Gabriel Aresti

Arestiren ekarpena argitara

Gabriel Aresti katedra sortu du EHUk, Bizkaiko Foru Aldundiarekin elkarlanean. Idazlearen lana ezagutaraztea eta euskal kulturaren transmisioa bultzatzea izango du xede, besteak beste

Gabriel Aresti katedraren aurkezpen ekitaldia, atzo arratsaldean, Bilboko Bizkaia aretoan. EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA.
Olatz Enzunza Mallona.
2023ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Beste kontu askoren artean, euskal literaturaren berritzailea, euskara batuaren sustatzailea eta erreferentziazko poeta izan zen Gabriel Aresti Segurola. Haren eragina handia izan zen 1960ko hamarkadan eta 70eko hamarkadaren amaieran bereziki, baina, oraindik ere, indartsu mintzo da Arestiren ahotsa: idazlearen izena daraman katedra sortu berri du EHUk, Bizkaiko Foru Aldundiarekin elkarlanean. Atzo arratsaldean egin zuten aurkezpen ekitaldia, Bilboko Bizkaia aretoan, eta hainbat erakundetako ordezkariak bildu ziren.

Erronkari «gogoz» heldu diotela adierazi du katedraren zuzendari Patxi Juaristik: «Lan asko egin dugu katedra martxan jarri ahal izateko, eta apurka-apurka ari da forma hartzen». Juaristiz gainera, unibertsitateko hiru kolaboratzaile egonkorrek osatuko dute katedraren batzordea: Asier Blasek, Eli Larrinagak eta Bea Zabalondok. Hala ere, unean uneko beharrizanen arabera beste kolaboratzaile batzuk ere tartekatuko dira.

Bereziki, idazlearen irudia eta obra ezagutaraztea izango da katedraren xede nagusietako bat. «Arestiren figura euskal kulturaren oinarri garrantzitsuenetariko bat da. Bide urratzailea izan zen, baita euskal pentsamendu modernoaren erreferenteetako bat ere. Ikuspuntu literariotik ere bide aberatsa eta emankorra egin zuen», azpimarratu du Juaristik. Eta horixe islatu nahi dute katedraren bitartez: «Arestiren obra eta irudia oinarri hartuta, euskal kulturaren inguruko gogoeta eta transmisioa sustatu nahi ditugu unibertsitateko ikasleen artean». Hori lortzeko, askotariko ikerketak, sormen artistikoa bultzatzeko jarduerak eta dibulgaziorako egitasmoak antolatuko dituzte, besteak beste.

Bide horretan, belaunaldi berriek «euskal kulturaren eta literaturaren sustraiak» ezagutzea garrantzitsua dela uste du Leixuri Arrizabalaga Bizkaiko Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak: «Nabarmen lagunduko dio katedra honek euskal kulturaren etengabeko bizitasunari. Aurrerapausoa da gure euskal nortasun kulturala zaindu eta sustatzeko bidean». Izan ere, Juaristiren ustez, «txikia» da idazlearen ezagutza belaunaldi berrien artean: «Nire inpresioa da belaunaldi berriek ez dutela Aresti askorik ezagutzen. Hipotesi bat da, noski, eta ikertu beharko dugu».

Alabaina, bestelako helburu batzuk ere baditu sortu berri den katedrak, Eva Ferreira EHUko errektoreak kontatu duenez: «Aresti euskal pentsamendu modernoaren oinarri eta erreferente zalantzagabea izanik, garrantzitsua da haren figura eta lanak aztertzea eta hedatzea, baina katedra honekin, EHUk euskararekin eta euskal kulturarekin duen konpromisoa ere berretsi nahi du». Haren hitzetan, «erdigunean» daude euskara eta euskal kultura unibertsitatearen jardunean, eta uste du horretan jarraitzeko «oinarrizko eragileetako bat» izango dela Gabriel Aresti katedra.

Juaristik gaineratu du Arestik gaur egun duen eragina ere aztertu nahi dutela katedraren bitartez: «Ez dugu nahi soilik iraganeko Arestiren inguruko gogoeta egin. Katedraren nahia da Arestiren mezuek, lanek, pentsamenduek gaur egun duten balioa, eragina eta oihartzuna aztertu eta horri guztiari buruz gogoeta egitea».

Zuzendariaren hitzetan, euskal kulturaren arloan lanean dabiltzan erakunde eta pertsonen «elkargune» ere izango da katedra: «Euskal pentsamenduarekin, artearekin, literaturarekin, euskararekin, eta, oro har, euskal kulturarekin lanean ari direnen topagune izan nahi dugu». Zehazki, unibertsitatea izango da lan esparru nagusietako bat, eta ikerkuntza, sorkuntza artistikoa eta dibulgazioa sustatuko ditu, besteak beste.

Funts bibliografikoak, prest

Berez, joan den maiatzaren 15ean argitaratu zuen Bizkaiko Foru Aldundiak Gabriel Aresti katedra babestea onartzen duen dekretua. Handik hilabetera onartu zuen EHUko Gobernu Kontseiluak, eta atzo arratsaldean aurkeztu zuten jendaurrean.

Sorreratik hona denbora gutxi igaro bada ere, hasi dira aurreneko urratsak egiten: EHUko Bizkaiko Campuseko liburutegian funts bibliografiko bat sortu dute. «Arestiren lanak eta Arestiri buruzko liburuak eta dokumentuak bildu ditugu», zehaztu du Juaristik.

Ekitaldi osoan egon da presente Arestiren figura, eta, amaiera aldera, haren olerki batzuk ere irakurri dituzte ahots goran zenbait erakundetako ordezkariek. Maldizio betikoa, Apur dezagun katea, Bilbaoko kaleak, Euskal Harria, Zorrotzako portuan aldarrika eta Untergang, hain zuzen ere. Pello Ramirez musikaria saio osoa girotzen aritu da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.