietatik igaro eta gero, inspirazio iturri berriekin sartu da berriz estudiora. Eta aurkeztu berri du emaitza, Bilboko Arriaga kontserbatorioko auditoriumean: Flamenco etxea 2, aurrez hasitako proiektu bati segika Jose Luis Monton (Bartzelona, Herrialde Katalanak, 1962) gitarristarekin ondu duena.

Errusian, Txinan, AEBetan eta Iranen bizitakoa bildu du akordeoilariak hamaikagarren lan pertsonalean. «Teherango Auditorium Nazionalean bi egunez jarraian jendez gainezka egindako kontzertu bikoitza egitea esperientzia izugarria izan da», kontatu du. Maleta egin eta itzuli. «Zer aldatu den Flamenco etxea lehenbiziko lanetik? Hamaika urte gehiago ditugula!», aitortu du Hermosak. Baina funtsean kontzeptu bera dela dio: flamenkoaren eta euskal kulturaren arteko «bat egite originala». Solasaldi harmoniatsu batean, hamar kantuz osatu dute lana, kolaborazio anitzekin. Izan ere, hainbat artistak parte hartu dute diskoan: Sandra Carrasco egungo flamenkoaren ahotsik garrantzitsuenetakoak, Juan Carlos Aracil flautistak eta Roko kantari diziplinartekoak, bertzeak bertze.

Mu Mbana abeslari gineabissautarrekin grabatu dute Iparragirreren Ara nun diran abestiaren bertsio bat, esperientzia «paregabekotzat» duena. «Bere etxera gonbidatu gintuen, eta erritmoak jorratzen hasi ginen. Oso polita izan zen».

Euskal musikariekin ere izan dute aukera bat egite hori agerian uzteko. «Lagunartean grabatutako disko bat da, berez. Eta zerk definitzen du euskal kultura musikalki? Bertsolaritzak, trikitiak, txistuak eta txalapartak, ildo nagusietan». Horrela eraman dute praktikara: Jon Maia bertsolaria, Garikoitz Mendizabal txistularia, Zumarragako Trikitixa bikotea eta Oreka TX txalaparta taldearekin egin baitute lan, eta emaitza eskuzabala proposatu.

Maiarekin grabatu dute Nere izarra, bertze begi-keinu bat eginez Iparragirreri. «Urretxuarra naiz; kutsu hori atera nahi nuen. Bestalde, gurasoak Extremaduratik [Espainia] etorri ziren, Maiarenak bezala. Asko partekatzen dugu; lankidetzak bazuen zentzua».

Elkarlana hainbat elementutan deklinatzen da, hala nola melodian, artisten generoan, eta hizkuntzan. Gaztelaniaz eta euskaraz ekoiztu dute diskoa, «naturaltasun osoz».

Aniztasuna, partituratik

«Musikak eman didan gauzarik politenetako bat da asko bidaiatu izana. Eta aberastasun hori adierazteko beharra dut nire produkzioetan», azaldu du Hermosak. Irmoki sinisten du musika dela horizonte berriak irekitzeko bidea, Montonekin gertatu zaion moduan. «Orain oso lagunak gara, baina kasualitatez atera zen dena; elkar ezagutu genuenean, 2007an, nik flamenkoaz ez nekien ezer». Emeki-emeki, disko bat atera ondoren, kontzertu anitz eman dituzte. «Hark ez daki partiturak irakurtzen, belarriz egiten du, eta hasieran oso zaila izen zen elkar ulertzea. Sistema alternatiboak asmatu behar genituen, audioen bidez edo notak apuntatuz. Prozesu geldoagoa baina askoz autentikoagoa aurkitu genuen».

Hermosa, aldiz, oso ongi moldatzen da solfeoarekin, eta urteak daramatza irakasle, konpositore eta musikari lanetan. Akordeoirako Konposiziorik Onenaren saria lautan jaso du.

Kantabrian (Espainia) sortu berri den Miengo Cultura makrojaialdiaren irekiera kontzertua eman ostean, Elorrion ere izan dira jotzen asteon (Bizkaian). Hermosak dioenez, argi dute espazio jakin batzuetan aurkituko dutela lekua bat egitea hedatzeko, baina ez bide jeneralistetan. «Argi dugu ez garela pop talde bat; hau da, jendearen begietara ez gara mainstream delakoa». Saldu ere «milaka disko» ez dituztela salduko aipatu du, are gutxiago «musika instrumentalarekin». Edonola ere, goxo ekiten dio bere estiloari. «Nik barnean dudana askatzeko beharra dut, nire mundua adieraztekoa. Musika arraroa egiten dugunok argi daukagu publikoari ez zaiola beti gustatuko». Ez du balorazio txarra ala ona egiten, baina bizipen bilduma elikatzen segitu nahi duela dio, zerumuga berrien bila. «Abantailarik handiena da ez garela inoiz modaz pasatuko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.