Arestik utzitako hizkuntza

Gabriel Arestiren eskuzabaltasuna eta argitasuna nabarmendu dute Amaia Lasa poetak eta Itziar Laka hizkuntzalariak Bilbon idazleari eskainiko dioten hitzaldi zikloaren lehen saioan.

Amaia Lasa eta Itziar Laka, asteartean Bilbon egindako hitzaldiaren momentu batean. IÑIGO ASTIZ.
Inigo Astiz
Bilbo
2013ko azaroaren 21a
00:00
Entzun
Tresna Gabriel Arestiri hartu ziola dio Amaia Lasa poetak. Hark utzi ziola mailua. «Idazle ofizioaren hastapenetan nenbilela berak eskaini zidan hizkuntza berri baten giltza». Harridura du gogoan: «Haren poemekin topo egin nuenean, harritu egin ninduen zeinen erraz eta zeinen sinple idazten zuen». Eta bidea zabaldu izana eskertu nahi izan zion Lasak asteartean Bilbon. Bilbo Zaharra Euskaltegiak Harri eta Herri liburuaren argitalpenaren 50. urteurrenaren harira antolaturiko hitzaldi zikloko lehen saioan izan zen Lasa hizketan, Itziar Laka hizkuntzalariarekin batera. Arestiren argitasuna azpimarratu zuen hark. Euskara batuaren alde egindako lana, nagusiki. «Bere garaiko jendeak ikusten ez zituen gauzak ikusteko gaitasuna izan zuen».

Arestiren eskuzabaltasuna nabarmendu zuen Lasak. Idazten hasi berria zela, bere testuetan indarra sumatzen zuela esan, eta idazten segitzera animatu zuela ere gogoratu zuen. Ohikoa omen zuen hori Arestik. «Kultur dinamizatzailea zen». Eta haren poemak eta idatziak baliatu zituen Lasak bilbotarraren erretratua egiteko, Etengabe marearen aurka irudikatu zuen. «Euskalduna historikoki kultur eta botere zentroetatik baztertuta egon da beti. Kultura zeritzon zentrora heltzeak deseuskalduntzea zekarren. Hiritartzeak erdalduntzea zekarren. Euskara nekazari eta arrantzaleen hizkuntza zen. Askotan esaten genuen bezala, sukaldeko hizkuntza. Euskara zirkulu itxi horretatik atera behar zen». Eta hor Arestiren saiakuntza.

Ez zuen erraza izan. «Euskaldun fededun atsotitzak ongi erantzuten dio orduko gizarteari. Eliza katolikoak indar handia zuen. Euskal gizartea oso itxita zegoen, eta ez zegoen prest beste lurraldeetako berrikuntzak onartzeko». Batuari gerra fuertea egin zioten zenbaitek, eta kanpoko kultur mugimenduen aurka egin zuten askok. Eta biei eutsi nahi Arestik. Munduan nahi zuen euskara, eta mundua ere bai euskaran. «Kultura ofizialeko gizonek ziotena alde batera utzirik, ideia berritzaileen bila jarri zen».

Euskaldunberri heroikoa

Eta, berriz, marearen aurka. 60eko hamarkadan bigarren industrializazio bat egon zela gogoratu, eta Arestik hartutako posizioa izan zuen gogoan Lasak. «Abertzaletasunaren eta sozialismoaren arteko borroka bat izan zen. Edo abertzalea zinen edo sozialista. Bazirudien ezkertiar espainolak ez zirela nazionalistak, eta euskal abertzale izatea burgesa zela. Zorionez, orain hori gainditu dugu, baina Arestik ez zuen hori ikusi».

Elebitasunak garunean duen eraginaz aritu zen nagusiki Itziar Laka. Baina Aresti izan zuen abiapuntu. «Aresti ez da soilik euskaldunberri heroiko bat, baizik eta baita euskara batuaren bultzatzaile nagusietariko bat ere». Eta hor lorpen nagusia: «Euskararen gaur egungo egoera ez da ulertzen Arestirik gabe».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.