Aurora Beltran. Musikaria

«Areto txikiak maite ditut; hor, bazara edo ez zara, eta ni banaiz»

Aitak oparitutako gitarrak jarri zuen Aurora Beltran musikaren bidean. Tahures Zurdos taldeak markatu du bide hori, nahiz eta musikariak bakarrik grabatu dituen bere azken diskoak. Tahures 2019an itzuli zen.

JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Edurne Elizondo
Nafarroako Hitza
2022ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Kanpoko giro hotzaren arrasto oro desagertu da etxeko atea itxi bezain pronto. Usin bizi da Aurora Beltran (Iruñea, 1964). Zaintzen dituen katuak ditu lagun, gitarrarekin eta sutondoaren gaineko partiturekin batera. Mahai gainean dira ideiak jasotzeko erabiltzen dituen orriak ere. Onartu du, baina, pandemian zaila izan zaiola deus idaztea. Giltzurrunetako gaixotasun batek dialisia egitera behartu zuenean ere, zuri gelditu ziren orri horiek. Transplantea egin zioten 2018an, eta, oztopoz betetako mendian gora ibili eta gero, gailurrera iritsi da.

Bitan jaio zarela sentitzen duzu?

Bai, eta bi aldiak ospatzen ditut. 1964ko abuztuaren 26an jaio nintzen, eta 2018ko abuztuaren 25ean egin zidaten transplantea.

2005ean jaso zenuen diagnosia. Nolakoak izan ziren ebakuntza egin arteko urte horiek?

Ni aurretik ere gaizki sentitzen nintzen. Tahures Zurdoseko taldekideekin egiten nituen bidaietan hankak puzten zitzaizkidan. Medikuak erran zidan turista klasearen sindromea izanen zela, eta aspirina bat hartzeko hegazkinera igo aurretik. Baina ez nuen hobera egiten. 2005ean, azkenean, analisiak egin zizkidaten. Hagitz gaizki nengoen.

Berria jaso eta gero, zer?

Egoerara moldatu behar duzu. Banekien azkenean transplantea egin beharko nuela, baina hasieran urrun ikusten nuen hori. Kolpea hartu nuen dialisia egiten hasi beharko nuela erran zidatenean.

Egoerak okerrera egin zuela erran nahi zuelako?

Dialisiarekin hasi beharko nuela erran zidatenean, nire giltzurrunak %2 ari ziren lanean. Usiana diskoa aurkezteko kontzertua egin baino sei egun lehenago erran zidaten dialisia egiteko kateterra jartzera joan beharko nuela. Kontzertuarekin aurrera egitea erabaki nuen, eta handik bi egunera jarri zidaten kateterra.

Beldur zinen eritasunak musika uztera behartuko ote zintuen?

Beldur handia nion aukera horri. Usiana diskoa gutxitan entzuten dut, sumatzen delako gaizki nagoela, indarrik gabe. Baina lan egin behar nuen, saiatu. Gero, etxera ailegatu, eta negarrez botatzen nuen kanpora etsipena. Eritasunak makina batera lotutako pertsona bat bilakatu ninduen.

Etxean egiten zenuen dialisia?

Bai. Ni bakarrik bizi naiz, eta hagitz gustura nago bakarrik. Baina erabat babesgabe sentitu nintzen dialisia egiten. Ezin nuen lorik egin ere. Medikuak erran zidan pilulak hartu beharko nituela, eta eman zizkidan. Baina ez nituen hartu nahi. Pilatuz joan zitzaizkidan, eta, une batean, beldurtu ere egin nintzen, denak hartzeko aukera aztertu nuelako; deus sentitu gabe, orain erraten dudanean deus sentitzen ez dudan bezala. Azkenean, bat hartu eta hasi nintzen atseden hartzen. Buelta eman nion egoerari; baina dialisia hagitz gogorra izan zen. Eta etxekoei eta lagunei ez nien erakutsi nahi gaizki nintzela.

Zergatik ez?

Haiek ere gaizki pasatu zutelako, eta ez nuen gaizki agertu nahi haien aurrean. Egia erran, sentitu izan dut indartsu izatera behartzen zaituela gizarteak. Indartsua zarelako, uste dute edozeri aurre egiten ahal diozula. Baina nik ere badut gaizki egoteko eskubidea.

Musikaren munduak ere eraman zaitu indartsu agertu nahi izatera?

Hor ere emakume indartsuarena kanpotik inposatzen dizuten irudi bat da, neurri handi batean. Ni hagitz pertsona sentibera naiz. Halere, gauzak garbi dituen emakume bat bazara, gatazka maite duen norbait bilakatzen zaituzte.

Zure bidea egiten ahalegindu zara, bertzeen iritzien gainetik?

Baietz uste dut. Nire asmoa ez da inoiz izan bertzeen aurka egitea, baizik eta nire bidea egitea.

Bide hori 7 urterekin hasi zen?

Orduan oparitu zidan aitak nire lehendabiziko gitarra. Gaixo nintzen, eta gurpil aulki bat erabili behar nuen. Bakarrik ikasi nuen gitarra jotzen, eta, bai, garbi dut nire geroko bidean giltzarri izan zela garai hori. Gurasoek ni zoriontsu izatea nahi zuten. Agerikoa ematen du horrek, baina gero konturatu naiz ez dela beti horrela. 14 edo 15 urterekin hasi nintzen tabernetan jotzen, baina, orduan, ez zen ontzat jotzen hori, are gutxiago emakumea bazinen.

Ez zenuen amore eman: Belladona sortu zenuten zenbait emakume musikarik.

Belladonaren etapak bat egin zuen euskal rock erradikalaren garaiarekin. Gu hagitz gazteak ginen, baina oholtzan ez genuen erakutsi nahi gure gorputzaren zati bakar bat ere. Musikariak ginen eta serio hartzea nahi genuen. Oroitzapen onak ditut garai horretaz, baina txarrak ere bai:

jarrera matxisten ingurukoak, adibidez. Gogoan dut behin talde famatu bateko abeslariak ipurdia ukitu ziola gure taldekide bati. Abeslariak esan zuen ez zekiela Belladonakoa zenik, arazoa hori balitz bezala. Tahures Zurdosekin ere izan ditut gisako hamaika egoera. Amorratzen nau onartzeak, baina, neurri batean, normalizatu egiten dituzu.

Musikaren industriako etxe handiak ezagutu dituzu; zer moduzkoa izan da esperientzia?

Erranen nuke industriaren barruan bi pertsona zintzo bertzerik ez ditudala ezagutu. Industriak harrapatuta sentitu naiz. Tahures Zurdosen azken garaian, adibidez, disko bat egiteko, berrogei kanta eskatzen zizkiguten, gero hamar aukeratzeko. Joan baino lehen, paper bat sinatu behar izan nuen erranez bost urtez ez nuela grabatuko diskorik bakarrik.

Askatasuna berreskuratzeko hasi zinen zure lanak ekoizten?

Bai. Prozesu osoa kontrolatzeak askatasuna ematen dizu. Baina ez da lan erraza. Zuk egin behar duzu dena. Halere, merezi du. Niretzat, behintzat, bai. Nahi dudana egiten dut, eta diruz ezin eros daitezkeen gauzak baditut.

Zuzenekoak, adibidez?

Bai. Oholtzara igo eta zuzenean jotzeko sentsazioa zoragarria da. Maite ditut, batez ere, kontzertu akustikoak, areto txikietakoak. Aurrean dudan jendearen arnasa entzun dezaket, eta haiek nirea. Horrek ez du preziorik. Hor, bazara edo ez zara, eta ni banaiz.

Lortu duzu musikara lotutako nahi zenuen bizitza?

Musika izan da nire askatasun lurraldea. Adikzio baten moduko bihurtzen da, barruan duzuna bideratzeko modu bat. Musikaren trenera igo nintzen, eta ez naiz damutzen, bidean gauza anitz utzi ditudan arren.

Zeri uko egin behar izan diozu?

Seme-alabak izateari, adibidez. Taldekideek bazituzten, gizonak zirelako, eta aitatasunak ez ziolako eragiten haien lanari. Nik ez nuen gizonek zuten babesa. Baina orain ez dut sentitzen deus galdu dudanik.

Tahures Zurdosek 2004an bukatu zuen bidea, baina berriz elkartu zarete. Kontent?

Gure managerrak ezkondu behar zuen, eta opari gisa Tahures Zurdosen kontzertu bat eskatu zigun. Elkartu ginen, eta areto bat alokatu genuen. Bete egin zen. 2019an izan zen hori. Hasi ziren deitzen, eta berriz ere elkartzea erabaki genuen. Baina pandemiak dena bazter utzi zuen. Ea aurten zer aukera dugun jotzeko. Gu gogoz eta kontent gaude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.