Arestiren lekua topatuz

Gabriel Aresti kultura elkartea sortu berri da, eta 'Gabrielen lekua' sentikaria urrian estreinatuko dute

Xabier Monasterio, Rafa Rueda, Andoni Egaña eta Oier Guillan, atzo, Bilbon. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2013ko ekainaren 13a
00:00
Entzun
«XX. mendearen erdialdean aro berri bat abiarazi zuen euskal letren baratzean, olerkien gaietan eta hizkuntzaren moldeetan itzelezko aldakuntzak eta berrikuntzak eginez. Eta geroztiko idazleei jorratu beharreko alorrak zein ziren erakutsiz». Halaxe laburbildu du Arestiren ekarpen oparoa Xabier Monasterio Gabriel Aresti kultura elkarteko kideak. Izan ere, atzo aurkeztu zituzten Gabriel Aresti kultura elkartea eta Gabrielen lekua sentikaria, Bilboko Kafe Antzokian. Besteak beste, agerraldian izan ziren Meli Esteban Arestiren alarguna eta alabetako bat, Andere Aresti.

Idazlearen ondare literarioa zein giza balioak zentzu orokor eta zabalean ezagutaraztea. Helburu horixe du sortu berri duten elkarteak. «Haren euskalduntasuna, unibertsaltasuna eta justiziarenganako maitasuna ditugu oinarri», azaldu du Monasteriok. Idazlearen ekarpen guztiak bildu, egituratu eta eguneratuko dituzte hainbat lan esparrutan.

Bizirik egon balitz, Arestik 80 urte beteko lituzke urriaren 14an. Urteurrenhorren inguruan hainbat ekitaldi antolatuko dituzte, «datak behar besteko distira eta oihartzuna izan dezan». Hamabostaldi batean, era guztietako eskaintzak plazaratuko dituzte, idazle «klasiko» honen obra hobeto ezagutzeko. «Klasikoak txera eta maitasun handiz jagon eta babestu behar dira, urregorrizko bitxien antzera, gure bihotz buruetan distiratzen segi dezaten».

'Gabrielen lekua' ikuskaria

Ekitaldirik «bereziena eta sonatuena» Gabrielen lekua sentikaria izango da. Estreinaldiaren aurreko saioa urriaren 12an egingo dute, Donostiako Intxaurrondo Kultur Etxean, eta estreinaldia Bilboko Arriaga antzokian izango da, urriaren 29an. Andoni Egaña bertsolariak eta Oier Guillan idazle eta antzerkigileak egingo dute gidoia, musika Rafa Ruedak jarriko du, eta Alain Urrutia artista arduratuko da ikus-entzunezkoez. Ordu eta erdiz, antzerkia, bertsoa, musika eta irudiak uztartuz, Aresti iraganetik gerora eroaten saiatuko dira laurak, haien sormenak erantsita. Esparru eta belaunaldi ezberdinetako sortzaileak izan arren, laurentzat Aresti «erreferente» izan dela nabarmendu dute.

«Elkarrizketa artistiko bat» taularatuko dute. «Irudiak sentikariak behar dituen paisaiak sortuko ditu, emozioari begira betiere. Musikak kantagintzara gerturatuko gaitu. Hitza bertso eta olerki moduan egongo da presente, alegia, inprobisazioa, sorkuntza propioa eta Arestiren beraren testuak oholtzaratuz. Eta antzerkiak gorpuztuko ditu kezka guztiak, teatro fisikoaren ildotik, betiere, umorez, ironiaz eta autoironiaz esango nuke», azaldu du Guillanek.

Arestiren bizitzan «funtsezkoak» izan diren lekuak ezagutzeko parada ezin hobea izango da. Haren obran «sinbolismo berezia» izan duten lekuek osatuko dute sentikari honen hezurdura, Guillanen esanetan. Tartean, Bilbo, Ea, Arantzazu, Baiona eta atzerria. «Sarri aipatzen dugun bezala, oraina ere leku gisa ulertuta, orainean topatu nahi dugulako zein den egun Gabrielen lekua».

«Ez genuen nahi Gabriel Aresti geratzea batxilergo testuetan labur eta gainetik ikasten den idazle soil modura», esan du Egañak. Bereziena lan prozesua izan dela uste du, laurek batera idazlea «birdeskubritu eta interpretatu» baitute: «Elkarri Gabriel irakurri eta birdeskubritu ahala, gehien zer interesatzen zitzaigun eta egunekotasuna zertan topatzen genion elkarri komentatuz aritu gara». Alain Urrutiak Suitzatik bideo grabazio baten bidez hartu du hitza. Idazlearen senideei eskerrak eman dizkie, «euren etxea zabaltzearren». Esku artean erronka «polita» dutela esan du. Bere kasuan, erronka irudi estatikoetatik mugimendua duten irudietara igarotzea dela dio, «halako emanaldi batek mugimendua eskatzen duelako».

Zuzeneko musikaz gozatu ahalko da, eta, Rafa Ruedaren berbetan, «baliteke inprobisaziorako tarteak egotea». Dioenez, Arestiren poesia «gordinaren» alde samurrago bat azaleratzen saiatuko da. «Gordintasun eta gris industrial edo hiritasun horren atzean ere badago beste emozio ez hain latz bat, eta hori azaleratzen saiatzen ari naiz».

Ikuskariaz gain, ekitaldi ugari egingo dituzte: hitzaldi didaktikoak, irakurraldi komentatuak, kantu saioak, dokumentalak, irratsaio bereziak, txango literarioak, erakusketak eta abar. Halaber, iragarri dute laster Gabriel Arestiren lagunak izeneko saila abiaraziko dutela, herritar zein erakundeek elkarlanerako proposamenak egin ditzaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.