Buruz buru (IV). Joseba Zulaika

Arestiren mandatua

Euskal Herritik ihes egiteko asmoz joan zen Joseba Zulaika Amerikara, baina ikasketek bueltan ekarri, eta biolentzia politikoa izan da geroztik haren lanaren ardatzetariko bat.

GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Getaria
2012ko abuztuaren 10a
00:00
Entzun
Obsesiboa da lanean Joseba Zulaika (Deba, Gipuzkoa, 1948). Berak ere aitortzen du: bisioen bila aritzen da. Ez du gairik askatuko, harik eta gobernatzen duela sentitu arte. Txinpartak ikusten dituela dio. «Gai bat hartzen duzunean eta ikusten duzunean zerbait ez duzula ulertzen, bueltaka hasten zara. Ideiak bata besteekin igurtzi, eta, azkenean, txinpartak ateratzen dira, eta orduan badakizu hor zerbait dagoela. Eta konexio egokia egiten asmatu arte bakerik ez. Baina asmatzen duzunean halako lilura bat gertatzen da. Aurkikuntzaren lilura». Su hori bilatzen du. Eta hurbileko zaizkion gaiak hartzen ditu maiz abiapuntutzat. Larrutik ezagutzen dituenak: biolentzia politikoa eta Bilboren azken hamarkadetako eraldaketa prozesua, adibidez. Izan ere, uztartuta daude idazketa eta bizitza Zulaikarentzat.

Muturretik muturrerakoa da bere ibilbideaz egiten duen kontakizuna. Karikatura bat kasik, benetan ari dela igarriko ez balitzaio. «Itziarren jaio nintzen [Deba, Gipuzkoa], eta Bilboko seminariora bidali ninduen amak 12 urterekin. Nik santu izan nahi nuen; ez apaiz, ezta artzapezpiku ere, ez, ez; santu eta martiri izan nahi nuen, eta poesia idazten eta ateo izaten amaitu nuen Londresen. Trauma bat. Justu-justu libratu ninduen poesiak suizidiotik. Horregatik erabaki nuen antropologia egitea: sinbolismoak eta sinesmen sistemak ulertzeko. Kanadara joan nintzen, AEBetara gero. Eta, ondoren, Renon (AEB) Basque Studies Centerren hasi». Hango bi zuzendarietako bat da egun.

Dioenez, mandatu moduko batek bultzatu zuen antropologia ikastera. Gabriel Arestirengandik jasotako mandatu batek. «Azken aldiz, 1975eko ekainaren lehen egunetan, Basurtuko ospitalean bisitatu nuen. Ama zuen ondoan zaindari. Antropologia ikastera nindoala eta, animatzen aritu zitzaidan. Bi egun geroago hila zela jakin nuenean, despedida hura agindu bat besterik ezin zitekeela izan pentsatu nuen».

IHESA ZILEGI BALITZ

Euskal Herritik alde egiteko gogoak ere eraman zintuen Amerikara.

Antropologia niretzat ihesbide bat zen. Herri exotikoren batera joan eta hango kulturaren bat ikertzea zen nire asmoa. Afrikako tribu bat nuen buruan. Bertsolaritza eta igartzea uztartzen zituzten. Hara joan nahi nuen. Gainera, unibertsitatean afrikanista ezagun bat nuen mentore: James Fernandez. Baina Euskal Herrira bueltatzeko gomendioa egin zidan berak.

Ezin ihes egin, beraz.

Sekulako kolpea izan zen hona itzultzea eta gure belaunaldiaren egoera gordinari berriz ere aurre egin beharra. Biolentzia politikoari ihes egin nahian joan nintzen Euskal Herritik, baina nire aukera bakarra hori aztertzea zela sentitu nuen itzultzean. Hori zen hemengo oinarrizko trauma. Eta sentitu nuen gai horri heldu ezean nire lana ez zela izango benetakoa.

Izan ere, oso presente zuen gaia herrian. Sei hildako 1975etik 1980rako bost urteetan: Itziarko emakume batekin ezkondutako polizia bat, industria gizon bat, Poliziaren bi isilmandatari, isilmandatari batekin nahasi zuten herriko langile bat eta Poliziak eraildako Itziarko ETAko kide bat. Hor jarri zuen begia Zulaikak. Zaurian. Hala sortu zuen Basque Violence: metaphor and sacrament (Euskal biolentzia: metafora eta sakramentua) liburua. Itziartarren hitzak jaso zituen, eta itziartarrei hitzaldi bat ere eskaini zien lana amaitzean. «Ez nien ez zekitenik azaldu», dio lehenik, baina zerbait lortu zuela onartu du gero. «Lortu nuen jendeak ulertzea herrian ETAk hil zituen salatarietako bat herri guztiak markatu eta sortu genuela. Informazio faltsua eman genuen hari buruz, eta hark egin ez zituenak egotzi genizkion. Salatariak, azkenean, onartu zuen herritarrek eman zioten papera, baina herri guztiak sortu zuen haren errepresentazio kolektiboa hasieran. Jendeak oso ongi ulertu zuen azalpen hura».

Askatasun sentsazioaz mintzo da orain. «ETAren gauza hau amaitu dela eta, harlauza bat kendu dugu gainetik». Libre sentitzen dela dio, eta bere belaunaldi osora hedatzen du sentimendu hori. «1960ko hamarkadaz geroztik bat egin dugu ETArekin, edo idealizatu dugu haren hasierako jarduera, edo... Gero aberrazio bat eta anakronismo bat bihurtu zela ikusi, eta saiatzen zara psikologikoki urruntzen, baina badakizu ezinezkoa dela. Badakizu zure belaunaldiak produzitu duela, zuk zeuk harekin bat egin duzula, eta ezaguna duzu sakrifizioaren lilurarekin-edo hor sartutako jendea. Zama handia da, eta sekulako askatua da oraingoa. Une ederra da».

Betebehar bat ere sentitzen du, ordea. «Belaunaldi berriei guk bizi izandako utopia haiek zer zentzu zeukaten azaltzea da gure erronka intelektualik handiena. Baita amets haiek gerora erabat galdu bagenituen ere. Ulertarazi behar dugu han zegoen desira komun hura zein zen eta mundu hark gure baitan zer errealitate zuen. Ze oso errealak izan ziren: gure belaunaldiari gertaturiko gauzarik errealenak ziren ekintza politikoarekin, ETArekin eta erlijioarekin lotutako haiek. Badirudi denak desagertu direla, baina ez gure desiren mundutik».

ETA ERREPIKATZEAZ

2006an ETAk su-etena iragarri zuenean idatzi zenuen ETAren hautsa liburua. Eten hura behin betikoa izan ez zen arren, taldearen amaierari buruzko gogoetak bildu zenituen, eta orduan zeure buruari egindako galdera bat egingo dizut orain: «Merezi al du ETAk errepikapenik?».

Probokazio bat izan zen esaldi hori. Slavoj Zizek pentsalariak ere badu Errepikatu Lenin izeneko liburu bat, eta hari hartu nion ideia. Errepikatzen bada mugimendu bat ez bere garaiko akats eta zorakeriak errepikatzeko, baizik eta, haiek saihestuta, hasierako erabakia eta intentzioa gaurko ikuspegitik errepikatzeko. ETAren kasuan, hasieran ez zuen gerora hartu zuen fetitxerik; estatuarena, biolentziarena, nazionalismo hertsiarena... Hasierako ETAk ez zuen nahi estatu bat, baizik eta Europa federal bat. Oso post-aranistak ziren. «Hemen ez gara bizi 1936an: 1971n bizi gara», esaten zuten. Oso iraultzailea zen ETA hura. Marxismoa, Jean-Paul Sartreren askatasunari buruzko gogoetak eta ignazianismo katoliko bat konbinatzen zituen. Hasierako ETA haren espiritua gaur egun errepika daitekeela uste dut. Gaur egun dauzkagun eztabaidetarako oso interesgarriak dira haien gogoetak. Euskalduntasuna berritzeko beharra zegoen, eta iraultza une bat izan zen hura. Ikas dezakegu hortik.

Berrasmatze hori oraindik ez da guztiz gauzatu, ezta?

Horretan gabiltza. [Barrez] Oso zaila da ironia historikoa saihestea. Mende erdi pasa dugu tiroka burujabetza eta sozialismoaren ametsekin, eta orain, Bildu gobernura heltzean, zein da arazo nagusia? Zaborra! Burujabetza zertarako? Zaborra kudeatzeko! Zaborren soberania da hau, eta badakizu zer?

Zer?

Ni konforme! Errealismo politikoa ikasten ari gara. Jorge Oteizaren zero metafisikotik Zero zabor lelora pasa gara. Ari gara errealitatera gerturatzen. Eta gure belaunaldikook ezker abertzaleko buruzagiak zoriondu behar ditugu. Erraza da ETArena amaitzeko ordua dela esatea, baina beste kontu bat da ETAren amaierara heltzea. Egin egin behar da, eta egin egin dute. Kritikarako izango dira motiboak, baina egin dute.

Bilbo izan da azken urteetan Zulaikaren beste obsesioetako bat. Urteak daramatza hari buruzko ikerketan murgildurik. Bukatu berri du lana, eta argitaratuko duten zain dago orain. «Arestirentzako opari bat izan da», dio. Igartzen zaio nekea, baina baita poza ere. «Gure ingudea izan da Bilbo. Gure arragoa. Bilbok jarri gaitu hiri baten arriskuan, Bilbok jarri gaitu industriaren arroztasunaren arriskuan». Euskal subjektu berriaren bilaketa da bere lana, dioenez. «Bilbo da klabea. Bilbo da Gernikaren gunea, eta Bilbo da ETAren sorgunea. Bilbok baditu Txabi Etxebarrieta, Julen Madariaga, Mario Onaindia... Bilboren nire kontakizuna ere oso lotuta dago nire belaunaldiak bizitako dramarekin. Bizitza eta idazketa elkarrekin doaz, eta nik ere ahal moduan egin diot aurre errealitate horri».

Guggenheim museoa darabil ikerketako ardatz gisa. Dioenez, Euskal Herriaren eta AEBetako munduaren arteko zubi lanak egitea da bere zeregina, eta horregatik baliatu du museoa. Haren oihartzunagatik. «Guggenheimen atzean dagoen herria erakutsi nahi dut. Azaldu nahi dut museoaren fenomenoa ez litzatekeela inolaz ere posible izango Gernikarik gabe, euskal abertzaletasunik gabe, ETArik gabe, Bilboko industria gunearen suntsiketarik gabe edo Oteiza eta Txillidarik gabe... Kanpoan Frank Gehry arkitektoaren jeniotasun gisa baino ez dute azaldu Bilbon gertatua, baina ez dute ulertu haren atzean dagoen herria».

Bi munduren artean dabilela dio, eta erraz egiten du jauzi batetik bestera. Naturaltasunez. Euskal Herrian bizi duen ilusiotik, AEBetako politikan hartutako kolpera. Barack Obamaz ari da orain. «Behin baino ez dut bozkatu nik, eta Barack Obamari eman nion boto bakar hori». Galdu egin du optimismoa. «Banan-banan onartu eta sinatzen ditu orain piloturik gabeko hegazkinek egin behar dituzten hilketak. 3.000 pertsonatik gora daude Al Qaedako aktibisten haien zerrenda horretan, eta jakina guztiak ez direla Al Qaedakoak. Umeak ere hil dituzte. Bere politikaren alorrik ilun eta etsigarriena da, baina ezkerrak onartu egiten du, Bushek Iraken hil zituenekin alderatuta askoz ere kopuru txikiagoa delako. Gehiegizkoa da niretzat».

AEB-EN MAMUA

AEBek terrorismoaren aurkako guda deiturikoari buruzko liburu bat ere idatzia du Zulaikak: Terrorism: the self- fulfilling profecy. Urteak zeramatzan AEBetan bizitzen ordurako, baina orduan egin zen AEBetako herritar. «Sorgin ehiza bat egon zen 2001eko irailaren 11z geroztik, eta euskaldunok ere susmopean egon gara. Liburu hau idazten hastean, oso egoera ahulean sentitu nintzen». Zorrotza da, izan ere, AEBetako politikari egiten dion kritika. «Sekulako industria kontraterrorista sortu dute. Ehunka mila agente daude gai horretan, eta Pentagonoko egoitzak hirukoiztu egin dira azken urteetan. Eta, azken finean, zein da, bada, mehatxu hori? Afganistango kobetan mando baten gainean zebilen Bin Laden hura? Hori da munduko defentsa aurrekonturik handiena duen herrialdearen etsairik beldurgarriena? Fantasia bat da guztia, baina azkenean sinetsi egiten dute beren mamua erreala dela». Gordina da Zulaikaren ondorioa: «Terrorismo gehiago bultzatzea da egun kontraterrorismoaren funtzio nagusia. Konbentzituta nago».

Mamuen kontra mintzo da berriz, baina Euskal Herriaz ari da orain. «Mamu pean bizi ginen gu. Jaques Lacanek 'Beste handia' deitzen duen horren pean: Espainiako Estatua, ETA, Jaungoikoa, iragana... Baina beste handi horiek guk sortzen ditugu. Gure desioan. Tirania horietatik libratu garenean, ETA amaitu denean eta Espainia merkatuen txotxongilo bat dela ohartu garenean, eta egiteko asko dagoen arren, euskararena hil edo biziko arazo existentzial bat ez dela ikusi dugunean, sekulako askapena izan da».

Baina, eta orain zer? «Ez zaigu orain gure esentziak salbatuko dituen fetitxe bat egiterik tokatzen. Estatu bat lortzen saiatu behar dela? Ados. Baina ohartu behar gara behin-behineko gauzak direla horiek, nagusiki gauza administratibo bat dela. Debate askoren aurrean gaude».

Bihar: Maider Zilbeti.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.