Artean, Lur argitaletxean zebilen Gabriel Aresti, eta aurrez aurre ezagutu zuenerako liburu batzuk irakurriak zizkion Anjel Lertxundi idazle oraindik hasi berriak. Arestik besarkada bat eman ziola gogoratzen du, eta hitzez hitz errepikatu dezake lehen une hartan egin zion agurra: «Ongi etorri euskal letretara». Lertxundiren arabera, ordea, lehen harrera esaldiaren ondoren, agian ez hitzez hitz, baina halako zerbait gehitu zion Arestik berehala: «Eta ez dakiala ezer gerta!».
Duela hirurogei urte eman zuten argitara Arestiren Harri eta herri liburua, eta urteurren hori hartu du aitzakiatzat EHUko Gabriel Aresti katedrak Gabriel Aresti: ‘Harri eta herri’, 60 urte izeneko Udako Ikastaroa antolatzeko, Bilboko Bizkaia aretoan. Eta Anjel Lertxundi eta Joseba Sarrionandia idazleen arteko solasaldia izan da programako ekitaldietako bat. Alex Gurrutxaga EHUko irakasle eta doktoreak gidatu du saioa, eta bertan berritu du Lertxundik Arestik emandako abisua.
Gabriel Aresti «idazle totala» izan zela baieztatu du Lertxundik. Hainbat genero landu zituelako, batetik, baina, batez ere, «kultur pertsona» izaten ere jakin zuelako, eta kultura eta euskara jarri zituelako bere bizitzaren ardatzean. Eta haren eskutitzak aipatu ditu Lertxundik horren adibidetzat. Haren hitzetan, lagunarteko testu horietan ere, nekez agertzen delako literaturarekin loturarik ez duen ezer. «Hori da gehien liluratu nauena».
Harria versus olerkaria
Sarrionandiak 15 urte zituenean irakurri zuen lehenengoz Aresti, euskaraz irakurtzeko gau eskoletan alfabetatzen hasi zenean. «Eman ziguten lehenengo testua Olerkaria deitzen den ipuin bat izan zen. Olerkari horri buelta asko eman genion. Sekula euskaraz irakurri gabeak ginen, askotan irakurri behar izan genuen, eta ia buruz ikasi nuen». Eta testu hura lantzen hasi eta bi hilabetera eman zieten idazlearen heriotzaren berri, gau eskolan bertan.
«Joera dugu bilatzeko koherentzia eta teleologia bat bai autoreetan eta baita historian ere, eta, aldiz, nire ustez dena da kontradiktorioa. Aresti, bere buruarekin ez zenean, bere gizartearekin zen kontradiktorioa» JOSEBA SARRIONANDIAIdazlea
«Arrazoi du Andu-k [Anjel Lertxundik] idazle totalaren horrekin», onartu du Sarrionandiak, «eta totala delako, hain zuzen, izan zituen kontraesan asko». Olerkaria ipuina aipatu du Sarrionandiak kontraesan horien frogatzat. «Ipuin horren mezua guztiz kontra dago Harriaren zikloko liburuen mezuarekin, edo behintzat kuestionatzen du bertan azaltzen den poesiari buruzko iritzia. Ipuin horretan mezu nagusia delako lengoaia airea dela, eta desegiten dela, eta poeta gelditzen dela azken hitzarekin».
Argitaratu dituen milaka orrien artean, baliogabe diren hitzak ezabatzearekin obsesionatuta dagoen olerkari bat da Arestiren ipuineko protagonista. Gazte denboran idatzitako milaka eta milaka hitz aztertzen ditu lehenik, eta orriak kenduz eta kenduz joango da, azkenean, hitz bakar batekin geratuko den arte. Eta hori ere, azken unean jakingo denez, alferrik. Eta Harri eta Herri, Harrizko herri hau zein Euskal Harria liburuetan proposatzen duen poetikaren kontra doa ideia hori, Sarrionandiaren ustez. «Joera dugu bilatzeko koherentzia eta teleologia bat bai autoreetan eta baita historian ere, eta, aldiz, nire ustez dena da kontradiktorioa. Aresti, bere buruarekin ez zenean, bere gizartearekin zen kontradiktorioa».
Arestiren itzal luzea
Arestik beste idazleengan izandako eragina ere aipatu du Lertxundik, eta, kasu horretan, Juan Mari Lekuona jarri du adibidetzat. Horretarako, Lourdes Iriondok eta Xabier Letek ezagun bihurtutako Errota zahar maitea poema hartu du gogoan lehenik. «Errota zahar maitea/ uraren ertzean./ Uraren ertzean ta/ basati beltzean:/ Negar egiten duzu/ alea txetzean./ Ni ere triste nabil/ zutaz oroitzean». Poema «oso klasikoa», Lertxundiren hitzetan, elementu herrikoiak eta naturari egindako erreferentziak erabiliz osatutakoa. Eta Aresti ezagutu ostean Lekuonak idatzitako Porlandi poema hartu du gogoan ondoren. «Errai gabeko lur gogor, antzu,/ zementukiko zolera./ Harkaitza bezain tinko gerora;/ aurretik, biguin/ buztinaren arabera.../ Porlandi sorra:/ pozik dagiot nire aitorra,/ ogi-bidean pobreentzako/ bera baidugu lur emankorra».
«Aresti ez da 'lizardianoa', 'Maldan behera' poeman kenduta. Baina Lizardi denean dago, Aresti ere denbora askoan egon den bezala hainbat eta hainbat autoretan. Lekuona aipatu dut, baina badira askoz gehiago»ANJEL LERTXUNDIIdazlea
Lertxundi: «Aresti ez da lizardianoa, Maldan behera poeman kenduta. Baina Lizardi denean dago, Aresti ere denbora askoan egon den bezala hainbat eta hainbat autoretan. Lekuona aipatu dut, baina badira askoz gehiago».
Testuaren ertzetatik harago zabaldu du fokua Sarrionandiak. «Euskal literaturaren historietan batzuetan deskontestualizatzen dugu, eta euskaldunen arteko genealogia bat egiten dugu, baina ez gara herri independente bat, oso dependenteak gara, eta gure irakurketak oso espainolak dira, eta gu unibertsalak gara espainolez, ze kulturalki Espainiaren erregio bat gara. Lehen modu dramatiko batean, Arestiren denboran, eta, nire ustez, orain ere bai».
Eta Arestiren beste abisu bat ere aipatu du Sarrionandiak; desagertzen ari den mundu baten abisua ere ikusten duelako Arestiren testuetan. «Baserri mundua egitura sozioekonomiko moduan desagertu da, arrantza ere bai. Lehen sektorea desagertu da, eta euskal mundua hor zegoen. Hori intuitu zuen Arestik, euskal kulturaren gune monolingue hori desagertu egingo zela, eta beste zerbaitetan topatu behar genuela bizilekua». Hiria eta modernotasuna dira Arestiren proposamena, Sarrionandiaren ustez, eta Arestik modernotasun hori sozialismoarekin lotuta ikusten zuela ere gehitu du. «Aurreratu zen euskararen urbanizazioaren fenomenoari. Eta hori ikusten da Harri eta Herri-n».